Argazkia: iStock

EKONOMIA

Gaur gerra, bihar gosea

Ukrainako inbasioak zartatu egin ditu elikagaiak esportatzeko kate globalak eta krisi humanitariorako prestatzera dei egiten dute nazioarteko erakundeek. Orekarien gisan, amildegiaren ertzean daude 140 miloi pertsona, munduko lekurik ahulenetako ahulenak. Berriro.

Munduan kontsumitzen den elika-energiaren % 30 zerealak. Garia, artoa edo ekilorea ezinbestekoak dira elikaduraren segurtasuna bermatzeko munduan eta  joan den martxoaz geroztik munduko merkataritza-kateak etenda daude. Errusiako eta Ukrainako soroetatik elikatzen dira munduan milioika pertsona, orain gerrak eragindako merkataritza etena dela medio, kinka larrian  daudenak. Zornaturiko zaurian piku egitera dator, beste behin ere, gerra: bi urteko pandemia, inoizko muturreko fenomeno klimatikorik bortitzenak eta tokian tokiko gatazka armatuen kronifikazioa ekaitza perfektuko baldintzak ez badira, antz handia dute. 

Errusia eta Ukraina munduko aletegiak eta biltegiak izan dira orain arte eta gerrak lehendik geraezina zirudien prezioen igoera are gehiago bizkortu du. Tximeleta efektua metafora zela uste genuen, globalizazioa kontzeptu abstraktu soil zela uste genuen modu berean.

Errusia eta Ukraina munduko aletegiak eta biltegiak izan dira orain arte eta gerrak lehendik geraezina zirudien prezioen igoera are gehiago bizkortu du.

Azken 20 urteetan, Errusia bere elikagaien erdia inportatzetik garia bezalako produktuen esportatzaile garbia izatera pasa zen. 35 milioi tona gari baino gehiago esportatzen ditu urtean, eta munduko gari-esportatzaile nagusia da. Ukraina bosgarren postuan dago, Errusia, AEB, Kanada eta Frantziaren ondoren, Nazio Batuen Merkantzien Merkataritzari buruzko Datu Basearen (Comtrade) 2020ko zifren arabera.

Ukraina eta Errusia munduko elikagaien merkatuan bi oinarri sendo izan dira orain arte, beraz. Gariaren hornidura globalaren % 30 ekoizten dute, munduko arto-horniduraren % 20 eta ekilore-haziaren olioaren % 75-80. Gainera, Errusia ongarri-ekoizle nagusitarikoa ere bada eta beraz, zeharbidez bada ere, eragin zuzena du mundu osoko elikagaien ekoizpenean.

Kate-begi guztiak apurtu egin dira gerrarekin eta beraz, inbasioak elikadura-kate globalean etena ekarri du. Errusiari ezarritako zigorrak, alde batetik eta Ukrainaren deskonexioa, bestetik, soroak antzu utzi dituzte eta mahaiak hutsik. Munduko tokirik ahulenetan, ahulenek sufrituko dute gehien.

Elikadurarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) martxo hasieran ohartarazi zuenez, Ukrainako laboreen % 30 galtzeko arriskua dago. Maiatzean hasita uda udan zehar soroak lantzen ez badira, galera erabatekoa izango da. Gatazkaren lehen egunetan, gobernu ukrainarrak debekatu egin zuen herrialdetik alerik ateratzea, herritarren elikagaiak bermatzeko. Nekazariak beren etxaldeetan lanean jarraitzeko eta luze aurreikusten den gatazkan elikagaiak biltzen direla bermatzeko borrokarako betebeharretik salbuetsi zituen. Edonola ere, ez dago modurik produktua herrialdetik ateratzeko. Ekoizpenari eragiteaz gain, liskarrek 2022-2023 denboraldiko esportazioak nabarmen murriztuko dituzte eta ezaguna da horren eragina: eskaria handia denean eskaintzaren prezioak neurri gabe egiten du gora.  

Elikadurarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) martxo hasieran ohartarazi zuenez, Ukrainako laboreen % 30 galtzeko arriskua dago. Maiatzean hasita uda udan zehar soroak lantzen ez badira, galera erabatekoa izango da.

Nazio Batuen Elikagaien Munduko Programako biltegiak husten ari dira. Larrialdi-egoeretarako behin-behineko irtenbide gisa ezarri zen programa hori, baina 60 bat urtez etenik gabe jardun behar izan du. 125 milioi pertsona elikatzen zituen otsailaren 24an Errusiak Ukraina inbaditu baino lehen, eta dagoeneko hasi da milioika familientzako elikagaiak murrizten munduko hainbat lekutan, elikagaien, gasolinaren eta garraioaren kostuek gora egin dutelako. Yemenen 8 milioi pertsonari erdira gutxitu zaie laguntza eta ez dago argi noiz arte eutsi ahal izango zaion programari bertan. Egoera bertsuan daude beste zenbait herrialde, Afrikako erdialdean bereziki. 

Behin eta berriro errepikatzen den gidoiaren pasarteak irakurtzen ari garela ohartzen dute analistek. Gerrek elikadura-krisiak eragiten dituztela ez zaie azaldu behar Siria, Iran, Irak edo Yemengo herritarrei, baina oraingo gerra honen aurrean bereziki sentiberak dira, gara, mendebaldean, gerra honetan  inplikatutako aktoreen garrantziagatik eta orain arteko merkataritzako interdependentzia-sistema konplexua lehertu egin delako. 

Krisi militarra eta diplomatikoaren azken orduko albisteei begira ari garen bitartean, elikaduraren krisia lehertu egin da.