Fernando Perezek Azkuna Zentroko zuzendari izateari utzi dio
2018ko maiatzaz geroztik izan da zuzendari. Hainbat komunikabideren arabera, Bilboko Udalaren eta Azkuna zentroaren arteko tirabirak direla eta utzi du bere kargua
Fernando Perezek Azkuna zentroko zuzendaritza utziko du. 2018ko maiatzaz geroztik zen karguan, Lourdes Fernandezi lekukoa hartu zionetik, eta, sei urte ostean, zuzendaritza uztea erabaki du. Hala iragarri zuen Azkuna zentroak atzo arratsaldean. Zehaztu dutenez, "borondatez” erabaki du Perezek kargua uztea.
Orain arteko zuzendariak eskerrak eman dizkio Bilboko Udalari, esparru artistiko bateko proiektu baten buru izan delako. Era berean, “harro” azaldu da egindakoagatik, “punta-puntako eta erreferentziazko zentroa” uzten duelako, “programazioaren kalitateari eta sorkuntza artistikoaren sustapenari dagokionez”. Bilboko Udalak eta Juan Mari Aburto alkateak Perezek egindako “lana eta ahalegina” nabarmendu dute.
Oharrean ez da kargua uzteko arrazoirik azaltzen, baina hainbat komunikabidek adierazi dute Bilboko Udalarekin hainbat tirabira izan dituela zentroak azkenaldian. La Caixa fundazioak Steam arlorako areto bat jarri nahi zuen Azkuna zentroan, Bilboko Udalaren babesarekin, eta zuzendaria ez omen zegoen ados erabaki horrekin. Ikusteke dago, orain, zeinek ordezkatu duen Perez zuzendari postuan.