Donostiak urrian onartuko du izendapena | iStock

EKONOMIA

Gune tentsionatu izendatzeko eskaera egin dute Lasartek, Zumaiak eta Galdakaok

Asteazkenetik aurrera Errenteria izango da ofizialki lehen gune tentsionatua. Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Irun ere izendapena eskuratzeko bidean dira

Datorren asteazkenetik aurrera ofizialki gune tentsionatua izendatuko dute Errenteria, eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako etxebizitza eta hiri agendako sailburuak adierazi du Gipuzkoako udalerriak hartutako bidea baliagarria izango dela Euskal Herriko beste hainbat herrirentzat.

Gaur, Euskadi Irratian egindako adierazpenetan zera esan du: Lasarte, Zumaia eta Galdakaoko udalek jada gune tentsionatu izendatzeko eskaera egin dutela. Era berean, Donostiak eta Irunek urrian onartuko dute izendapena, eta Gasteiz eta Bilbon ere asmo bera dute.

"Errenteria izan da lehena, eta beste udalerri askorentzat erabilgarria izan daitekeen bidea ireki du. Errenteriako Udala zoriondu nahiko nuke, gauzak behar bezala eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan egin dituelako. Seguru asko, nahi baino beranduago izan da, baina segurtasun juridikoa ere garrantzitsua da", azaldu du Itxasok.

Sailburuak esan du, udalerri bat etxebizitzaren arloan tentsionatutako eremu izendatzeko, Etxebizitza Legeak eskatzen dituen hainbat baldintza edo parametro bete behar dituela, hala nola, etxebizitzaren kostuak zenbateraino mugatzen duen familia errenta edo alokairuaren prezioak KPIaren gainetik zenbat egin duen gora. Behin hori neurtuta, hiru urteko plan bat egin beharra du udalerriak.

Ildo horretan, gogorarazi du etxebizitzaren legeak alokairuaren prezioaren igoera "edozein jaberi" mugatzea aurreikusten duela, "handia edo txikia izanda ere", baina zehaztu du bereziki jabe handiak dituela begiz jota.