Futbola beti izan delako negozio
Gaur egungo futbol modernoa negozioarekin lotzen dugu, baina kirolak bere hastapenetatik izan du lotura handia ekonomiarekin. Nazioarteko klub ezagun ugari arrazoi ekonomiko bat edo bestegatik sortu ziren
Ezerk baino hobeto islatzen du futbolak egungo kapitalismoa, diru zifra estratosferikoak mugitzen dituen industria bilakatu baita azkan harmarkadetan. Taldeen fitxaketak, jokalarien soldatak, babesletzak... milioi euroko zifretan zenbatzen dira. Futbol zelai berriak eraiki edota zaharrak erreformatzeko sekulako inbertsioak ere egiten dira eta telebista eskubideak urtez urtez geroz eta garestiago saltzen dituzte txapelketetako antolatzaileek. Hori gutxi balitz, UEFA eta FIFA bezalako erakundeek lehiaketa berriak asmatu edota dagoeneko martxan direnak handitu egiten dituzte euren irabaziak loditzeko asmoz. Etengabe puzten ari den negozioa da, noiz lehertuko zain gaudelarik.
Hotzean pentsatuta, beldurgarria da soropilean bueltaka dabilen baloi soil batek mugitzen duen dirua. “Futbolaren negozioa”, hala esaten da, eta ez da gutxiagorako ere. Izan ere, kirol honek hastapenetatik izan du masak mobilizatzeko gaitasuna, baina haren merkantilizazioa (lehen babesle, iragarki eta bestelakoak) ez zen iritsi 1970ko edo 1980ko hamarkada arte.
Kirol honek hastapenetatik izan du masak mobilizatzeko gaitasuna, baina haren merkantilizazioa ez zen iritsi 1970ko edo 1980ko hamarkada arte
Dena den, benetako booma 1990eko hamarkadan etorri zela esan daiteke, merchandasingaren etorrera eta Bosman legeak eragindako merkatuaren hedapenarekin. Harrezkeroztik, futbolaren negozioa hazi besterik ez da egin, ziztu bizian. Ideia bat egiteko, Transfermarkt etxearen arabera, 90-91 denboraldian jokalari bat fitxatzeko gastatu zen kopuru handiena 12,5 milioi euro izan ziren, Juventusek Fiorentinari ordaindutakoa Roberto Baggio garai hartako izar italiarra erosteko. Ia 30 urte beranduango, 2017an, Paris Saint Germanek 222 milioi euro ordaindu zituen Neymar jokalari brasildarra fitxatzeko. Sektorearen inflazioa sekulakoa izan da azken urteotan.
Against modern football, futbol modernoaren aurka, dioen esaldia oso ohiko bilakatu da futbol zale erromantikoen artean, zuri beltzeko futbolak ekonomiarekin zerikusirik ez balu bezala. Bistakoa da futbola erromantizismoz hustu dutela azken hamarkadetan. Garai bateko bota beltz soilak, urteroko uniforme berak eta publizitate gabeko kamisetak atzean geratu dira. Bada, futbolak, herritik sortuta eta gizarteko fenomeno sozial gisa, bere hastapenetatik izan du ekonomiarekin zerikusia. Are gehiago, egungo futbol talde ezagun asko ekonomia arrazoi hutsengatik sortu zirela esan daiteke. Hemen adibide batzuk.
Liverpool FC eta alokairua ez ordaintzearen ondorioak
Ingalaterrako Liverpool hirian bi futbol talde daude: Everton eta Liverpool. Liverpoolek Anfield izeneko estadio ezagunean jokatzen ditu etxeko partidak, baina gutxik dakite XIX. mende amaieran (1888tik 1892ra bitartean) hiriko aurkariaren futbol zelaia izan zela. John Houlding enpresa gizona zen estadioaren jabea garai hartan eta Everton futbol taldeko zuzendaritzan sartuta zegoen. Houldingek zuzendaritzako beste zenbait kiderekin desadostasunak (politikoak, besteak beste) izan zituen, eta esaten denez, futbol zelaiko alokairua igotzea erabaki zuen 1892an. Everton taldeko zuzendaritzak ez zuen begi onez ikusi igoera hura, eta akordio batera iritsi ezinik Goodison Park izeneko zelaira lekualdatu ziren. Houldingek Everton utzi eta futbol zelaia erabiltzen jarraitu ahal izateko futbol talde berri bat sortu zuen: Liverpool FC.
Liverpoolen arerio ekonomiko eta industrial nagusiena Manchester izan da industria iraultzaz geroztik
Ehun urte baino gehiagoko lehia bizia izan dute urdinek (Everton) eta gorriek (Liverpool) ordutik. Hori bai, lehia zelai barruan geratu da. Hortik kanpo batasun handia erakutsi izan ohi dute bi taldeko jarraitzaileek, eta euren arteko partidak The friendly derby bezala ezagutzen dira. Izan ere, hiriaren arerio ekonomiko eta industrial nagusiena Manchester izan da industria iraultzaz geroztik. Manchester, XVIII. mendera arte, askoz ere hiri populatuagoa zen, eta Ingalaterrako ipar ekialdeko erreferetziazko zonaldea. XVIII. mendearen amaieran, ordea, Liverpooleko itsas portuak hiriaren hazkunde ekonomikoa ekarri zuen, funtsezkoa izan zelarik iparraldeko kotoi-fabriken hazkunderako.
Bayer Leverkusen eta aspirinak
Taldearen izenak iradoki gisa, Leverkusen (Alemania) hiriko futbol taldea Bayer farmazia konpainiak sortu zuen. Egun Xabi Alonso tolosarra entrenatzaile duen taldea 1904an sortu zen Bayer enpresako langileen eskutik. Wilhelm Hauschild izeneko beharginak beste 170 lankidek sinatutako gutuna bidali zion konpainiako zuzendaritzari futbol taldea sortzeko babesa eskatuz, baita lortu ere.
Bayer AG konpainia Friedrich Bayer eta Johann Friedrich Weskott negozio gizonek sortu zuen 1863an, eta mundu mailako enpresa handienetako bat da egun, Leverkusenen bertan duelarik egoitza nagusia. Fabrika eta klubaren arteko lotura 1920ko hamarkadan indartu zen, Bayer futbol taldearen babesle nagusia bihurtu zenean, garai hartan Turn- und Spielverein 04 bezala ezagutzen zena. Ordutik, klubak ofizialki Bayer Leverkusen izena hartu zuen, hiriko komunitatean zutabe eta eskualdean enplegu gehien sortzen zuen enpresarekiko elkartasuna adieraziz.
1904an Bayer fabrikako Wilhelm Hauschild langileak beste 170 lankidek sinatutako gutuna bidali zion konpainiako zuzendaritzari futbol taldea sortzeko babesa eskatuz
Halaber, nabarmentzekoa da Leverkusenek ez duela Alemanian ezaguna den 50+1 legea bete behar. Herrialdeko futbolean inbertitzaileen boterea arautzen du araudi honek, gutxienez, klubaren %50 gehi boto bat bere bazkideen esku egotera behartuz. Horrela, kanpoko inbertsioa mugatu eta klubek euren taldearen kontrola mantentzea bermatzen da. Futbolaren munduan ez da oso ohikoa halako lege bat, atzerriko inbertsioa indartsu sartu baita Ingalaterran, Frantzian edo Espainian, Saudi Arabia, Txina edota Errusiako funts ugariren eskutik. Horrek guztiak ekarri du, beste arrazoi askoren artean, futbol negozioaren hedapena. Aitzitik, Alemaniako legeak salbuespen bat du. Konpainia batek talde bati 20 urte baino gehiagoko babesa eta finantzazioa eskainiz gero, jabetzaren gehiengoa eskuratzeko aukera du. Bayer Leverkusen eta VFL Wolsburg taldeen kasua da. Azken hau Volkswagenen fabrika bateko langileek sortutako taldea da.
Intergo Milan eta bankuko langileak
Internazionale izenez ezaguna da Milango (Italia) bi taldeetako bat. Ristorante Orologio izeneko jatetxean sortu zuten 1908an hiriko beste taldeko AC Milango (garai hartan Milan Football and Cricket Club) 44 disidentek. Bazkide fundatzaileek jokalari italiarrez gain nazioartekoak ere jokatzea erabaki zuten eta hortik dator taldearen izena. Milanen nazioarteko langile ugari ziren garai hartan, besteak beste, banku sektorean lan egiten zuten suitzarrak, eta langile horietako askorekin hornitu zuten taldea lehen urteetan. Veneziar bat izan zen klubeko lehen presidentea, Giovanni Paramithiotti, baina taldeko lehen kapitaina Ernst Manktl suitzarra izan zen.
Garai haietan AC Milan hiriko langileen taldetzat jotzen zen, gehiengoak italiarrak izanik. Inter, aldiz, hiritar, artista eta intelektualena zen, goi mailako klasekoena. Historikoki jarraitzaileak hala banatu izan badira ere, II. Mundu Gerra amaitu ostean, herrialdeak izandako garapen ekonomikoak bi taldeetako jarraitzaileen arteko klase diferentzia hori desagerrarazi zuen apurka-apurka.
ASSE Saint Etienne eta Casino supermerkatua
Paris, Marsella edo Lyon bezalako hiri handiak dituen herrialde batean, Saint Etiennek, 180.000 biztanleko hiri bateko futbol taldeak, Frantziako liga gehien izatea deigarria da. Hala zen orain urte gutxi arte, baina Parisko PSG taldea Katarreko funts subirano batek erosi zuen 2012an, eta ordutik jokatutako 12 ligatik 10 irabazita, ASSE Saint Etienneni ostu zion ohorezko postua iaz.
Geoffroy-Guichard futbol zelaian jokatzen ditu partidak ASSE Saint Etiennek; Casino enpresa taldearen sortzailea izan zen Geoffroy-Guichard
Frantziako Loira departamentuan kokatuta, industria eta langile eskualde batean egonik, kluba langile talde baten eskutik jaiotzea ez da harritzekoa. 1919an, Casino supermerkatuen eta banaketaren sektorean jarduten zuen enpresak korporatibismoa sustatzeko kirol atal bat sortu zuen. Atal horrek Amicale des employes de la Sociéte des magasins Casino izena jaso zuen, A.S.C.1 siglekin ezaguna izango zena. Hala ere, une hartan Frantzian zegoen kirol erakundeetan izen komertzialak erabiltzeko debekuaren ondorioz, izena aldatu behar izan zuten Amicale Sporting Club jarriz. Kolore berdea aukeratu zen kamisetetarako, Casino denden kolorea zelako. Gerora, Stade Forézien Universitaire taldearekin elkartu eta 1934an egungo ASSE Saint Etienne izena jarri zioten. 1931tik klubak Geoffroy-Guichard futbol zelaian jokatzen ditu partidak. Casino enpresa taldearen sortzailea izan zen Geoffroy-Guichard.
Marinel ingelesen ondarea
Gurean aski ezaguna da futbola Euskal Herrira gure kostaldeko portuetan lan egiten zuten marinel ingelesek eman zutela ezagutzera. XIX. mende amaieran, aisialdirako partidak antolatzen hasi ziren euskal portuetan eta tokiko langileak norgehiagoka horietan parte hartzen hasi ziren. Euskal Herri osora ailegatutako ikasle ingeles gazteek foot-balla hedatzen ere lagundu zuten. Athletic 1898an sortu zen, Reala 1909an, Osasuna 1920an eta Alaves 1921ean.
Iberiar penintsulan futbola azkarren hedatu zen herrialdea izan zen Euskal Herria. Horren erakusle da Espainiako liga sortu zuten hamar taldeetatik lau euskaldunak izan zirela: Athletic, Reala, Getxoko Arenas eta Irungo Real Union.