Haurreskolak partzuergoan grebaren jarraipena %85koa izan dela diote sindikatuek
Patzuergoko 1.500 langile deitu dituzte grebara gaur eta bihar. LAB, Steilas eta ELAk salatu dute Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuek "gehiegizkoak" direla
Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetako irakasleak greba egiten ari dira azken egunotan. Gaurkoan Haurreskolak patzuergoko langileen txanda izan da, eta sindikatuen arabera, %85 baino gehiagoko jarraipena izan du grebak. Patzuergoko 1.500 langile zeuden grebara deituta, eta bihar ere greba eguna dute.
LAB, Steilas eta ELA sindikatuek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" dira, eta "dozenaka langileri grebarako eskubidea ukatu zaie, batez ere, zentro txikietako haur hezitzaileei".
Bestalde, astelehen arratsaldean Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila greba egunak bertan behera uzten saiatu zela adierazi dute, "orain arte mahai gainean egon diren edukiekin aurreakordiorako proposamen bat aurkeztuz".
Sindikatuek azpimarratu dute "%100ean babestu" dutela greba hainbat zentrok, besteak beste, Araban, Gurutzmendi, Landaberde, Mariturri, Katagorri eta Bernedo; Bizkaian, Mungia, Portugalete, Deustu, Zaldibar, Deustu (Bilbo) eta Sanchez Marcos (Bilbo); Gipuzkoan, Urretxu-Zumarraga, Hernani, Lasarte, Deba, Bidebieta (Donostia) eta Ategorritxo (Donostia). Gainera, manifestazioa egin dute Eibarren Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita! lelopean.