Unai Sordo, Yolanda Díaz eta Pepe Álvarez | Argazkia: UGT

EKONOMIA

Gutxieneko soldata 1.184 eurora igotzea adostu dute sindikatuek eta Espainiako Gobernuak

CCOO eta UGTrekin sinatu du akordioa Yolanda Díaz Lan ministroak, eta bihar onartuko da Ministroen Kontseiluan

Gutxieneko soldata 50 euro igotzea adostu dute Espainiako Gobernuak eta sindikatuek. Hala, gaur goizean sinatu dute akordioa Yolanda Díaz Lan ministroak, Pepe Álvarez UGTko idazkari nagusiak eta Unai Sordo CCOOeko idazkari nagusiak. Gauzak horrela, orain arteko 1.134 euroko soldata 1.184 eurokoa izatera pasako da, hamalau ordainsaritan banatuta.

Gaur sinatu den arren, akordioa bihar onartu beharko da Ministroen Kontseiluan, baina urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeragina izango du. Hala ere, oraindik ez dago argi Ogasunak PFEZko salbuetsitako minimoa ere igoko duen, onuradunek ez dezaten soldata igoera horrengatik kotizatu behar.

CEOE eta Cepymek patronalek ez dute hitzarmenean parte hartu. Izan ere, gutxieneko soldataren %3,4ko igoera proposatu zuten, baina sindikatuen eta ministerioaren ustetan, “ez zen nahikoa”.