Argazkia: iStock

EKONOMIA

Euskara pantailetan: jarduera ekonomikorako aukera?

Pantailak Euskaraz bide berriak irekitzeko puntuan izanik, ikus-entzunezkoen balio-kate osoan inbertsioak egin, eta euskarazko filmak askotariko esparru eta plataformetan aurkeztea ezinbestekotzat jo dute

Azken urtetan, beste eremu askotan gertatzen ari den moduan, euskarak pantailetan daukan egoerarekin kezkatuta sortu dira taldeak han eta hemen. Kezka horrek forma hartu du azken urtean: Pantailak Euskaraz mugimenduak urtebete egin du ekainean, egoera irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko lanean.

Kanpotik datorkigun uholde kulturala ikaragarria da. Gainera, ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak izugarri aldatu dira, eta eredu berri horietan gure gazteek eta helduok ere kontsumitzen ditugun produktuak erdaldunak dira. Honen aurrean, Pantailak Euskarak ekimenak ikus-entzunezkoen eremua hizkuntzaren eta kulturaren garapenerako estrategikoa dela ikusten du, hark euskararen erabileran duen garrantzia nabarmenduta. Eta horretan ari dira, jo eta su.

Izaskun Rekalde: “ikusi dugu kezka gizarteratzea lortu dugula; hau da, jendartea aktibatzea lortu dugula, eta aktibazio hori ondo ikusia izan dela”

Hemendik gutxira, mugimendua elkarte gisa formalizatuko da juridikoki. Ekimena talde hauek osatzen dute gaur egun: Disney Plus Euskaraz, Netflix Euskaraz, Game Erauntsia, Zinemak Euskaraz, Tinko euskara elkartea eta Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea. Abenduan Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestua plazaratu zuten. “Urte luzea daramagu egitasmo honekin, eta ikusi dugu kezka gizarteratzea lortu dugula; hau da, jendartea aktibatzea lortu dugula, eta aktibazio hori ondo ikusia izan dela”, adierazi du Izaskun Rekaldek, Pantailak Euskarazeko kideak.

Kezka gizarteratzea lortu dute. Eztabaida sozialen eta politikoen agendan jarri dute. Hainbat erakunde eta eragile mugitzen hasi dira, eta haietako batzuekin harremanetan daude. Bilerak egin dituzte Eusko Jaurlaritzarekin eta EITBko zuzendaritzarekin, eta zenbait streaming plataformekin ere egin dute kontaktua. Manifestuko puntu gehienak betetzeko daude, ordea. Bide luzea dago egiteko.

Bikoizketaren bidea

Zein jarduera ekonomiko sor dezake filmak eta telesailak euskaratzeak? Zein da ikus-entzunezkoaren industriak euskararen alorrean izan dezakeen eragin ekonomikoa? Bikoizketak sortzen duen jarduera ekonomikoa ikus-entzunezko sektorean sor daitekeen beste edozein jardueraren modukoa dela esan du Xabier Alkizak, Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko administrariak.

Oinarrian inbertsio edo behar izanen atalean grabazio estudioen beharra dago, eta berariaz bikoizketarako prestatzea. “Zenbatekoa oso aldakorra izan daiteke, batez ere lekuaren arabera, kostu handiena eraikinek edo lokalek baitaukate. Baina 15.000-30.000 euroko ekipamendua, oinarrizkotik luxuzkora, eta intsonorizazioa 1.000 eta 3.000 euro bitarte metro koadroko izan daitezke inbertsioaren neurria ematen duten datu batzuk”, gehitu du. Horri teknikarien lana gehitu behar zaio. Ondoren, hizkuntzalaritza, ekoizpen eta antzezlan taldea. Kalitatezko bikoizketaren aldea langile talde horrek ezartzen du. “Denetariko ahotsak behar dira, eta talde ahalik eta anitzena. Horrek euskararen kasuan profesionaltasun eza ekarri du, lan kopururik egon ez denez, profesionalik ez baita kasik geratu lanaren ibilbidea jarraitzeko”.

Xabier Alkiza: "argi dago kostu eta irabazi ekonomikoen arteko oreka hartuta, ez dela berez bideragarria, eta beste mota bateko irabaziei so egin behar dela euskarazko bikoizketari dagokionez"

Espainiar estatuan bikoiztaile eta bikoizketa zuzendariek gizarte segurantzako artisten taldean kotizatzen dute. Estatu mailan alde handiak badaude ere, ordainsariak araututa dauden tokiak, adibidez, Madril, eredu hartzen direla adierazi du Alkizak. “Euskarazko lanean bikoiztaileen lan baldintzek murrizketa izugarriak jasan dituzte azken 10 urteetan. Une honetan, euskarazko lanaren % 98 egiten duen enpresak Madrilgo hitzarmenaren zortziren edo hamarren bat ordaintzen die bere langileei”, gehitu du. “Edonola ere, euskaraz bikoiztutako edukien kontsumoa iraultzen ez den bitartean, argi dago kostu eta irabazi ekonomikoen arteko oreka hartuta, ez dela berez bideragarria, eta beste mota bateko irabaziei so egin behar dela euskarazko bikoizketari dagokionez”.

Ikuspegia zabaldu

Bikoizketaren fokua zabaltzea ezinbestekoa dela uste du Iñigo Arandiak, Tinko Euskara Elkarteko ordezkariak. Filmaren balio-kate komertzial guztiaren parte denak bateratu eta elkarlanean aritzea beharrezkoa ikusten du. “Film bat euskarara bikoiztuko bada, komertzialki etekin guztia ateratzeko izan beharko da, zinemaldietan, areto komertzialetan, telebistan, areto ez-komertzialetan, streamingean eta alor publikoan ere (e-liburutegia). Filma bikoizteko diru laguntza publikoak beharrezkoak izanik, bermatu beharko litzateke diru publikoz ordaindutako bikoizketa horren lizentzia ere domeinu publikokoa izatea, eta banatzaileari baldintza horietan bikoizteko eskaera egitea”.

Iñigo Arandia: “Film bat euskarara bikoiztuko bada, komertzialki etekin guztia ateratzeko izan beharko da, zinemaldietan, areto komertzialetan, telebistan, areto ez komertzialetan, streamingean...”

Amazon, Netflix, etab. bezalako eragile globalen agerpenarekin, streaming plataformen aldeko kontsumo portaerak nagusitu dira, eta ondorioz nabaria izan da telebista eta zinemaren ohiko kontsumoan emandako jaitsiera. Baina euskararen presentzia OTT plataforma horietan oso eskasa da, %0,46koa alegia, euskarazko audio eta azpidatziak kontutan hartuta. Adibide bat jarri du Izaskun Rekaldek: “joan den abuztuak 14ean Euskal Herri osoko zinemetan emandako emanaldi eskaintzari erreparatuz, 757 emanaldietatik 3 baino ez ziren izan euskaraz; ETBren kasuan, maiatzetik hona 130 film izan dira ETB2n eskainitakoak, eta ETB1en aldiz, ez dute euskaraz bat bera ere eskaini”.

Erabaki politikoak gako

Ikus-entzunezkoen kontsumo paradigma berrien aurrean, euskara bezalako hizkuntza ez-hegemonikoen eskaintza bermatzeko, ezinbestekoa ikusten dute hiruek arduradun politikoek erabaki politiko sendoak hartzea. “Izan ere, ikus entzunezkoen hizkuntza hautu natural batean, ondoen doitua dagoen hizkuntzaren aldeko kontsumoa nagusituko da gure ikusleriarengan, euskaraz ez baitago behar izanak asetuko dituen ez kantitate ez kalitate nahikorik. Gure arduradunek erabaki estrategikoak hartu ezean, merkatuaren jokoaren mende murgilduko gara, eta gure hizkuntzak darwinismo linguistikoaren eragina jasango du”, esan du Rekaldek.

Hori gerta ez dadin, oso garrantzitsua da lege propio bat edukitzea, baita Euskal Ikus-entzunezkoen Kontseilua ere. “Euskara erdigunean jarriko duen estrategia plan koherente eta integral horrek euskal ikus-entzunezkoen eta euskal zinemaren lege propioen babesa ezinbestekoa du, hizkuntza eskubideak babestu eta hizkuntza eskakizunak telebistei, zinemei, diru laguntzei, zein plataformei ezarriko dizkietenak”.

Izaskun Rekalde: “Euskara erdigunean jarriko duen estrategia plan koherente eta integral horrek euskal ikus-entzunezkoen eta euskal zinemaren lege propioen babesa ezinbestekoa du

Xabier Alkizak amaitu du: “Ikuspegi profesionala dugunok oso argi dugu benetako irismena plataformetan dagoela, eta ez zinema aretoetan. Euskara hor jarri behar da. Pantailak Euskaraz horregatik jaio da, plataformen trena badoalako, eta horri heltzeko funtsak behar direlako. Bide berriak irekitzeko puntuan gaude”.