Barnetegi bateko klasea | Argazkia: AEK

EKONOMIA

Euskara hurbiletik eta harrotasunez bizitzeko esperientzia

AEKk antolatuta, udako barnetegiak aukera paregabea dira gure hizkuntzara hurbildu, lagun berriak egin eta egun osoan zehar euskaraz bizitzeko

Urtero bezala, AEKk udako barnetegiak martxan jarri ditu, uztailean eta abuztuan nahi duen orok euskara ikasi eta praktikatzeko aukera eskaintzeko asmoz. Izan ere, barnetegiak euskara hurbiletik eta harrotasunez bizitzeko aukera ezin hobea dira, eta esperientzia hori probatzeko aukera izan dutenek diotenez, barnetegia da udan gure hizkuntza ikasi eta maila hobetzeko modurik atseginena eta azkarrena. Denetariko jarduerak egiten dira, hala nola klaseak, txangoak edota bestelako ekintzak. Horrekin batera, aukera paregabea da lagun berriak egiteko, eta, azken finean, egun osoan euskaraz bizitzeko. Hori gutxi balitz, euskalduntze prozesuan aurrerapauso handiak ematean ahalbidetzen du.

Barnetegien finantzazioa 

Barnetegiak ikasleek ordaintzen duten matrikularen eta administrazioen dirulaguntzen bidez finantzatzen dira, hau da, euskaltegietako gainerako ikastaroak bezala. Matrikularen kostua barnetegiaren eta iraupenaren araberakoa izaten da; 600 eta 700 euro ingurukoak daude, baina baita merkeagoak ere, 400 euro ingurukoak. “AEKk ez du aparteko laguntzarik jasotzen barnetegiak antolatzeko. Dirulaguntzak ikasleek jasotzen dituzte”, adierazi du Alba Ayucar AEKko barnetegien arduradunak. 

Alba Ayucar: “AEKk ez du aparteko laguntzarik jasotzen barnetegiak antolatzeko. Dirulaguntzak ikasleek jasotzen dituzte”

Aurtengo udan Arantzan (Nafarroa), Foruan (Bizkaia), Adunan (Gipuzkoa), Urepelen (Nafarroa Beherea) eta Mendikotan (Zuberoa) antolatu ditu barnetegiak AEKk, helburu desberdinak dituen jendeari zuzenduta; besteak beste, euskalduntzea, egiaztagiriak lortzeko azterketak prestatzea, Zuberoako euskalkia ikastea edo seme-alabekin euskaraz mintzatzeko ohitura hartzea. Gauzak horrela, A2tik C1era arteko mailak eskaintzen dira Arantzan eta Foruan, A1etik C1era bitartekoak Urepelen, B2 eta C1 mailak egiaztatzeko azterketak prestatzekoak Arantzan, xiberera ikasteko barnetegia Mendikotan, eta familia barnetegiak (B1, B2 eta C1 mailak) Foruan eta Adunan. 

Antolaketa ere garrantzitsua 

Barnetegiak antolatzea ez da lan erraza, hainbat inbertsio egitea suposatzen baitu. Alde batetik, giza-inbertsioa; AEKk jartzen ditu irakasleak, umeentzako begiraleak (familia barnetegien kasuan) eta Foruako barnetegiko sukaldaria. Beste aldetik, azpiegiturei dagokienez, Foruako barnetegia AEKrena da, baina udan antolatzen diren beste bi barnetegiak Adunako Uztartza aterpetxean eta Arantzako aterpean egiten dira. “Azken bi horiekin hitzarmena sinatzen du AEKk lekua erreserbatzeko, aurreikuspenen arabera”, kontatu du arduradunak. 

Barnetegietara joan daitezke ikasturtean zehar AEKren euskaltegietan izan diren ikasleak zein euskaltegian aritu ez direnak; baina euskaltegietan egon direnek deskontua izan ohi dute. Halaber, ikasturtean zehar, Foruako barnetegia ere zabalik egoten da, urria eta ekaina bitartean, hilabeteko egonaldiak edo luzeagoak egin ahal izateko. 

Familia barnetegia | Argazkia: AEK

Guztiontzako barnetegiak 

Ikasleen profilari dagokionez, Ayucarrek adierazi du profil eta helburu desberdinekin joaten diren ikasleak izaten direla; esaterako, familia barruan euskara sustatzera joaten direnak, azterketa gainditzeko helburuarekin doazenak, euskal kultura ezagutzera edo bizitzera datozenak, mintza hobetzera... “Ez dugu profil zehatz bat soilik jasotzen”, dio. Beraz, agerikoa denez, edonork parte hartu dezake.

Maialen R. Barcena: "Ikasleontzat lotsa zama handia da euskara, gaizki hitz egiteko beldurra gainean daramagu beti, baina nik lotsa han utzi nuen”

Badira bakarrik joaten direnak, edo, aldiz, lagunen batekin edo familiako kideren batekin joatea erabakitzen dutenak. Pasa den urtean udako barnetegietan parte hartu zutenen testigantzak bildu ditu AEKk. “Iaz, Adunako familia barnetegira joan ginen semea eta biok, gure artean gaztelaniaz mintzatzeko ohitura aldatzeko”, azaldu du Gorka Gutierrezek, iazko udako barnetegietako parte hartzaile batek. Semearekin joatea erabaki zuen euskara ohiturak aldatzeko; izan ere, semeak euskara eskolarekin lotzen zuen, eta etxean euskaraz mintzatzea asko kostatzen zitzaion. Barnetegira joan eta gero, etxean euskara erabiltzen jarraitzea lortu dute. Hala ere, esan bezala, bakarrik joateko aukera ere bada, Maialen R. Barcenaren kasua da hori. Ikaslea barnetegira joan zen bere burua askatu eta lotsa galtzeko: “Barnetegia erabakigarria da ikasleen bizitzan. Eraldatzen zaitu, erabat. Ikasleontzat lotsa zama handia da euskara, gaizki hitz egiteko beldurra gainean daramagu beti, baina nik lotsa han utzi nuen”, aldarrikatu du. 

Barnetegi bateko jantokian  | Argazkia: AEK

24 orduz euskaraz 

Euskaltegiarekin alderatuta, barnetegien abantaila nagusia 24 orduko segida da, hau da, egunero euskaraz etenik gabe mintzatzea. Euskaltegian ikasleak ordu batzuk egiten ditu euskaraz, baina irtendakoan berriro jotzen du gaztelaniara. Barnetegietan, aldiz, ez dago horretarako tarterik, eta bi astez gaztelania alde batera uzteak asko suposatzen du. Horrekin batera, beste abantaila bat ikasketa eta aisialdia lotzen dituela da. 

Iaz, 133 ikasle izan ziren AEKren barnetegietan. Aurtengo datuak ezagutzeke (matrikula zabalik dago), joera hori izaten jarraitzea espero dute; izan ere, udan, oporrak medio, ikasle gehiago animatzen dira. Ikasleentzako aukera paregabea da euskararekiko haien helburuak betetzeko. Gainera, kostua matrikula ordaintzean datza soilik. Eskolak gehi mantenu osoa, hau da, egonaldia eta jatorduak, prezioan sartzen baitira. Beraz, inbertsio oso ona izan liteke norbanakoaren garapen pertsonalerako, euskara ikasteko edo hobetzeko, lagun berriak ezagutzeko eta, jakina, euskara egunerokotasunean barneratzeko.