Irudia: iStock

EKONOMIA

Hau ez da 2024ko beste prentsa laburpen bat

2024ko albiste ekonomiko eta enpresarialak, hitz egin genezake: interes tasen beheranzko bideaz; lan-jardunaldiaren murrizketaz; enpresa energetikoen, bankuen eta multinazionalen gaineko zergaz; zor publikoaz eta defizitaz; adimen artifizialaz eta kriptodiruaz; edota zerga-mugen borrokaren hasieraz.

Baina ez dugu halakorik egingo. Egoitza berrien zabaltzeei, erosketei eta itxierei, eta izendapen eta aitortzei erreparatuko diegu, modu oharkabeagoan igaro den horretan ere fokua jarrita. Baliteke ez jasotzea jaso beharko liratekeen albiste guztiak. Baina hau ez da beste prentsa-ekonomikoko laburpen bat.

SEA, Eusko Ikaskuntzak eta Alkik egoitza berria dute

Arasurreko datu-zentroko lehen eraikina zabaltzea ezinbesteko albistea dela ukaezina da. Adimen artifizialaren esparruari sekulako ekarpena egin diezaioketela aurreikusi da.  Eta egoitza berriak zabaldu dituzte, halaber, SEA Arabako enpresarien elkarteak, Eusko Ikaskuntzak eta Alki altzairuak ekoizten dituen kooperatibak.

SEAko egoitza berria, aurrekoa bezala, Gasteizen dago kokatuta, baina oraingoan Araba kaleko 37. zenbakian. Denera lau solairu ditu, tailerrak, jardunaldiak, hitzaldiak eta dibulgazio ekintzak antolatzea ahalbidetuko dutenak.

Eusko Ikaskuntzak, berriz, lokal berria du Donostiako Bergara kaleko 19. zenbakian. Itxura berria izateaz harago, asmoetan ere aldaketa ageri dela nabarmendu zuen Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak urriaren 22an egindako inaugurazioan: "kalera irten gara; irisgarriagoak gara orain".

Alkiren kasuan, lantegi berria da zabaldu dutena, Larresoroko (Lapurdiko) Pelen Borda gunean. Orain arte Itsasun zuten lantegia txiki geratuko zitzaiela ikusita egin zuten apustua 2020an lursaila erosi eta eraikin berria egiteko. Apustu horrekin, jarduera hedatzeko asmoa du kooperatibak.

P4Q eta VIVEBiotechen erosketak

Han-hemenka arakatuz gero, BBVAk Sabadellen gain egin nahi duen erosketa publikoko eskaintza izan da segur asko erosketa guztietan protagonista, zer gertatuko den ikusteko oraindik ere CNMCren oniritzia falta bada ere. Talgoren erosketa ere oso lehen lerroan izan da azken egunotan, erosleen artean agertu baita Poloniako PFR funtsa, eta horrek enpresaren errotzearen gaineko kezka piztu baitu SEA Arabako enpresaburuen elkartean eta Arabako Merkataritza Ganberan, besteak beste. Eta hori dena, Uvescoren etorkizuna noren esku izango den jakin gabe.

Aitzitik, urteko azken hilabeteek bi enpresa garrantzitsuren salmenta utzi dute, 2025ean formalizatuko direnak. Alonsotegin (Bizkaian) kokaturiko P4Q da horietako bat, elektronikan espezializaturikoa. Sei urteren ostean, Talde Private Equity kapital kudeatzaile euskaldunak Kinematics estatubatuarrari saldu dio enpresaren jabetzaren %100. Aitor Alapont sortzaileak zuzendari nagusi postuari heluko dio, baita zuzendaritza taldeko gainontzeko kideek ere, baina salmenta gauzatzen denean Kinematics taldearen parte izatera igaroko da P4Q.

Beste kasua da VIVEbiotech enpresa donostiarrarena. AEBko Amperstand inbertsio funtsak erosi du bioteknologia sektorean aritzen den start-upa, 40 milioi euroren truke. Erosketak aldaketak ekarriko ditu, Gurutz Linazasoro enpresaren sortzaile eta CEO edo zuzendari exekutiboak bere kargua utziko baitu, enpresaren administrazio kontseiluan jarraituko badu ere. Jon Alberdi igaroko da CEO izatera, eta Stefan Beyer izango da konpainiaren presidente exekutibo berria, Amperstanden izenean.

BHSren itxiera eta Balenciaga konkurtsora

Europa mailan, hautsak harrotu dituzte Michelinen, Mercedesen eta Volkswagenen bakoitzak bere jatorrizko herrialdean —Frantzian lehenengoak, Alemanian azken biek— gauzatuko dituzten lantegien itxierek, azkenean Volkswagenena bertan behera geratu bada ere. Horrek Euskal Herrian kokaturik dauden lantegiei eta horien hornitzaileei nola eragingo dien ikusteke dago oraindik.

Aldiz, bada 660 langileri eragin ahal dion itxiera: BSH etxetresnen enpresa alemaniarraren Ezkirozeko (Nafarroako) lantegiarena, hain zuzen, enpresak baitio lantegia ez dela errentagarria. Bestelako aldaketarik ezean, ekainaren 16ra bitarte jarraituko dute hozkailuak eta ontzi garbigailuak ekoizten, baina, egun horretan jarduera eten eta hilabeteko epean langileen kaleratzea negoziatuko dute.

Bien bitartean, Zumaiako (Gipuzkoako) Balenciaga ontziolak ez du lortu zorrari aurre egitea eta hartzekodunen konkurtsora jo du. PKF Attestek izango du konkurtsoa kudeatzeko ardura: Balenciagak hilabeteko epean enpresari buruzko informazio guztia partekatu beharko du harekin, eta ikuskariek bi hilabete izango dituzte egoerari buruzko txostenak egiteko. Inbertsiogileen bila jarraituko dute bitartean egungo jabeek.

Miren Arzalluz eta Ainhoa Rementeriaren kargu berriak

Azken urtebetean ekonomiari loturiko izendapen ugari etorri dira Eusko Jaurlaritzan, eta ondorioz erakunde publikoetan, gertaturiko aldaketengatik. Kasu horietako bat da Antonio Aizena, Bilboko Portu Agintaritzako zuzendari nagusi berri izatera igaroko dena. Mondragonen lehendakari berriaren izendapenak ere ekarri ditu aldaketak talde kooperatibora, bereziki arlo industrialera.

Baina harago joanik, aipatzeko modukoa da Bilboko Guggenheim museoan izango den aldaketa. Apirilaren 1ean, Miren Arzalluzek hartuko du Juan Ignacio Vidarten lekukoa zuzendaritzan, sei urtez Palais Galliera Parisko moda museoa zuzendu ostean. Vidarte izan da Guggenheim egin zenetik museoak izan duen zuzendari nagusi bakarra, beraz, ikusi beharko da Arzalluzek ezartzen duen norabidea berria den, ala haren aurrekoak egindakoari eusten dion.

Industria mundura joaz, Elgoibarko (Gipuzkoako) makina-erremintako Maher Holding enpresak ere zuzendari nagusi berria du: Ainhoa Rementeria. Rementeria 1996an sartu zen enpresara. Maher Holding Geminis Lathes taldearen parte da, eta hark adierazi bezala, aitortzak "lortutako lidergo-gaitasunean eta taldeari buruzko ezagutza sakonean duen konfiantza islatzen du".

Azkenik, hedabide honentzat berezia den izendapena aipatu nahiko genuke: Javier Arrieta Idiakezena, Deustuko Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedratiko izendatu baitute.

Aitortzak Naruri zein Lorea Argarateri

Aurtengo Joxe Mari Korta Sariak jaso dituzte José Barreira Lorenzo, Begoña Castro Feo eta José Ángel Muro Zabaleta enpresariek. Barreirak kargu exekutiboak eta ordezkaritzakoak ditu, besteak beste, ostalaritza sektoreko hainbat enpresatan, garraio eta logistika sektorekoetan, eta enpresa berritzaile eta teknologikoetan. Castro Histocell enpresaren bazkide fundatzailea 2004az geroztik. Eta Muro Ezarriko zuzendari nagusia da.

Ekonomistak Euskal Ekonomisten Elkargoko 2024ko saria Xabier Sagredo Ormazak BBK Fundazioko presidente exekutiboak jaso du. Elkargoak "gizarte ongizateari eta Kutxabanken lurralde errotze prozesuari egindako ekarpena" aitortu nahi izan dio Sagredori.

Aipatzekoa da, bestalde, Naru Healtcarek lorturiko Roche Farma Espainiaren Startup Creasphere saria, minbiziaren esparruari loturik garatu duten teknologia dela eta. Pazienteen emaitza klinikoak, haien pronostikoa eta bizitza kalitatea hobetzeaz gain, ospitaleetarako eta osasun sistemetarako kostuak murriztea eta osasun arloko profesionalentzako lan karga gutxitzeko teknologia izateko helburua du.

Halaber, Artizarra Fundazioak berdintasunari loturiko lanketa egiten duten sei enpresari aitortza egin nahi izan die, Woman Forward fundazioarekin elkarlanean. Enpresa txiki eta ertainen kategorian, 50 eta 249 langile arteko konpanietan, Informa Consulting, Guggenheim Bilbao eta Grapheneak jaso zuten aitortza. Eta enpresa handien kategorian, 250 langile baino gehiago dituztenetan, Dominion, Arteche eta Euskaltelek jaso dute aitortza.

Azkenik, Gladys saria Lorea Argarate Zubiarentzat izan da. Ingurune digitalean emakume gazteek garatutako ibilbidea saritu eta emakumezko erreferenteen proiekzioa bultzatzea helburu du sari honek, eta PuntuEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak antolatzen dute.