Iaz baino gehiago hazten ari da zerga bilketa EAEn
Bizkaian eman da gorakada handiena, aurreko urteko aldi berean baino 179,4 milioi euro gehiago bildu baitira
Zerga bilketan metatuko datuek gora egin dute, aurreko urteko abuztuaren aldean, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Bizkaiaren kasuan %3ko hazkundea eman da, aurreko urtean baino 179,4 milioi euro gehiago bildu baitira; Araban, gorakada %1,4koa izan da, 2023an baino 23 milioi euro gehiagorekin; Gipuzkoan, iaz zerga bilketan metatutako datuak %1,6 baxuagoak izan baziren ere, aurten tasa positiboak lortu ditu, 3.656,5 milioi eurorekin, aurreko urteko aldi berean baino %1,1 gehiago.
2023ko aldi beraren aldean, eta zergak banan-bana aztertuta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) bilketa garbiaren kasuan, Bizkaia eta Araban %4,1 eta %1,6 igo da zenbatekoa, 131,7 milioi euro eta 10,3 milioi euro gehiago, alegia. Gipuzkoaren kasuan, ordea, PFEZaren bilketa %2,8 jaitsi da, 41,2 milioi eurora arte. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, diru-bilketak hazkundea izan du hiru lurraldeetan: Gipuzkoan %13,2, Bizkaian %11,3 eta Araban %4,5.
Gipuzkoako Ogasunak kudeatutako BEZari dagokionez, 919,2 milioi euro bildu dira, 2023an baino %1,5 gutxiago. Hidrokarburoen gaineko Zerga ere %1,7 jaitsi da, 4 milioi euro, alegia. Bizkaian eta Araban ere, BEZagatik iaz baino gutxiago bildu da: %8,1 eta %1,8, hurrenez hurren. Hidrokarburoen kasuan, Bizkaian %0,5 gehiago bildu da, eta Araban, aldiz, %7,3 murriztu da bildutako diru kopurua.