Greba egitera deitu dituzte 10.000 langile inguru | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Garraio grebak “jarraipen zabala” izan du sindikatuen hitzetan, baina “txikia” erakundeek diotenez

UGTk eta CCOO sindikatuek antolatu dute greba deialdia, sektoreko langileen erretirorako adinaren jaitsiera aldarrikatzeko

UGTk eta CCOOk greba egitera deitu dituzte EAEko 10.000 langile inguru eta Nafarroako beste 1.000, bidaiarien errepideko garraioaren sektorean. Lanuztearen xedea da sektoreko langileen erretirorako adina beheratzea, 60 urtetara. ELAk eta LABek, baina, ez dute grebarekin bat egin, eta gidariei lanuztean parte ez hartzeko eskatu diete. Deialdia lau greba egunetakoa da: gaurko egunaz gain, azaroaren 11, 18 eta 29rako ere bai. Abenduaren 23tik aurrera greba mugagabea aldarrikatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du grebak eragin “txikia” izan duela Lurraldebusen; konpainiarentzako lan egiten duten hiru emakidadun %100ean ari dira lanean, beste hiru %90ean, eta gainerako biak %70 eta %80 artean. Donostiako Hiribus zerbitzuari dagokionez, grebaren eragina “eskasa” izan dela adierazi du Dbusek. Zehaztu dutenez, langileen %78 lanean ari da. UGT Euskaditik, kontrara, deialdiak Dbus zerbitzuan eragin “zabala” eduki duela azaldu dute: %50 ingurukoa goizeko txandari dagokionez. Zehazki, hamahiru linea egongo dira zerbitzurik gabe Donostian, eta ondorengoak dira: 17, 21, 23, 24, 27, 29, 31, 33, 38, 41, 42, 43 eta 46.  Horrez gain, beste hainbat lineak aldizkakotasun txikiagoa izango dute.

Bizkaibusen eta Bilbobusen, sindikatuaren esanetan, “ia erabatekoa” izaten ari da greba deialdiaren jarraipena. Zehazki, %100ekoa izan dela esan dute CCOOtik, Durangon eta Enkarterrin izan ezik. Bizkaiko Foru Aldundiak eman dituen datuen arabera, jarraipena %40 ingurukoa izaten ari da. Zehaztu dute goizeko txandan martxan dabiltzala Bizkaibuseko zerbitzuen %60. Bilboko udalak gehitu du Bilbobusen kasuan graberen jarraipena %31koa izan dela goizaldean, eta hala, zerbitzuen %69 normaltasunez dabilela.

Gasteizen, udalaren arabera, grebak ez du eragin nabarmenik izan. Espezifikatu dute lanuztean parte hartu dutela Tuvisa enpresako goizeko txandako sei langilek, 72 pertsonetatik. Langile horien lanuzteak eragina izan du laugarren, seigarren eta BEI-B lineatan.

Nafarroari dagokionez, Iruñerriako Mankomunitatetik adierazi dute ez dela eragin azpimarragarririk erregistratu eta eguna normaltasunez igarotzen ari dela. Billabesako zerbitzuen %40 martxan dagoela kalkulatu dute konpainiakoek (%60 puntako orduetan).