Hiztegi terminologikoan parte hartutako adituen agerraldia. Argazkia: Ekonomisten elkargoa

EKONOMIA

Hiztegi terminologiko berria aurkeztu du Ekonomisten Euskal Elkargoak

Kontabilitate eta Auditoretza Hiztegi Terminologikoa garatzea erabaki du Ekonomisten Elkargoak. Profesionalek lanbide-jardunean terminologia teknikoa erabiltzean dituzten arazoen konponbidea izan nahi du.

Ekonomisten Elkargoak Kontabilitate eta Auditoretza hiztegi terminologikoa aurkeztu du Bilbon. Aurkezpenean Iñaki Ruiz Elkargoko presidenteak adierazi duenez "ezinbestekoa da terminologia bateratua eta adostua izatea" eremu profesionalean "hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko". Zeregin horretan aliantzak egitea eta eragileen artean elkarlanean aritzea garrantzitsua da "ahalik eta erabilera zabalena eta profesionalena behar duelako euskarak".

Elkarlan horren adibide hiztegi terminologikoa da. Ekonomisten Euskal Elkargoak 1999an euskararen presentzia eta erabilera areagotu eta errotzeko konpromisoa hartu zuen. 2018an "Euskara Komunitatea" izeneko batzordea sortu zuen ekonomia eta enpresa arloan euskara bultzatzeko eta ekonomia arloan eta lan merkatuan lana euskaraz burutzen edo jardun nahi dutenentzako topagunea izateko. Batzordeak 2020an ekin zion hiztegi tekniko bat garatzeari, profesionalen zalantza terminologikoei irtenbidea emateko. Hiztegia lantzeko lehenespenak identifikatzeko asmoz 25 esparru ezberdin aztertu zituen batzordeak, terminologiaren normalizazioaren ikuspegitik, gai horietan egon daitezken indarrak eta ahuleziak detektatzeko. Interes handiena zuten esparruak fiskalitatea, finantza, kontabilitatea eta auditoretza baziren ere, hasiera batean azken biak jorratzea erabaki zuten. 

Ekimenak UZEIren zuzendaritza teknikoa eta hainbat unibertsitatetako irakasleek osatutako lan-talde baten laguntza izan du: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarena. Proiektuak Kutxa Fundazioa, Eusko Jaurlaritza, Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta Ekonomisten Euskal Elkargoko Ekonomista Auditoreen Erregistroaren laguntza izan du.

Elkarlanean sortutako hiztegia da, 1.132 sarrera dituena. Bukatu gabe dago: oraindik terminoen definizioak ez dituzte sartu eta  hiztegi bizia da. Etengabe berritu daiteke termino berriak sartuz. 

 Ainhoa Saitua Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitateko eta EHUko hiztegiaren lan taldeko kideak adierazi duenez hiztegia "normalizazioaren bidean beste urrats bat da". Era berean, hiztegi honen aurretik bestelako urratsak eman direla nabarmendu nahi izan du. 2007an, esaterako, kontabilitate plan orokorraren bertsio berria euskaratu zuten, unibertsitateen eta UZEIren laguntzarekin. Bide honetan, baina, protagonistak lanean dihardutenak izan behar dutela gaineratu nahi izan du, hori baita normalizaziorako beharrezko urratsa.

Hiztegiak UZEIren zuzendaritza teknikoa izan du. Iker Etxebeste UZEIko kideak esan duenez beharrezkoa zen hainbat termino finkatzea eta horretarako diskurtso espezializatua behar da, transmisioaren lidergoa eskuratzeko. Hala "diskurtso ezberdinen konbergentziaren garrantzia" nabarmendu du Etxebestek. "Adostasunean sortutako proposamenak behar dira, errespetatu behar direnak, bestela segurtasun falta sortzen delako". Era berean, hiztegi berriak barne koherentzia duela gaineratu du, adostua delako. Kanpo koherentzia ere badu, hizkuntza agintarien ildoak jarraitzen dituelako. UZEIko kideak hiztegiaren sozializazioaren garrantzia nabarmendu du. Online kontsulta daiteke Euskalterm terminologia banku publikoaren bitartez eta Ekonomisten Euskal Elkargoaren web-orriaren bitartez.

Iker Etxebeste (UZEI): "Adostasunean sortutako proposamenak behar dira, errespetatu behar direnak, bestela segurtasun falta sortzen delako"

Edurne Aldasoro Herri Kontuen Euskal Epaitegiko (HKEE) ordezkaria eta hiztegiaren lan taldeko kideak ezinbestekotzat jo du hiztegia sortzea. HKEEn txostenak erdaraz sortu eta gero euskaratzen direla esan du Aldasorok eta aurki euskaraz sortzen hastea aurreikusten du eta horretarako hiztegi bateratua funtsezkoa da. Hiztegiaren sortze prozesua interesgarria eta aberasgarria izan dela aitortu du eta hitz bitan laburbildu du egindako lana , "eztabaidatu eta adostu". Dagoeneko terminologia landu dela gaineratu du eta "orain euskaraz lan egin behar dela, ereindakoa erabiltzea".

Elkarlanean sortutako hiztegia da, hortaz. 1.132 sarrera ditu eta bukatu gabe dagoela adierazi dute arduradunek. Oraindik terminoen definizioak ez dituzte txertatu eta, bestalde, hiztegi bizia dela azpimarratu nahi izan dute, termino berriak sartzeko aukera duelako.

Hitz bitan laburtu daiteke egindako lana: Eztabaidatu eta adostu

Hiztegiak hainbat helburu ditu. Alde batetik auditoretzaren esparruan lan egiten duten profesionalek zein irakasleek eta ikasleek euskaraz jarduteko izaten dituzten oztopoak gainditzeko erreferentziazko baliabidea izan nahi du. Era berean proposamen terminologikoen konbergentzia bilatu duenez hiztegiak normalizazioa sustatuko duen baliabide adostua izateko asmoa du. Auditoretzak eta kontabilitateak lan-munduan presentzia nagusia dute hainbat sektoretan eta, hortaz, hiztegiaren arduradunek tresna baliagarri eta eraginkorra eratu nahi izan dute euskara lan-mundura sartzeko bidean lagungarri izan dadin.