Gizarte zerbitzuetara bideratutako gastua %7,9 handitu zen 2023an
Biztanle bakoitzeko gastua 11.064 euroko izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan, urtebete lehenago baino %7,3 gehiago
Gizarte zerbitzuetara bideratutako gastua %7,9 hazi zen 2023an, aurreko urtearen aldean. Eustatek eskainitako informazioaren arabera, 2023an 24.382 milioi euroko gastua egin zen esparru horretan, 2022an baino 1.792 milioi euro gehiago.
BPGren ehunekoari dagokionez, 2022an %26,1 zen, 2023an, aldiz, %26,3. Era berean, biztanle bakoitzeko gastua 11.064 euroko izan zen 2023an, urtebete lehenago baino %7,3 gehiago.
Datuok aztertzerako garaian, edozein erakunde publikok edo pribatuk Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-babeseko sistemetan egindako gastua eta diru-sarrerak zenbatu ditu Eustatek. Hala, gizarte-babeseko gastu osotik, 24.080 milioi gizarte-prestazioetako gastuari dagozkio, eta 302 milioi administrazio gastuei.
Gizarte-prestazioetan, senideei bideratutako gastua 934 milioi eurokoa izan zen 2023an, (%16,5 gehiago), etxebizitzara (gizarte-prestazioen guztizko gastuan garrantzi erlatibo txikiena duen funtzioa da, %0,9) %12,7 gehiago eta “zahartzarora” 10.796 milioi euro (%10,5 gehiago). Bestalde, osasun arreta arloko gastuak beherakada izan zuen (2022an baino %3,8 gutxiago gastatu zen).