Greenwashinga egiteagatik auzitegietara eraman du Iberdrolak Repsol | Muntaia: EnpresaBIDEA

EKONOMIA

Haizeak astindutako astea

Korrika, Greenwashinga eta zergak izan dira aste honetako gai nagusiak

Ttipi-ttapa abiatu dugun aste honek ekonomiarekin lotutako albiste ugari utzi dizkigu. Atzo Bilboko kaleak zeharkatu eta gero Bizkaian barrena jarraitzen du gaur Korrikak. Iluntzean Durangaldea igaro eta gero Gipuzkoara egingo du salto eta bihar Donostiako Kontxako badiak irudi zoragarriak utziko dizkigu. Herriz herri Korrikaren lekukoak eskuz esku garraiatu du igandean Baionan ezagutuko dugun mezua, haizeak Remigio Mendiburuk diseinatutako artelanaren ikurriñatxoa astindu bitartean. Euskaratik eta euskaraz sortutako proiektua da EnpresaBIDEA. Informazio ekonomikoa jorratzen dugu hedabide honetan, euskaraz eta horregatik ilusioz josita hartu genuen Korrikaren lekukoa astearte iluntzean Usurbilen. Etorri ezin izan zuten gainontzeko taldekideak gogoan izanda ekin genion gure kilometroari harrotasunez eta harrokeriarik gabe. Gure hizkuntza lau haizetara zabaltzen duen ekimena da Korrika eta haizea izango dugu, hain zuzen, Talaia honetako gaiak harituko dituena.

Haizearen garrantzia jorratu dute Barakaldoko BECen gaur bukatuko den Wind Europe 2024 kongresuan. Europako energia eolikoaren hiriburu bilakatu dira Bilbo eta Bizkaia, mundu osoko 12.000 pertsona eta 520 enpresa baino gehiago bilduta. Trantsizio energetikoaren ezinbesteko gakoa dira energia berriztagarriak eta honelako topaketak industriaren garapenerako ezinbestekoak dira, aliantzak sortzeko. Europako Batasunak inoizko potentzia eolikorik handiena instalatu zuen 2023an, 16,2 GW eta hurrengo urteetan joera honekin jarraitzea espero da. Kontsumo energetikoaren % 42,5 berriztagarrien bidez lortzea du helburu Europak 2023rako, eta horretarako, 2024 eta 2030 bitartean urtero 33 GW-ko potentzia instalatu beharko luke. Europako sektore eolikoaren enpresak biltzen ditu WindEurope elkarteak, kongresuaren antolatzaileak, Europako Batasunak parke eolikoak baimentzeko tramite burokratikoak arintzeko hartutako neurriak nabarmendu nahi izan ditu bere urteroko txostenean.

Kontsumo energetikoaren % 42,5 berriztagarrien bidez lortzea du helburu Europak 2023rako, eta horretarako, 2024 eta 2030 bitartean urtero 33 GW-ko potentzia instalatu beharko luke

Gai honen harira, esaterako, Jose Ignazio Hormaechea Euskadiko Energia Klusterraren zuzendari nagusiak “parkeak ez direla egiten ari egin beharreko erritmoan” salatu zuen. Tramite administratiboena ez da izan Hormaecheak nabarmendu duen alderdi bakarra. Klusterraren buruak enkante eolikoak birplanteatzearen beharra ere azaldu du, prezioaz harago bestelako alderdi batzuk ere aintzat hartzeko. 200 enpresak baino gehiagok osatzen dute Energiaren Klusterra, 120 eolikoarekin lotutakoak.

Barakaldoko topaketa, zalantza barik, euskal enpresentzako aukera ezin hobea izan da energia eolikoan duten muskulua erakusteko, bertan Hego Euskal Herriko 55 enpresak baino gehiago parte hartu dutelarik. Inaugurazio ekitaldian Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batera Teresa Ribera Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta trantsizio ekologikorako ministroa, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Garapen ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua eta Giles Dickson WindEuropeko kontseilari delegatua egon ziren. Hasierako diskurtsoen ostean, enpresa parte hartzaileen standak bisitatu zituzten agintariek, Repsol eta Iberdrolarenak, besteak beste. Ikusmin handia zegoen bi bisita horietan Iberdrolak Repsol auzitegietara eraman zuela jakin eta gero, greenwashing bitartez konkurrentzia desleiala egitea leporatuta. Albistea astelehenean ezagutu genuen, azken orduan, eta hurrengo egunean zeresan handia eman bazuen ere, Riberak asteartean bertan X sarean idatzitako mezuak are oihartzun handiagoa eman zion. “Auzitegietara heldu da #greenwahinsgarekiko asperraldia” txiokatu zuen ministroak, nolabait Iberdrolaren alde agertuz.

Wind Europe 2024 topaketa, euskal enpresentzako aukera ezin hobea izan da energia eolikoan duten muskulua erakusteko, bertan Hego Euskal Herriko 55 enpresak baino gehiago parte hartu dutelarik

Ezagunak dira Ribera eta Respsolen arteko desadostasunak trantsizioaren inguruan. Davoseko foroan Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak Europako Batasuna deskarbonizazioari “kutsu ideologikoarekin” heltzen ari zaiola salatu eta gero Riberak “negazionismoa” leporatu zion. Ministroaren txioak, hortaz, konpainia bizkaitarrarekin lerrokatzea aditzera ematen bazuen ere, Wind Europe kongresuaren inaugurazioan Riberak “neutrala” zela adierazi zuen, publizitate engainagarriaren aurka egin behar dela gaineratuz. Atzo, Josu Jon Imazek industria ez defendatzea leporatu zion Riberari, eta Iberdrolaren salaketak fundamentu juridikorik ez duela adierazi zuen. Hala, Imazen esanetan, Iberdrolak argindarraren sektorean Repsolen konpetentzia mugatu nahi du eragiketa honen bidez.

Zergak, ezbaian

Enpresa energetikoena ez da izan aste honetan haizeak astindu duen eremu bakarra. Hauteskunde haizea dator gurean eta bozen eguna hurbildu ahala, haize korronteak oldartzen ari dira. Euskal Herritik kanpo ere hauteskunde giroa borborka dabil. Ekainean Europako legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira, eta alderdi politikoak aurrekanpainan murgilduta daudela ematen du. Madrilen, esaterako, Isabel Diaz Ayuso erkidegoko gobernuburuaren bikotearen ustezko zerga iruzurrak zeresan ugari eman du. Presidenteak berak zerga ikuskarien aurka egin du bere kontrako “konplot” bateko partaide direlakoan. Testuinguru honetan, Carlos Cruzado Ogasun Ministerioko teknikaria eta GESTHA estatuko ogasuneko kidego teknikoko sindikatuaren buruak “Los ricos no pagan IRPF “ (Aberatsek ez dute PFEZa ordaintzen) liburua kaleratu du, Espainiako estatuan zerga sistemak dituen gabeziak agerian jartzeko. Bere esanetan, PFEZ zerga klase ertaineko kideek eta autonomoek ordaintzen dute nagusiki “baina aberatsek ez”, beren ondareak hainbat egituren bitartez antolatzen dituztelako. Hilabete eskas falta da liburuaren egunerako eta irakurketa ona izan daiteke, zalantza barik.

Cruzadoren ildoaren kontrakoa da Arthur Laffer ekonomialari estatubatuarra. Ronald Reagan presidentearen aholkularia izan zen, baina Laffer batez ere ezaguna egin zen zerga-tasen maila eta zerga bilketaren ustezko harremana azaltzen zuen kurbagatik. Mahai-zapi batean irudikatu zuen lehen aldiz gerora neoliberalen “mantra” bihurtu zen kurba. Maila jakin batetik aurrera zergak igotzean, bilketa murrizten zela eta zergak jaitsi behar direla defendatzen zuen Lafferrek. Asko izan dira baina teoria horren aurka agertu diren ekonomialariak. 83 urte ditu egun Lafferrek eta erretiroan zegoela uste bagenuen ere, aste honetan berriz ere lehen lerrora bueltatu da. Donald Trumpek Laffer AEBko Erreserba Federaleko buru izendatu nahi du bertako hauteskundeak irabaziz gero. Tax the rich! aldarria gero eta ozenago entzuten ari den garai honetan Trumpek mezu argia bidali nahi izan du: Zergak jaistea.

Maila jakin batetik aurrera zergak igotzean, bilketa murrizten zela eta zergak jaitsi behar direla defendatzen zuen Lafferrek

Hala, EAEn, orain gutxi ezagutu ditugu 2024ko lehen bi hilabeteetako zerga bilketen datuak. Bizkaiko ogasunak 2.058 milioi euro bildu ditu otsailera arte, Arabakoak  337,2 milioi euro eta Gipuzkoakoak 870,4 milioi euro. Orotara, beraz, 3.200 milioi euro baino gehiago bildu dira hiru lurraldeetan urteko lehen bi hilabeteetan.

Katalunia eta zerga sistema propio baten aldarria

Katalunian ere aurki dituzte hauteskundeak, Pere Aragonesek aurreko astean, ustekabean, bozak maiatzaren 12ra aurreratu eta gero. Amnistiaren legeak bide parlamentarioa abiatu eta aste berean Aragones hauteskundeei begira jarri da, eta Kataluniarentzat zerga sistema propioa aldarrikatu du. Hego Euskal Herriko foru ogasunen antzerako sistema proposatu du. Bere proposamenak ez du harrera onik izan estatu mailan. Alderdi Sozialistak erkidego autonomo guztiak (Nafarroa eta EAE salbu) kontuan hartuko dituen finantzazio sistema berri baten alde egin du, eta Popularrek ERCko buruaren proposamena gogor kritikatu dute.

Euskal Herrian, ordea, alderdi abertzaleen artean harrera hotza izan du katalanen proposamenak. ERCk proposamena egitean kontzertu-ekonomikoarekin parekatu zuten, baina “solidarioa” izango zela gaineratuz. “Lurralde orekarako funtsa“ proposatu du Aragonesek “gaitasun ekonomiko txikiagoa” duten erkidegoekiko ekitatea sustatu asmoz. Ildo horretan, Natàlia Mas Kataluniako Generalitateko ekonomia kontseilariak “euskal modeloan beste erkidegoekiko ekarpenik apenas dagoenik” gaineratu zuen. Adierazpen hauek min egin dute euskal politikarien artean. Hala, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak sare sozialetan Euskal Herrikoa “konstituzioak babestutako sistema solidario eta berezia“ dela aldarrikatu zuen, eta “alde bakarreko arriskua duela” gaineratu. Hori da, hain zuzen, Hego Euskal Herriko kontzertuen ezaugarrietako bat. Foru ogasunek zergak biltzen dituzte eta estatuari kupoa ordaintzen diote, aldez aurretik adostutako formula baten arabera, zerga bilketa ondo zein gaizki joanda ere. Euskal Herrikoaren antzeko sistema eskaini omen zion Adolfo Suarez presidenteak Jordi Pujoli 1980an, eta honek uko egin zion, alde bakarreko arrisku hori gustuko ez zuelako.

Euskal Herrikoaren antzeko sistema eskaini omen zion Adolfo Suarez presidenteak Jordi Pujoli 1980an, eta honek uko egin zion, alde bakarreko arrisku hori gustuko ez zuelako

Hausteskunde haizeak gero eta indartsuago datoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Alderdi politikoak hasi dira hauteskunde programak aurkezten eta fiskalitateak leku nagusia hartu du. EnpresaBIDEAn gaur egun hiru lurraldeetan ordezkaritza duten alderdiengana jo dugu, ekonomiaren alorrean dituzten proposamenak ezagutzeko. Bi alderdi nagusietako hautagaiei aurrez aurreko elkarrizketak egin dizkiegu eta besteei galderak idatziz bidali dizkiegu, euskaraz. Erantzun digutenen elkarrizketak plazaratzen ari gara hauteskundeak heldu bitartean. Izango dugu aukera, zalantza barik, proposamen inguruan aritzeko Talaia honetatik.