Geroa Pentsioakek estatutuak aldatu ditu Jaurlaritzaren BGAEn araudi berrira egokitzeko
Ordainketa bakarrean kobratzeko aukera izango dute egun bazkide diren eta 43.398,60 eurotik behera dituztenek; bazkide berrien gehienezko kobrantza, aldiz, 36.165,50 eurokoa izango da
Geroa Pentsioakek estatutuak berritu ditu, Eusko Jaurlaritzak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei (BGAE) ezarritako araudi berria dela eta. Neurri hori azaroaren 8an jarri zen abian, eta pentsioak hileko ordainketa gisa jasotzea lehenesten du.
Entitateko zuzendari nagusiak, Jordan Sáenzek, azaldu du araudi berriak erakundeko bazkideentzako “aukerak zabaltzen” dituela. Egungo bazkide diren eta 43.398,60 eurotik beherako aurrezkiak dituztenen kasuan, ordainketa bakarrean kobratzeko aukera dute. Zenbateko hori gainditzen dutenen kasuan, berriz, %25a erretiratzean jasotzeko parada dute, eta gainerakoa hileko errenta gisa, gutxienez, 17 urtetan zehar. Bestalde, bazkide berrientzat gehienezko kobrantza 36.165,50 eurokoa izango da.
Araudi berria erakundeko azken batzarrean aho batez onartu zen eta Eusko Jaurlaritzak ostiralean eman zion onespena. Datozen asteetan informazio kanpaina bat jarriko da martxan eskainitako aukerak ezagutarazteko bazkide guztiei; entitateak web orrialde espezifiko berri bat ere prestatu du.
Geroa Pentsioakek, egun Gipuzkoako sektore pribatuko langileen erdia ordezkatzen du, eta “pentsio publikoa osatzen duen modeloa” defendatzen du. Urteetako batez besteko errentagarritasuna %5,3koa da, urteko KPIa %3,5ean gaindituta. Gobernu batzordeak hogeita sei kide ditu, bai enpresa ordezkariez (Adegi), bai ordezkari sindikalez (ELA, LAB, CCOO eta UGT) osaturikoa.