Argazkia: Esneki Zentroa

EKONOMIA

Euskal Esnekigileen Elkartea sortu da, esnekien sektorea sustatzeko asmoz

29 esne ekoizle eta eraldatzaileek sortu dute elkartea, eta Esneki Zentroaren aholkularitza teknikoa jaso dute

Euskal Esnekigileen Elkartea EAEko 29 esne ekoizle eta eraldatzaileek sortutako elkarte berria da. Sektorea indartu eta gizartearen esnekiekiko interesa sustatzea izango du helburu, “ekoizpenari bultzada emanez eta sektoreak barne hartzen dituen askotariko produktuak gizarteratzen lagunduz”. Era berean, orain arte sektorean egindako "lanaren fruitua biltzeko eta etorkizunera elkarrekin begiratzeko apustu bateratua” dela jakinarazi dute.

Elkarteak hiru lurraldeetako esne, gazta eta jogurt eraldatzaileek osatuko dute. Jada elkartean diren bazkideen artean zazpik ardi-esnea ekoizten dute, 15ek behi-esnea eta 8k ahuntz-esnea. Eraldatzaileen artean, hogeik gazta ondua, 15ek gazta freskoa, 11k gazta urdina, 13k gazta laktikoa, zazpik pasta biguneko gazta, bederatzik esne pasteurizatua, bik gurina, hiruk mamia, 14k jogurta, hiruk izozkia, zazpik kemak eta batek gaztanbera egiten dute. Guztira, 105etik gora produktu ekoizten dituzte.

Adierazi dutenez, “elkarte aitzindaria” da, hiru abeltzaintza moten esneki eta esne mota guztiak ekoizten eta eraldatzen lan egiten duten euskal profesionalak elkartzen baititu lehenbizikoz.

Elkartearen 2024rako helburua sektorearen eta bertakoaren alde eginiko lana ezagutzera ematea izango da, dibertsifikazioa ardatz eta indargune dituztelarik. Halaber, elkartea sortu zenetik, Esneki Zentroak aholkularitza teknikoa eskaini die.