Fantasia izango da aurtengo Durangoko Azoka
Abenduaren 6tik 10era izango da Durangoko Azokaren 58. edizioa. Fantasia da! lemapean egingo da, eta Ximon Agirrek diseinatu du aurtengo kartela
Abenduaren 6tik 10era egingo da Durangoko Azokaren 58. edizioa. Gaur aurkeztu dute aurtengo edizioaren lema eta kartela Landakon eginiko prentsaurrekoan. Fantasia da! lemapean egingo da, 58 urte igarota lehen alditik, orduko fantasia errealitate bihurtu dela gogoratu asmoz, eta egun euskal kulturaren erreferentziazko hitzordua dela nabarmenduz.
Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko presidentea izan da aurkezpenean, eta euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea espero dutela adierazi du, “horixe da gure fantasia”, eta era berean, zera esan du: "fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa”.
Aurtengo azokaren irudia Ximon Agirre artista hernaniarrak sortu du. Artean graduatua EHUn, Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazioko eta Lanketa Artistikoko Masterra ere egin zuen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Azken urteotan, Belako, Lukiek edo Toc taldeentzat diskoen azalak eta kartelak egiten aritu da. “Ilusio handiz” hartu du ardura Agirrek, eta hiru dimentsioko irudi sakona egin du, errealitate birtualarekin. “Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko, eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun gehiago edukitzeko”, azaldu du.
Bestalde, antolatzaileak egitaraua prestatzen dihardutela jakinarazi dute, eta azokako gune bakoitzean askotariko eskaintzak egongo direla azaldu dute. “Hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, emozioak, grazia, poesia eta fantasia ere bai”, nabarmendu du Mujikak.
Hala, Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak proposamenak egiteko aukera oraindik zabalik dagoela gogorarazi du. Urriaren 15era arte egin daitezke egitauaren inguruko proposamenak www.durangokoazoka.eus webgunean.