Eusko Jaurlaritzak merkataritza bulego berria ireki du Australian
Sydney hiriko bulego berriak helburu izango du EAEko enpresen merkataritza ekintzak sustatzea eta bi lurraldeen arteko lankidetza bultzatzea
Eusko Jaurlaritzak merkataritza bulego berria ireki du Australian. Sydney hirian kokatu du Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak bulegoa, eta Emma Stevensek zuzenduko du, ‘Australia eta Zeelanda Berriko bulegoa’ izenpean.
Egoitza berriaren helburu da EAEko enpresen merkataritza ekintzak bultzatzea, baita Australia eta EAEren arteko lankidetza teknologikoa garatzea eta inbertsioak sustatzea ere.
Jaurlaritzatik adierazi dutenez, bulego berriarekin “sendotu” egingo da “Asia-Pazifikoko eskualdearen alde egindako apustua, eskualde estrategikoa baita euskal enpresentzat”.
SPRI Taldearen Basque Trade & Investment agentziaren kanpo sareak zerbitzua eskaintzen du mundu osoko 92 herrialdetan, eta jada hogeita bi merkataritza bulego ditu. Haatik, orain arte EAEk ez zuen ordezkaritzarik Australian, baina Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak egindako ikerketaren arabera, hain zuzen herrialde horrek zuen “euskal enpresentzat hazkunde ahalmenik handiena”.
Australia mundu osoko BPGrik handiena duen hamahirugarren herrialdea da, eta gero eta barne eskari handiagoa du. Jaurlaritzaren hitzetan, “arrisku txikia” du negozioak bertan garatzerako orduan, baita “azpiegitura onak eta egonkortasun ekonomiko eta politikoa” ere.