Fiskalitatea
Fiskalki lehiakorrak al dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa?
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bi, hiru eta laugarren postua dute Tax Foundationen erkidegoen zerrendan. Nafarroa hamahirugarren ageri da
Autonomia Erkidegoen lehiakortasuna sustatzea jomugan izan ohi dute lekuan lekuko agintari politikoek, eremu erakargarria bilakatu nahi dutelako lurralde propioa. Testuinguru horretan, asko hitz egiten da lehiakortasun fiskalaz, alegia, lurraldeek enpresak eta profesionalak erakartzeko eta atxikitzeko izan dezaketen gaitasunaz.
Auzi honetan, Tax Foundationek eta Askatasunaren Aurrerapenerako Fundazioak ostegun honetan kaleratu berri dute Lehiakortasun Fiskalaren Indize Autonomikoaren txostena. Idatzi honek Espainiako hemeretzi lurraldeen zerga autonomia neurtzen eta sailkatzen du. Cristina Enache ekonomialariak zuzendu du txostena, eta Senatuan aurkeztuko da datorren martitzenean.
Araba posizio altuenean dagoen lurraldea da, 2023an Bizkaia aurreratu duelako; 35.000 eurotik beherako likidazio oinarria duten zergadunentzat kuotaren 200 eurorainoko murrizketa onartzea izan da aurrerapenaren zergatia
Azterketak erkidego guztiak berdintsu aztertu ditu Euskal Autonomia Erkidegoa izan ezik. Hain zuzen, hiru probintziak bereizita aztertzen dira. Indizeak hamar puntuko nota aurkeztu du lurraldeko, erkidegoko zergen bilakaeraren ikerketa bat burututa. Zerrenda jarraituta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bigarren, hirugarren eta laugarren postuan ageri dira hurrenez hurren, 7,04, 6,97 eta 6,82 inguruko notekin. Nafarroako Foru Erkidegoa hamahirugarren ageri da zerrendan, 5,76ko notarekin. Madril da nota altuena duena: 7,33.
Txostenaren zazpigarren edizio honetan, Enachek EAEko lehiakortasunaren inguruko azterketa gauzatu du. Lurralde historikoek posizio indartsua lortu dute PFEZa eta, bereziki, Ondarearen Ggaineko Zerga dela eta. Araba posizio altuenean dagoen lurraldea da, 2023an Bizkaia aurreratu duelako; 35.000 eurotik beherako likidazio oinarria duten zergadunentzat kuotaren 200 eurorainoko murrizketa onartzea izan da aurrerapenaren zergatia. Gainera, Arabak beste bi aldundiek ez duten kenkari osagarria eskaintzen du seme-alaba bakoitzeko. Hau da, sei eta hamasei urte bitarteko seme-alabak dituzten zergadunek 53 euro gutxiago ordaindu behar izan dute 2019. urtetik aurrera. 2023 honetan 60 eurokoa da kenkari hura.
PFEZaren deflatazioa
Bestalde, Bizkaiak eta Gipuzkoak 2021ean 12.000 eurotik 14.000 eurora igo zuten autolikidatzeko derrigortasun muga. Honekin, urteko 14.000 euroko edo gutxiagoko soldata gordina duten zergadunek ez dute errentaren gaineko zerga ordaindu behar. Horri jarraiki, Bizkaiak 2018. urtetik hona PFEZren tarifa deflatatzen joan da eta, 2023rako, PFEZaren karga eskalako tarte guztiak batez besteko % 6,13 deflatatu ditu, eta gutxieneko pertsonalak eta familiakoak % 6,18.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ibilbide bertsua egin du PFEZa deflatatzeko, ezberdintasun batzuekin. 2022an tarifa orokorrak %1,56an deflatatu zituen 2020. urtekoarekin alderatuta. Era berean, Gipuzkoak Ondarearen gaineko Zerga berreskuratu zuen, Arabakoaren antzekoa dena. Hala ere, gutxieneko salbuetsita dagoen muga txikiagoa du, hau da, ordaintzera behartzen ez duen muga baxuagoa da, errenta baxuena dutenen mesedetan.
Bizkaiak eta Gipuzkoan urteko 14.000 euroko edo gutxiagoko soldata gordina duten zergadunek ez dute errentaren gaineko zerga ordaindu behar
Ildo honetan, hiru aldundiek PFEZAren tarifa deflatatu dute, eta honakoa indargune izan dute posizio altuetan mantendu ahal izateko aurreko urteetan. Hala eta guztiz ere, Enache adituaren azterketak hainbat gidalerro gomendatzen dizkie etorkizunera begira. Gipuzkoak bere posizioa hobetu dezakeela azaldu da txostenean, Ondarearen Gaineko Zergaren kenkariak Bizkaikoetara berdinduko balitu eta, aldi berean, zergaren tarifa murriztuko balu. Honi jarraiki, Ondarearen gaineko Zergaren armarri fiskala gainerako autonomia erkidegoekin parekatu beharko litzatekeela uste du ekonomialariak.
Nafarroako langileen desabantaila
Bere aldetik, Nafarroa hamahirugarren postuan ageri da lehiakortasun fiskalaren indize autonomikoan, 5,76 inguruko nota batekin. Txostenaren ikerketak azaldutakoaren arabera, Nafarroa da kuotan lan errentengatik kenketa bat aplikatzen duen autonomia bakarra, eta ez etekin garbia murrizteagatik, gainontzeko erkidegoen antzera. Honakoa desabantaila fiskal handia dakarkie nafar langileei ikerketaren arabera.
Nafarroa hamahirugarren postuan ageri da lehiakortasun fiskalaren indize autonomikoan, 5,76 inguruko nota batekin
Era berean, EAEko lurraldeekin konparaketa egiten du txostenak, esanik Arabak, Bizkaiak edo Gipuzkoak Nafarroak baino murrizketa altuagoak dituela, %50 bat altuagoak zehazki. Honek errenta baxuagoak dituzten tarteetan kalte egiten duela dio idatziak, araubide komuna duten autonomia erkidegoek ere maila txikiagoak dituztela argudiatuz. Ondarearen gaineko Zerga dela eta, gutxieneko salbuetsita dagoen muga murriztu du 550.000 eurotaraino, Espainia mailako altuena dena egun.