Letta, Dlabajová, Mallia eta Rutten, atzoko panelean, BECen | Argazkia: EnpresaBIDEA

Sakonean

Europako merkatu bakarrak 30 urte: nola egokitu garai berrietara

1993ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean Europan merkatu bakarra. Pertsonen edo kapitalaren mugimendu librea ahalbidetzen du hein handi batean, baina haren guztizko inplementazioa da oraindik ere erronka nagusia

Hiru hamarkada dira Europako merkatu bakarra sortu zenetik. Urteurren borobila, etorkizunaz hausnartzeko atea zabaltzen duen horietakoa. Lan hori, oraingoan, Enrico Letta Italiako Lehen Ministro izandakoaren esku dago, merkatu bakarraren etorkizunari loturiko sakoneko ikerketa lana eskatu baitio Europako Batzordeak martxorako. Erronkari aurre egiteko, "Bruselako burbuiletik" atera eta landa lanean murgiltzeko beharra ikusi du italiarrak. Hala iritsi da BECera, SME Assembly jardunaldira.

"Merkatu bakarra ezarri zeneko testuingurua kontuan hartuz, Europak oso bestelako egoera bizi du egun. Orduan erronka zen nola kudeatu gure —herrialdeen— arteko lehia. Orain erronka da nola lehiatu elkarrekin mundu mailako ekonomian", plazaratu du. Ez da, baina, gako bakarra haren ustez. "Askatasun osoa duen merkatu bateratua bilatu behar dugu". Izan ere, duela 30 urteko Europan beste herrialdekiko dependentzia egintzat jotzen zen energiari edo lehengaiei dagokienez; egun, ordea, "independente nola izan gaitezen ikastea" ezinbestekoa da. Eta hori guztia, trantsizio digitala eta berdea bultzatu behar diren testuinguru baten, betiere enpresa txiki eta ertainen (ETEen) lehiakortasuna atzean utzi gabe.

Itunez itun, merkatu bakarrera

Merkatu bakarraren lehen haziak XX. hamarkada erdialdean hasi ziren ereiten. 1957ko Erromako Itunak ahalbidetu zuen Europako Ekonomia Erkidegoa (EEE) sortzea. Hala jaio zen merkatu komuna, merkatu bakarrarentzat ezinbesteko pausoa. Itun horretan dagoeneko jasotzen zen merkantzien, langileen, kapitalen eta zerbitzuen zirkulaziorako askatasuna bultzatzeko asmoa, eperik zehaztu gabe. 1968rako EEEko kideen artean desagertuak ziren aduana eskubideak, baina herrialdeen arteko desberditasun legalak ziren oraindik ere

1986an sinaturiko Europako Agiri Bakunak zehaztasunak ekarri zituen. Izan ere, data bat finkatu zuen merkatu bakarra errealitate bihurtzeko: beranduenez, 1993ko urtarrilaren 1a. Esan eta egin.1992eko Maastricheko Itunean onartu zen Europar Batasunaren sorrera, Ekonomia eta Diru Batasuna barne, 1993an jaioko zena. Halaber, itun horretan jasotzen ziren moneta politika bateratua —Europako Banku Zentralaren agintaritzapean— eta euroa sortzeko pausoak ere.

Informazio gehiago Europako Banku Zentrala, 25 urteko ibilbidea

Geroztik bilakaera izan du merkatu bakarrak. Egun 23 milioi enpresa ditu, eta barne-merkatuko merkataritzak 56 milioi lanpostu ematen ditu. Era berean, Europar Batasuneko 17 milioi herritar euren herrialdea ez den EBko herrialde baten bizi dira edo bertan egiten dute lan. Bestela esanda, Europar Batasunaren integraziorako tresna garrantzitsua bihurtu da, eta horrek ahalbidetzen du pertsonek herrialdeen artean askatasunez mugitu ahal izatea, izan bizitzeko, lan egiteko edo aisialdirako.

Maitasun historia

Merkatu bakarraren bultzadan aipatzekoa da Jaques Delorsen rola. Delors Europako Batzordeko lehendakaria izan zen 1985 eta 1995 urte bitartean, eta Europar Batasun modernoaren arkitekto eta merkatu librearen sortzaile nagusienetakotzat jotzen da. Haren esaldi ezagunetako bat da "nobody falls in love with a Commom Market" —inor ez da maitemintzen merkatu bateratuarekin—, 1988an erabilitakoa.

Geroztik askorako eman du esaldiak, tartean Lettak parte hartu duen panelari izenburua ipintzeko. Stefano Mallia Europako Ekonomia eta Gizarte Bartzordeko Enplegatzaile taldeko presidenteak, aldiz, buelta eman dio: "nola ezingo duzu bada maitemindu merkatu komunarekin. Edozein tokitan lan egiteko, mugitzeko, erosketak egiteko... aukera ematen dizu. Europar Batasunaren arima da, eta Europar Batasuneko kide izateak dituen onurak modu zehatzenean ekartzen dizkizu".

Enrico Letta: "Merkatu bakarra ezarri zeneko testuingurua kontuan hartuz, Europak oso bestelako egoera bizi du egun. Orduan erronka zen nola kudeatu gure —herrialdeen— arteko lehia. Orain erronka da nola lehiatu elkarrekin mundu mailako ekonomian"

2020an, esaterako, onura horiez probestu ahal izan zuen BergHOFF enpresa belgikarrak. "Orduan bitartekarientzat egiten genuen lan, eta oso azkar aldatu behar izan genuen merkatura egokitzeko", gogoratu du Hilde Rutten zuzendari nagusiak. Funts batek ahalbidetu zien euren "burua antolatzea" eta "tresna gehiago garatzea". Orain aurrean dute "hazten ari den merkatua", eta Europan zuzenean kontsumitzailei saltzeko aukera. "One Stop Shot VAT erregulazioari esker izan da hein handi baten, balio gehigarriko zergak deklaratzea ahalbidetzen baitigu", azaldu du. Neurria 2021eko urriaren 1ean sartu zen indarrean.

Dena den, Malillak uste du "egintzat jotzen" dugula "edozein tokitan eros dezakegula; ezin dugu egintzat jo". Brexitak, Ukrainako gerrak eta abarrek ahultasuna agerian utzi dute.

Benetako merkatu bakarra?

Are gehiago, hiru hamarkada igaro badira ere, merkatu bakarrak jaso duen kritika nagusienetako bat izan da bertan adostutako guztia ez dela benetan martxan jarri. "Inkesta ugari egiten ditugu, eta guztietan azaltzen den arazo nagusietakoak dira osatu gabeko merkatu bakarraren oztopoak", mahaigaineratu du Martina Dlabajová eurodiputatu txekiarrak. Horren atzean daude prozedura administratibo konplexuak —esaterako inportazio eta esportazioetarako— eta mugaz gaindiko merkataritzan arintzeko erregulazioa, zerbitzu nazionalen arteko aldeak, lege desberdintasunak kontratuei eta kontsumitzaileei dagokienez eta langileen mugikortasunari loturiko mugak. 

Bada beste alderdi bat: zerbitzuen benetako mugikortasuna. 1957ko Erromako Itunean bildu bazen ere, Maastrichekoan alde batera utzi zen inplementazioak zituen zailtasunengatik. Zerbitzuak indartu beharko lirateke horretarako txekiarraren ustez. Era berean, tokian tokiko enpresak lehenesteak sortzen dituen zailtasunak ere azpimarratu ditu. "Zentzu horretan, aurrerapauso bat da zerga sistema bateratua izateko nahia".

Stefano Mallia: "nola ezingo duzu bada maitemindu merkatu komunarekin. Edozein tokitan lan egiteko, mugitzeko, erosketak egiteko... aukera ematen dizu. Europar Batasunaren arima da"

Aitzitik, amaitu gabeko inplementazioak bereziki kaltetzen ditu enpresa txiki eta ertainak. "Ez da erraza ETEentzat merkatu bateratuarekin maitemintzea", gogorarazi du Lettak. Malillak esan duenez, 2017tik 2022ra 850 betebehar berri dituzte ETEek merkatu bakarrari dagokionez, eta zenbakiek diote egun ETEek dituzten oztopoak indarrean izan direla azken 20 urteetan. Ondorioz, oraindik ere enpresa txikiek "gutxiegi esplotatzen dute" merkatu bakarra, Europan dauden enpresen %23k soilik egin baititu negozioak beren herrialdetik kanpoko norbaitekin.

"Horrek beste zenbait herrialdekiko lehiakortasuna galtzera garamatza", esan du Enplegatzaile taldeko presidenteak, tartean AEB, Txina, Japonia edo Hego Korea. 2008an, esaterako, AEBekiko parekatuta zegoen Europar Batasuna. 2022an, berriz, AEBko ekonomia %50 handiagoa dela ohartarazi du Malliak. "Lehiakortasun globala bilatzea ahalbidetzen digun barne tresna izan behar du", gehitu du, besteak beste enpresentzat lagunkoiak izango diren zerga eta erregulazioen, erabaki ausarten eta merkatu irekiaren bitartez.

Martina Dlabajová: "Inkesta ugari egiten ditugu, eta guztietan azaltzen den arazoetako nagusia dira osatu gabeko merkatu bakarraren oztopoak"

"ETEentzat fair playeko zelaia izango dena ezarri behar dugu Europako estrategiarekin bateragarria izango dena. ETEen lehiakortasuna Europaren lehiakortasuna da", adierazi du eurodiputatuak.

Kohesio politikari bultzada

Horren aurrean, diskurtso aldaketa ezinbestekotzat jo du eurodiputatuak. "Mehatxu bezala ikusi ordez, aukera gisa ikusi behar dute ETEek merkatu bakarra", plazaratu du Dlabajovák. "Komunikazioa aldatu behar da, ikuspegi baikorra landu".

Merkatu bakarraren bultzada berriak hainbat ildo izan behar ditu aintzat, egun existitzen den legeriaren guztizko inplementaziotik hasita. Dlabajovárentzat, era berean, zerbitzu digitalen eta kapital merkatuaren merkatu bakarra ere behar du izan.

Enrico Letta: "Ez dugu Europar Batasun asimetrikorik nahi. Mugitzea amesten duten horientzako merkatu bakarra izan behar du, baina baita dauden tokian geratu nahi dutenentzako merkatu bakarra ere"

Aitzitik, Lettaren ustez arestian aipatutakoa bateragarria da herrialde bakoitzak bere independentzia mantentzearekin ere. "Ez dira kontraesankorrak. Baina ezin dugu ahaztu mundua aurrera egiten ari dela, eta elkartze hori gako izango dela lanak, aukerak eta aberastasuna sortzeko".

Hausnarketa bultzatze aldera, bi adibide jarri ditu: batetik, berriki Hego Afrikara eginiko bidai baten Txinako bankuen iragarkiak ikusi dituela nonahi; bestea, telekomunikazioen sektorearekin gertatzen ari dena, non AEBk 100 milioi euroko atxikimendua duen, Txinak 400 milioikoa eta Europak 5 milioikoa. Testuinguru horretan, kohesio politika "indartsua" izateak berebiziko garrantzia du.

Martina Dlabajová: "Mehatxu bezala ikusi ordez, aukera gisa ikusi behar dute ETEek merkatu bakarra. Komunikazioa aldatu behar da, ikuspegi baikorra landu"

Beste puntu bat gaineratu du italiarrak: "Ez dugu Europar Batasun asimetrikorik nahi. Mugitzea amesten duten horientzako merkatu bakarra izan behar du, baina baita dauden tokian geratu nahi dutenentzako merkatu bakarra ere. Izan ere, norbere tokian geratzea ere ez da txarra, ez da gutxiago ere. Geratu nahi dutenentzat ere ametsa izan behar du".

Hasieran aipatu bezala, azken gakoa da trantsizioen inplementazioa, eta jasangarritasuna aukera gisa ikustea. Ruttenek uste du enpresa handiekin egindako lanak aukerak zabaltzen dizkiela txikienei ere. Hala ere, Malliak gaineratu du Green Deal delakoan ezarritako helburuen eguneraketa beharrezkoa dela.