%17ko muga-zerga ezarriko zaio Txinako BYD auto fabrikatzaileari | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Europak Txinako auto elektrikoei ezarritako muga-zergak mantenduko ditu

Bost urtez eutsiko dio neurriari Europako Batzordeak. Alemania muga-zergen aurka azaldu da, Frantzia, berriz, alde

Txinatik inportatutako ibilgailu elektrikoei muga-zergak aplikatzen jarraituko du Europak. Uztailetik Txinako auto fabrikatzaileak kostu gehigarria ordaintzen ari dira ibilgailu elektrikoak Europako Batasunean saltzeagatik. Orain arte behin behineko neurria izan bada ere, behin betikoa izango da hemendik aurrera.

Inportazio hauei hurrengo bost urteetan gehienez %35,3ko tasa gehigarria aplikatzen jarraitu nahi duten bozkatu dute EBko estatuek. Ehuneko honi, dagoeneko aplikatzen den %10 gehitu beharko litzaioke. EBko herrialdeek ez dute gehiengoa lortu neurria bertan behera uzteko, eta, beraz, muga-zerga gehigarriak aplikatzen jarraituko dute bost urtez.

Iritzi kontrajarriak daude EBko herrialdeen artean. Izan ere, 10 estatuk alde bozkatu dute, 5ek aurka eta 12 abstenitu egin dira. Alemaniak neurriaren aurka bozkatu du, EB eta Txinaren arteko gerra komertzialaren beldur delako, Frantziak alde bozkatu du, eta Espainiak, aldiz, abstentzioaren alde egin du.

Ibilgailu elektrikoko bateriak ekoizten dituzten hiru enpresa nagusien kasuan, Europako Batzordeak %35,3ko tarifak proposatu ditu SAICentzat, %18,8koa Geelyrentzat eta %17koa BYDrentzat, uztailean planteatzen zituen %37,6, %19,9 eta %17,4ko tarifen aldean, hurrenez hurren.

Muga-zergak kenduko ez badira ere, Europako Batzordeak Txinarekin negoziatzen jarraitu nahi du. Xi Jinping buru duen herrialdeak, muga-zerga horiei erantzunez, ikerketa bat abiatu zuen Europar Batasunetik inportatutako txerri haragia eta esnekia aztertzeko. Bi aldeen arteko negoziazioak luze joko duela dirudi.