Antolatzaileak, gaur goizeko emaitzen aurkezpenean | Argazkia: Bilboko Udala

Kirola

Ia 104 milioi eurokoa izan da Tourraren eragin ekonomikoa

Zeharkako gastuek ekarri dute inpaktu gehien, zehazki, 53,7 milioi. Zerga-bilketan 19,5 milioi euroko sarrera gehigarriak espero dira

103,9 milioi euro. Hortxe kokatu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak EAEn Tourrak izandako eragin ekonomikoa. Ikerbasquek eginiko ikerketaren emaitzak dira zifra horren abiapuntua. Inbertitutako euro bakoitzeko 8,5 lortu direla nabarmendu du ikerketak.

Eragin horretan 16,8 milioi euro zuzeneko gastuetatik etorri da, alegia, antolaketatik. 113 zerbitzu-kontratuetatik 104 euskal enpresek kudeatu dituzte, alegia, %92. Aitzitik, eraginean zeresan nagusia zeharkako gastuek izan dute: 53,7 milioi euroan kokatu dute bisitariek eragindako inpaktua, ostatu, garraio eta bestelakoak direla medio. Gainontzeko 33 milioi euroak ekoizpen katean kontsumoak eta enpleguak ekarritakotik datoz.

Ogasunetan ere nabarituko da Le Grand Dèpart. Ikerketan biltzen denez, 19,4 milioi euro bilduko dira zergen bitartez, aurrekontua 12,2 milioi eurokoa izan zen bitartean.

Txostenean biltzen denez, euskal herritarren % 91k ontzat jo du irteera handia delakoa EAEtik egitea, eta % 86rentzat "zoriontasun uneak" ekarri ditu.