Denis Itxaso sailburua Onda Vascan | Argazkia: Irekia

EKONOMIA

EAEko biztanleen %20 bizi da gune tentsionatu izendatzeko eskatu duten eremu batean

Denis Itxaso etxebizitza krisiaren gainean aritu da irratian, eta eremu tentsionatuak izendatzearen garrantzia azpimarratu du

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak azaldu du EAEko biztanleriaren %20 bizi dela gune tentsionatu izendatzeko eskatu duten eremuren batean. Hala adierazi du sailburuak Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan.

Itxasoren ustetan, gune batzuk eremu tentsionatu izendatzeak garrantzia handia du alokairuan dauden etxebizitzen prezioak murrizteko. Gehitu du Bartzelonan jada hasiak direla prezioen beherakada nabaritzen, han ere hainbat leku gune tentsionatu izendatu dituztelako. Azpimarratu du neurri hori hartzeaz gain ezinbestekoa dela etxebizitzen eskaintza zabaltzen jarraitzea.

Sailburuak parlamentuko taldeei eskatu die 2025. urterako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak babestea, etxebizitzaren, osasunaren eta hezkuntzaren arloko erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak har daitezen. Hala, Gaztelagun programari egin dio aipamena sailburuak, zeinak jada 7.800 gazte lagundu dituen; programa horrek alokairua ordaintzeko dirulaguntza eskaintzen die gazteei. Etxebizitzak erosteko laguntzak aztertzen ari direla ere adierazi du Itxasok.

Azkenik, sailburuak azaldu du garrantzitsua dela bizilekuak birgaitzea eta auzoak leheneratzea, eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna izan dezaten. Udalen, auzo erkidegoen, Europako funtsen eta OpenGelasen laguntzarekin ari dira birgaitze lan horietan.