Iaz Europatik inportatutako txerri haragia ikertzen hasiko da Txina
Ikerketak urtebete inguru iraungo du eta batez ere Espainiari eragingo dio, Europar Batasunean txerria Asiako erraldoira gehien esportatzen duen herrialdea baita
Europako txerri-haragiaren inportazioak ikertzen hasiko da Txina. Atzo aurreratu zuen erabakia herrialdeko Merkataritza Ministerioak, eta horrela bada, Europar Batasunak Txinako ibilgailu elektrikoei muga-zerga berriak ezartzea erabaki ondoren Pekinek izan duen lehen erreakzioa izango litzateke. Momentuz, EBk ziurtatzen duena da gertutik jarraituko duela Txinak aurreratutako ikerketa, nazioarteko erakundeen arauak betetzen dituela bermatzeko, hala nola Nazioarteko Merkataritza Erakundearenak.
Txinako Abeltzaintza Elkarteak ekainaren 6an egin zuen eskaera bati jarraitu dio Pekingo Merkataritza Ministerioak. Ohar bidez azaldu dutenez, ikerketak 2023an inportatutako produktuak aztertuko ditu eta erosketa horiek Txinako sektoreari ustez eragingo lizkiokeen kalteak. Prozesuak urtebete inguru iraungo du, baina beste sei hilabetez luza daiteke. Txerri-okela eta barrukiak bezalako produktuak berrikusiko dira, hoztuak zein izoztuak, eta baita animalia koipea eta haren deribatuak ere.
Interporc patronalaren datuen arabera, txerrien sektorea bereziki garrantzitsua da Espainiako ekonomiarentzat. Iaz Espainiak 560.000 tona txerri-produktu baino gehiago esportatu zituen Txinara, 1.223 milioi euroko salmentak, eta horrek Asiako herrialdea txerri-salmenten %20,33ren suposatu zuen, balio osoaren %13,7 hartuta.