Euskotren doakoa izango da 12 urte azpikoentzat ostegunetik aurrera
Orain arte garraio publikoaren doakotasuna sei urte azpiko haurrek zuten. Adin tartea luzatuta, 130.000 haur inguruk bidaiatu ahalko dute doan
Euskal Autonomia Erkidego osoan 12 urteko azpiko haurrentzat garraio publikoa doakoa izateko helburua geroz eta gertuagoa dago. Araban urtarrila hasieran ezarri zen neurria, eta Bizkaian eta Gipuzkoan urtarrilaren 30etik aurrera aplikatuko da. Hala, besteak beste, Euskotrenen zerbitzuak doakoak izango dira 12 urte azpiko haurrentzat.
Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu du “oso albiste ona” dela familientzat, eta neurriaren helburua zera dela: “mugikortasun jasangarria sustatzea eta haurrak dituztenei ekonomikoki laguntzea”.
Orain arte garraio publikoaren doakotasuna sei urte azpiko haurrek zuten. Adina luzatuta, 130.000 haur inguruk bidaiatu ahalko dute doan, Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera.
Dbus, otsailaren 5etik aurrera
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du Dbuseko autobusetan 12 urtetik beherakoentzako doakotasunaren neurria otsailaren 5ean ezarriko dela, eta ez ostegun honetan EAEko gainerako garraio publikoan bezala, "arazo tekniko bat" dela eta.
Alkateak azaldu duenez, "software sistema osoa aldatu behar da 12 urtetik beherakoen txartelek bereizketa hori izan dezaten eta doakotasunaz baliatu ahal izan daitezen". Beraz, behin arazo tekniko hori konponduta ezarriko da neurria Gipuzkoako hiriburuan.