Aurreikusitakoa baino %16 txikiagoa izan da gastua | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Gabonetan pertsonako 496 euro gastatu dira batez beste EAEn

Gastua 2023an baino %13 garestiagoa izan da, nahiz eta inkestatutakoen %52ak iazko diru kopuru bera xahutu duen

EAEko biztanleek batez beste 496 euro gastatu dituzte gabonetan, Cetelem behatokiak argitaratutako txostenaren arabera. Gastua iazkoa baino %13 garestiagoa izan da, baina esperotakoa baino %16 txikiagoa. Izan ere, behatokiak gabonak baino lehen argitaratu zuen gastuen aurreikuspen txostenaren arabera, EAEkoek batez beste 588 euro xahutuko zituzten.

Inkestatutakoen %52ak adierazi du kontsumo bera izan duela 2023an eta 2024ean. %30ak, ordea, erosketa gehiago egin ditu 2024ean, eta gainerako %18ak, aldiz, gutxiago gastatu dute.

Gastu motaren arabera, txostenak bereizi egiten ditu opariak egiteko erabilitako dirua eta familiakoekin egindako egonaldietan gastatutakoa. Lehenengoari dagokionez, %44ak 2023. urteko diru kopuru berbera erabili du oparietarako, %36ak gehiago xahutu du, eta %19ak gutxiago. Familiarekin elkartzeak dakartzan gastuei (afariak eta bazkariak) dagokionez, %56ak aurrekontua mantendu du, %29ak handitu, eta, gainerako %15ak txikitu.