-%0,3ko defizita adostu dute Eusko Jaurlaritzarentzako, eta -%0,1ekoa aldundientzako
“Zigarro elektronikoen likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga” ere hitzartu du Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak
Hamahiru akordio sinatu ditu gaur, aho batez, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak.
Alde batetik, 2024ko aurrekontu egonkortasunari dagokionez -%0,3ko defizita eta %13ko zor publikoa adostu dira Eusko Jaurlaritzarentzat , eta -%0,1ekoa foru aldundientzat; 2025-2027 aldiari dagokionez ere zifra berak hitzartu dira. Kopuru horiek, batzordearen hitzetan, “estaldura ematen diete aurrekontu horiek diseinatzeko aurreikusitako zenbatekoei”.
Ekonomia Ituna aldatzea ere erabaki dute, helburu izanik EAEren “autogobernu ekonomiko eta finantzarioa handitzea”. Horretarako, hiru zerga berri hitzartu dituzte: “zigarro elektronikoen likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga; zenbait finantza-erakunderen interesen eta komisioen marjinaren gaineko zerga; eta, bestalde, talde multinazionalentzat eta talde nazional handientzat gutxieneko ezarpen-maila globala bermatzeko zerga osagarria”. Azken bi zerga horien kasuan, foru erakundeek izango dute araudia egokitzeko autonomia.
Hezkuntzaren gaineko hainbat erabaki ere hartu ditu batzordeak. Izan ere, EAEk hainbat programetan parte hartuko duela azaldu dute: Eskola 4.0 programan; hezkuntza zailtasun bereziko ikastetxeetarako orientazioko, aurrerapeneko eta hezkuntza aberasteko programan; irakurtzeko eta matematikarako gaitasuna indartzeko programetan; baita Espainiako unibertsitate publikoetan irakaskuntza- eta ikerkuntza-talentua sartzeko programan ere.
Azkenik, Batzorde Mistoak beste bilera bat egiteko konpromisoa hartu du, “gehienez ere bi hilabeteko epean”.