Isasi eta Aranburu soldata arrakalaren gaineko azterketaren emaitzen aurkezpenean | Argazkia: LAB

Berdintasuna

Gizonek emakumeek baino ia bi aldiz gehiago kobratzen dute sektore batzuetan

LABen arabera, lan hitzarmenik gabe lanean aritzen diren lau langiletik hiru emakumeak dira. Soldata arrakalaren aurkako mobilizazioak deitu ditu otsailaren 22rako

LAB sindikatuak Euskal Herriko soldata arrakalaren inguruko azterketa egin du. Horren arabera, sektore batzuetan kategoria bereko lanetan “%90era iris liteke soldata arrakala, eta gizonek emakumeek baino ia bi aldiz gehiago irabazten dute”, ezagutarazi du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaileak, Maddi Isasi idazkari feministarekin batera. Erakunde publikoek jakinarazitako datuek errealitatearen benetako argazkia erakusten ez dutela salatu dute, eta zenbait adibide ezagutarazi dituzte:

Isasik adierazi duenez, “Gipuzkoako eraikuntzako biltegiko peoiak kategoria bereko adinekoen egoitzetako langileak baino %90,30 gehiago irabazten du”, beraz, antzeko bi lanetan “gizonak emakumeak baino ia soldata bikoitza du”, eta gaineratu du ez dela “kasu isolatua”. Hala, kale garbiketako langile batek aretoetako eta eraikinetako garbitzaile batek baino “%22,7 gehiago” kobratzen du, eta “metaleko langile batek helduen egoitzetako langile batek baino %45,36 gehiago”. Horrez gain, gizonen urteko batez besteko soldatak 6.200 euroan gainditzen duela emakumezkoena ondorioztatu dute, hau da, gizonek emakumeek baino %23 gehiago irabazten dutela urtean.

Sindikatuak salatu duenez, “emakumeek egiten dituzten lanei balio gutxi ematen zaie, eta soldatak oso txikiak dira, soldata arrakala nagusi da sektore feminizatuetan”. Ondorioz, “sexuaren araberako lanaren banaketaren arteko dikotomia faltsuari” amaiera ematearen alde egin dute, eta soldata arrakalaren aurkako bi manifestazio deitu ditu otsailaren 22an, Soldata Berdintasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, bata Bilbon, eta bestea Iruñean.