Hamahiru enpresa gutxiago daude 2023ko azaroaren aldean|Argazkia: iStock

EKONOMIA

Hartzekodunen konkurtsora jo duten enpresen zenbatekoa %29,2 hazi da aurten

Gizarte Segurantzan urrian baino 326 enpresa afiliatu gehiago dauden arren, 2023ko zifra berdin mantendu da

Gizarte Segurantzan afiliatutako EAEko enpresa kopuruak gora egin du azaroan, urrian baino 326 gehiago baitira. Horrek esan nahi du egun 57.896 enpresa daudela orotara. Confebaskek argitaratu duen berripapereko datuak dira, eta aipatutako zifra oro har azaroan izaten dena baino altuagoa da.

Urte artean, alegia, 2023ko azaroarekin alderatuta, soilik hamahiru enpresa gutxiago daude, %0,02ko beherakadarekin. Pandemia hasi zen garaiarekin konparatuta (2020ko otsaila), ordea, tartea handiagoa da, orduan baina 997 enpresa gutxiago baitaude afiliatuta, %1,7ko jaitsierarekin.

Sektoreka, aurreko hilaren aldean enpresak gehitu dira alor guztietan, baina aurreko urtean enpresa gehiago zeuden industriaren sektorean. Kontrara, igo egin da enpresa kopurua urte artean zerbitzuen eta eraikuntzaren sektorean.

Autonomo kopuruari dagokionez, azaroan 164 gehiago zenbatu dira. Hala, 2023an baino %0,3 autonomo gutxiago daude, guztira 166.887 baitira.

Hartzekodunen konkurtsora jo duten enpresen zenbatekoa %29,2 hazi da 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan, aurreko urteko epe beraren aldean. Hala eta guztiz ere, Espainiako estatuko zifra (%31,2) baino baxuagoa da EAEkoa. Konkurtsora jo duten enpresak, batik bat, eraikuntzaren (40 enpresa), zerbitzuen (135 enpresa) eta industriaren (44 enpresa) sektorekoak dira.