Euskal ekonomiaren burujabetza izango du hizpide Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarrak
Gaur aurkeztu dute topaketa Gasteizen UEUk eta Ekonomisten Euskal Elkargoak
“Erabakiak guk ez baditugu hartzen beste batek hartuko ditu”, dio Oskar Arantzabal Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) ekonomia sailburuak, eta, hain zuzen, hori izango da Ekonomialari Euskaldunen Biltzarrak datorren ostiralean, urriaren 27an, hizpide izango duen gai nagusia: erabakiak norberak hartzeko gaitasuna edota burujabetza, kasu honetan, ekonomikoa.
Gaur egin dute Gasteizen biltzarraren hirugarren edizioko aurkezpen ekitaldia. Arantzabalez gain, bertan izan dira Ane Sarasua UEUko idazkari nagusia eta Estrella Sanchez Ekonomisten Euskal Elkargoko Gobernu Batzordeko kidea. UEU eta Ekonomisten Euskal Elkargoak elkarrekin antolatu dute topaketa eta Oinarrizko Burujabetza Ekonomikoa izenarekin aurkeztu dute.
Sanchezek ekonomiari buruz euskaraz mintzatzearen garrantzia azpimarratu du. “Ekonomisten lanbidea eta orokorrean lanbide gehienak oso erdaldunak dira, baita ikasketak euskaraz burututa ere”, azaldu du. Hala, ekonomialarien mundua euskalduntzeko eta, oro har, ekonomian euskara bultzatzeko Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitatea sortu zutela gogoratu du, eta horri esker abiatu dute lankidetza UEUrekin, bi urtero egindako biltzarra izanik kolaborazioaren emaitzetako bat.
Sarasuak UEUren 30 urteko ibilbidean komunitate zientifiko nahiz profesionalari bilgune edota topaguneak eskaintzea izan dutela helburu esan du. Euskara erdigunean jarrita, “saretze bat” bilatu dute. Lehen bi biltzarrak Bilbon eta Donostian egin ostean, aurtengoa Gasteizen egingo da, eta hurrengoak Iruñean eta Baionan egin nahi dituztela iragarri dute. UEUko idazkari nagusiak bi gauza nabarmendu ditu gaurko agerraldian. Alde batetik, biltzarrean jorratuko den gaia, “gaurkotasun handikoa” delako eta UEUk garrantzi handia ematen diolako gizarte gaiei. Bestetik, Elkargoarekin egindako “bide emankorra” aipatu du, eta eskerrak eman dizkio erakundeari emandako laguntzagatik.
Arantzabalek, azkenik, biltzarreko egitaraua xehatu du. Lehen biltzarra orain lau urte egin zutela gogoratu du, eta aurtengoan “jauzi kualitatiboa” eman dutela uste du, “gai monografikoa” landuko baitute. Gainera, hirugarren edizio honetan, biltzarrak bederatzi babesle izango dituela azaldu du, topaketaren bilakaera oparoaren erakusle.
Pandemiak eta Ukrainako gerrak nazioarteko merkatuetan ziurgabetasuna sortu du, eta hauen burujabetza ekonomikoaren garrantzia mahaigaineratu du. Testuinguru horretan, euskal ekonomiak dituen erronkak izango dituzte hizpide biltzarrean. Besteak beste, euskal ekonomiak elikagaiak ekoizteko duen gaitasuna, uraren kudeaketa eskumenak, migrazio politiken eskumenak, pentsioen inguruko problemak edo energia berriztagarrien kudeaketa izango dituzte eztabaidagai. Hizlarien artean izango dira, besteak beste, Igor Etxabe, Iñaki Antigüedad, Unai Pascual edota Jennifer Lomas adituak.