Europaz, energiaz, zergez eta industriaz
Iberdrolaren mozkin historikoa ezagutu dugun aste berean energiaren fiskalitatea albiste iturri izan da, trantsizio ekologikoaren inguruko eztabaida gori-gorian dagoen bitartean
Informazio ekonomiko oparoa utzi digu aste honek. Aurreko asteko Europako Banku Zentrala dela edo bi aste barru AEBko hauteskundeak direla, merkatuen urduritasun zantzuak igartzen hasi dira. Burtsek moneta politika lausotzea begi onez ikusi bazuten ere, ez dute argi nork lortuko duen Etxe Zurirako sarbidea eta urreak, babes aktibo nagusienak, goranzko bideari ekin dio aste honetan ere.
Izango dugu Trump eta Harrisen arteko hautuaz luze eta zabal idazteko aukera hurrengo asteotan, baina Europak hartu du aste honetan arreta nagusia. Azken urteotan mantsotzen ari da kontinente zaharraren ekonomia, AEB eta Txinaren arteko lehian indarra galduz. Xi Jinping Txinako presidentea Errusian izan da aste honetan, BRIC herrialdeen gailurrean. Txina, Errusia, Indiak eta Brasilek sortutako taldeari kide berriak batu zaizkio aurten, Egipto, Iran, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak, besteak beste, eta munduko BPGren % 37 baino gehiago sortzen duen blokea eratu dute.
Berriki ezagutu ditugun Mario Draghi eta Enrico Lettaren txostenek burujabetza ekonomikorako bide orria proposatu nahi izan dute
Egoerak aspaldi piztu zuen Europako agintarien kezka eta berriki ezagutu ditugun Mario Draghi eta Enrico Lettaren txostenek burujabetza ekonomikorako bide orria proposatu nahi izan dute. Ondorioa oso argia da, erronkak batasun handiagoa eskatzen du. Errealitatea, baina, bestelakoa da. Eskuin muturrera jotzen ari da Europa eta estatuek nekez onartuko dute Europa mailako erakundeak sortze aldera subiranotasunaren galera suposa dezakeen neurririk. Unicredit banku italiarrak Alemaniako Commerzbanken kapitalean sartzeko saiakerak Berlingo gobernuaren kontrakoa jaso du, EBZk mugaz gaindiko bateratze eragiketak eskatzen dituen bitartean.
Alemanian kezka nagusi
Nazioarteko blokeen ekonomiak lehiatzeko enpresa eta egitura sendoak behar ditu Europak eta estatuen arteko mesfidantzek traba baino ez dute egiten. Europa barruko oreka ere, zalantzan egon liteke. Alemania, orain arteko motor ekonomikoa izandakoa, herrenka dabil. Erreguka ikusi dugu aste honetan Olaf Scholtz enpresarien aurrean. Ekonomia geldi dagoela onartu, eta langile gehiago kontratatzeko eta soldatak hobeak ordaintzeko eskatu die enpresa nagusiei.
Baditu kezkatzeko motiboak Scholtzek. Baliteke hango ekonomia atzeraldian sartzea 2024an, BPGk %0,2 atzera eginda, Alemaniako gobernuen aurreikuspenen arabera. Baikorrago agertu da, aldiz, Nazioarteko Diru Funtsa. Aste honetan aurkeztu du hiru hileko txostena, Alemaniak 2024ean hazkunderik ez duela izango iragarriz. Europa %0,8 haztea aurreikusten du, AEBren %2,8ko hazkundetik oso urrun.
Nazioarteko blokeen ekonomiak lehiatzeko enpresa eta egitura sendoak behar ditu Europak eta estatuen arteko mesfidantzek traba baino ez dute egiten. Europa barruko oreka ere, zalantzan egon liteke
Badute, hortaz, Alemaniak eta Europak kezkatzeko arrazoia. Espainiar estatua da NDFren txostenean distiratsuen agertzen den ekonomia, %2,9ko hazkundearekin, AEBren aurretik. Distirak, baina, zerbitzuen alorraren eta turismoaren bultzada ezkutatzen du, lan baldintza eskasagoak sortzen dituena eta apurka-apurka lausotzen ari den hauspoa.
Nortasun industrial handiko herrialdea da Alemania, autogintzan batez ere. Motorra hondatu zaiola ematen du, ordea. Txinan ekoiztutako ibilgailuen lehia gogorki ari da pairatzen Berlin, eta gainbehera hori Europan barrena hedatzeko arrisku handia dago. Hala balitz, krisiak Euskal Herria zipriztinduko luke, gure esportazioen jomuga nagusietako bat delako Alemania.
Ibilgailu elektrikoa eta energia nuklearra
Ibilgailu elektrikoaren erronkarekin lotzen dute hainbatek. Deskarbonizaziorako bidean elektrifikazioa gako dela argi badago ere, bide horrek albo kalte asko ditu. Alde batetik, autogintzak euskal industrian pisu oso garrantzitsua duelako, bai ibilgailuen ekoizpenean, bai osagaien industrian ere. Auto elektrikoek, baina, errekuntzako ibilgailuek baino osagai gutxiago eskatzen dituzte eta, gainera, bateria elektrikoak ekoizteko behar diren lehengairik ez dugu Europan. Horretan ere Txinak aurrea hartu dio kontinente zaharrari. Hala, Txinak litiozko baterien %77 ekoizten du, eta horretarako ezinbestekoak diren lur arraroen %90 kontrolatzen du mundu osoan.
Erronka handia du Europak trantsizio energetikoaren aferan. Alde batetik, CO2 isurketak ahalik eta arinen murriztu nahi ditu baina, bestetik, energia jasangarria sortzeko gaitasunik ez du gaur-gaurkoz. Diskurtsoa aldatzen hasi da Brusela, eta horren lekuko da Ursula von der Leyenen jarrera, energia nuklearrari atea irekiz. Frantziak mahai gainean jarritako aldarrikapen historikoa da nuklearra berdetzat hartzearena, eta ematen du Europa gai horretan ere ziaboga egiten ari dela.
Txinak litiozko baterien %77 ekoizten du, eta horretarako ezinbestekoak diren lur arraroen %90 kontrolatzen du mundu osoan
Aldaketa horren beste adibide argi bat aste honetan bertan izan dugu, Teresa Riberaren eskutik. Nuklearren kontra sutsu agertu bazen ere Ribera Espainiako gobernuko presidenteorde zen bitartean, Bruselako giroak bere jarrera hoztu omen du. Hala, Europako Batzordeko presidenteordea izateko bide-orriak behartuta, bere jarrera leundu du. Legebiltzarraren onespena behar du Riberak kargu berria eskuratzeko eta, ziaboga egin du, energia nuklearraren aurreko gaitzespena utzi eta jarrera malguago bati atea irekiz, modu horretan Frantzia buru duten estatuak pozik utzi nahian.
Ribera ez da aste honetan energia nuklearrari babesa agertu dion bakarra. Ignacio Sáncez Galan Iberdrolako presidenteak zentral nuklearren bizitza luzatzea proposatu zuen asteazkenean. Adimen artifiziala erabili zuen aitzakia gisa. Datuak prozesatzeko zentroen energiaren kontsumo handia hornitzeko ezinbestekotzat jotzen ditu Sanchez Galanek zentral nuklearrak eta AEBen zentralen bizitza luzatzen ari direla nabarmendu zuen, Europarako antzeko neurriak aldarrikatuz.
Askotan saldu digute trantsizio-energetikoa eta digitala batera joan behar direla, baina argi dago ez direla bateragarriak
Askotan saldu digute trantsizio-energetikoa eta digitala batera joan behar direla, baina argi dago ez direla bateragarriak. Data Centerren kontsumoa handitzen ari den heinean, energia iturri berriak bilatu behar dira. Ez dago argi iturri berriztagarrien bitartez kontsumoa bermatu daitekeen. Gure gizarteak aurre egin beharreko dilema dugu, hortaz, ate joka.
Enpresa energetikoei zerga
Iberdrolaren emaitzak aurkezteko ekitaldian egin zituen adierazpenak Sanchez Galanek. 5.741 milioi euro irabazi ditu konpainia bizkaitarrak iraila bitartean, aurreko urtean baino %50 gehiago. Azken urtean burututako inbertsioek eta, batez ere, Mexikon egindako ziklo konbinatuen salmentak hauspotu dute Iberdrolaren emaitza.
Bizkaiko konpainiaren emaitzen aurkezpenak bat egin du espainiar estatuan gori-gorian dabilen eztabaidarekin, banku eta enpresa energetikoen gaineko zerga bereziarekin, eta Iberdrolako burua kritiko agertu zen tributuarekin.
Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkaria izan da, hain zuen, aste honetako beste protagonista, hainbat hedabidetan publikatutako iritzi artikuluarekin. Gogor aritu zen Imaz Espainiako gobernuaren kontra enpresa energetikoen zergaren harira. Are gogorrago, gainera, Sumar alderdiaren kontra.
Ez da ohikoa Sanchez Galan eta Imaz antzeko mezuekin ikustea, bi konpainien arteko harremana ez delako bereziki ona, batez ere Iberdrolak Repsol auzitegietara eraman eta gero, geenwashing egitea leporatuta. Badirudi, halere, badela merkatuan lehian ari diren bi aurkariak batu ditzakeen zerbait: enpresen emaitza kontua kaltetu dezaken zerga neurria. Baina, nondik dator afera?
Ezohiko neurria, betikotzea?
Inflazioaren gorakadak familiei eragindako kalteei aurre egiteko diseinatu zuen Espainiako gobernuak ondare prestazioa. Duela bi urte ezarri ziren eta, egiari zor, egoera bestelakoa zen garai horretan: EBZk interes tasak % 4,5era igo zituen, inflazioak kontrolaezina zirudien eta Ukrainako gerrak eraginda argindarra eta petrolioa izugarri garestitu ziren. Gobernuak banku eta enpresa energetikoei zerutik eroritako ezohiko mozkinak eskuratzea leporatu zien, familien sakrifizioen kontura.
Arrazoirik ez zitzaion falta, hein handi batean, gobernuari. Hala, antzeko neurriak hartu zituzten beste toki batzuetan, Italian edo Frantzian, esaterako. Bi herrialde horietan, baina, sozietateen gaineko zergan oinarritu ziren enpresei esfortzu gehigarria eskatzeko.
[Tributua Itunaren estalpetik at gelditzeak] ondorio nabariak izan zituen Hego Euskal Herriko ogasunentzat. 5.700 milioi bildu du estatuko gobernuak tributu horien kontura, Kutxabank edo Iberdrola bezalako euskal enpresei eraginez
Sanchezen gobernuak, esan bezala, arineketan bideratu zuen tributu berria, ondare prestazio gisa arautuz. Ñabardura garrantzitsua da tributu berria Euskal Ekonomia Itunaren estalpetik at gelditu zelako, zerga izaera ez izateagatik. Izana izena bezain garrantzitsua denez, erabakiak ondorio nabariak izan zituen Hego Euskal Herriko ogasunentzat. 5.700 milioi bildu ditu estatuko gobernuak tributu horien kontura, Kutxabank edo Iberdrola bezalako euskal enpresei eraginez. Euskal erakundeak gogor kexatu ziren zerga ez biltzeagatik eta konpentsazio bat adostea lortu zuten.
Bi urterako behar zuen tributua, ordea, behin betikoa bihurtu nahi du gobernuak, eta buru-belarri ibili da aste honetan alderdien babesa lortu nahirik. Ez dirudi bidea erraza izango denik. Sumarrek araua dagoen moduan utzi nahi duen bitartean EAJ eta Junts alderdiak kontra agertu dira. Azken bi alderdi horien artean, hori bai, badira aldeak. Lehengoa beldur da zergak Repsolek Tarragonan burutu nahi duen 1.100 milioi euroko inbertsioa uxatuko ote duen. Josu Jon Imazek zuzentzen duen konpainiak bertan behera utzi du inbertsio hori behinik behin, Bizkaian egin bezala, eta lehentasuna eman dio Portugalgo proiektuei. Jeltzaleak, ordea, bere hari mutur batetik tiraka ari dira: tributu berria Ekonomia Itunaren baitan adostearena, modu horretan bilketa eta arautzea kudeatuko lukeelako.
Bi urterako behar zuen tributua, ordea, behin betikoa bihurtu nahi du gobernuak, eta buru-belarri ibili da aste honetan alderdien babesa lortu nahirik
Hainbatek kenkarien bidez zerga lausotzeko edo ezerezean uzteko jarrera igarri diete jeltzaleei eta dumping fiskalaz aritu izan dira aste honetan. Orain arte alderdi popularrak gobernatutako erkidegoei entzun diegu Euskal Autonomia Erkidegoak egin lezaken balizko dumping fiskala salatzen. Oraingoan erasoa etxetik etorri zaio EAJ zein Pradales lehendakariari. Eneko Andueza PSEko buruak atzo bertan gogor astindu zuen dumping fiskalaren mamua, eta jeltzaleei “lagunei eta alderdikideei zergak barkatu nahi izatea leporatu zien”, Josu Jon Imazi aipamena eginez.
Nahasiak dabiltza politikaren bazterrak azken bolada honetan. Gehiengo egonkorrik ez du Sanchezek Madrilen, eta funanbulista lanetan aritzen da behin eta berriz gehiengoak lortze aldera. Aste honetan bertan gobernukide den Sumar Alderdi Popularrarekin batera bozkatzen ikusi dugu Kongresuan, alderdi sozialistaren aurka. Hurrengo urteko aurrekontuak lotzeko lanean oreka bila dabil Sánchezen alderdia eta denbora kontra du. Ikusteko dago puzzlearen koska guztiei eusteko gauza den. Ezohiko egoera batean onartutako tributuak egungo inguruan luzatzeak ez du logika handirik. Badira enpresen mozkinak zergatzeko hainbat aukera, progesiboak izan daitezkeenak. Aurreko tributuari bankuek eta enpresa energetikoek jarritako helegiteen beldur ere bada gobernua eta badaki beste modu batean aritu beharko dela oraingoan.
Ezohiko egoera batean onartutako tributuak egungo inguruan luzatzeak ez du logika handirik. Badira enpresen mozkinak zergatzeko hainbat aukera, progesiboak izan daitezkeenak
Erabat zilegia da gehien irabazten duten enpresei esfortzu gehigarria eskatzea, batez ere banku eta enpresa energetiko handiek 2022an zergetan %7 baino gutxiago ordaindu zutela ikusita, aste honetan Espainiako Ogasunak emandako datuen arabera. Ez dugu ahaztu behar, baina, konpainia energetikoak aliatu izan behar ditugula trantsizio ekologikoaren erronkan eta horretarako inbertsioak burutzea ezinbestekoa dela, ahal bada, gurean, gure industriaren motore lanak eginez.
Politikaren ur nahasiek ez dute laguntzen, eta zaila da irudikatzea afera nola bukatuko den. Ur nahasietan ere politikariek ziaboga egiten badakitela erakutsi digute aste honetan. Energia nuklearraren kontra Espainiako gobernuan sutsuki aritu zen Teresa Riberak ateak ireki dizkio oraingoan Bruselan, Sumarrek Alderdi Popularrarekin bat egin du aste honetan sozialisten kontra eta Eneko Anduezak PSEk Jaurlaritzan kide duen EAJ gogor astindu zuen atzo. Hamaika ikusteko jaioak gara.