Gipuzkoako enpresen salmentak %0,7 handitu ziren 2024. urtean
Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako txostenak dio enplegua %1,7 handitu zela iaz; langileen batez besteko soldata ere %5 igo zen
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak aurkeztu berri du 2024ko abenduko datuak jasotzen dituen enpresen egoerari buruzko txostena. Irune Berasaluze foru bozeramailea arduratu da emaitzak azaltzeaz.
Salmentak
2024. urtean Gipuzkoako enpresen salmentak %0,7 handitu ziren, batik bat, barne salmentei eskerrak, %1,7 gehiago izan baitziren. Sektoreka, zerbitzuen sektoreak lortu zuen zifrarik onena salmentei dagokionez, %2,1eko igoerarekin; industriaren sektorea berdin mantendu zen, baina, eraikuntzan salmentak %3,9 beheratu ziren.
2024ko abenduan barne-salmenten zenbatekoa are handiagoa izan zen, %5,1 hazi baitzen 2023ko hilabete beraren aldean.; kanpo salmentak (esportazioak), ordea, %9,1 txikitu ziren. Orotara, salmenten %0,3ko balantze positiboarekin amaitu zen abendua. Sektoreka, hilabete horretan zerbitzuen sektoreak %1,8 hazkundea lortu zuen; industriak %0,5eko beherakada izan zuen, eta jaitsierarik nabarmenena eraikuntzarena izan zen, salmentak %4,9 txikitu baitziren.
Enplegua eta soldatak
2024. urtean Gipuzkoako lan merkatua “sendotzen eta hazten” aritu dela esan du Berasaluzek, enplegua %1,7 igo baita. Industriaren sektorean lortu da enplegu gehien, %2,1eko igoerarekin, eta, ondoren, zerbitzuen sektorean, %1,3ko hazkundearekin; eraikuntzaren sektorean, aldiz, enplegua %0,9 jaitsi da, 2023. urtearen aldean.
Soldatak ere %6,4ko igoera izan dute: industria sektorean %7,2koa, zerbitzuenean %6,3koa eta eraikuntzan %2,7koa. Batez beste, langileen ordainsaria %5 igo da txostenaren arabera.