Ibon Galarraga Gallastegui 2022ko Ekonomistak Sariaren irabazlea | Argazkia: Ekonomisten Euskal Elkargoa

EKONOMIA

Ibon Galarraga Gallasteguik 2022ko Ekonomistak Saria jasoko du

Ingurumen ekonomiaren garapenean egindako ekarpenagatik emango dio saria Ekonomisten Euskal Elkargoak azaroaren 24ean Bilbon egingo den ekitaldian

Ibon Galarraga Gallasteguik (Bilbo, 1973) jasoko du 2022ko Ekonomistak Saria, hainbat lanbide-esparrutatik ingurumen ekonomiaren garapenari eta aplikazioari, eta politika publikoen azterketari egindako ekarpenagatik.

Galarraga Ingurumenaren Ekonomian doktorea da, Batheko Unibertsitatean (Erresuma Batua) ikasia, Ekonomian masterra egina Essexeko Unibertsitatean (Erresuma Batua), eta Ekonomian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Erreferentea da klima-aldaketarekin zerikusia duten gaietan, betiere ekonomiaren ikuspegitik begiratuta: inpaktuen balorazioa, klima-aldaketari buruzko politiken azterketa, bizitegi-sektorean energia-eraginkortasuna sustatzearekin lotutako gaiak, eta CO2 emisio gutxiko ekonomia baterantz igarotzea lortzeko beharrezkoak diren ohitura-aldaketak aztertu eta landu ditu, besteak beste.

Hainbat erakunde publiko eta pribatutarako ingurumen-aholkulari gisa lan egin du, tartean, Munduko Bankuan, Garapenerako Banku Interamerikarrean, Nazio Batuetan, Erresuma Batuko Gobernuaren Nazioarteko Garapenerako Sailean, Alemaniako lankidetza-agentzian, edota Eusko Jaurlaritzan.

80 lan baino gehiago argitaratu ditu ospe handiko nazioarteko aldizkari zein liburuetan, eta nazioarteko 15 ikerketa-proiektutan baino gehiagotan hartu du parte. Gainera, nazioarteko kongresu askotan hizlari lanak egin ditu, eta irakasle gonbidatua ere izan da nazioarteko hainbat masterretan. Egun, EHUko kolaboratzaile akademikoa da, Ekonomiako doktorego-programako irakaslea izatearekin batera.

2005etik 2009ra Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea, IHOBE Ingurumen Sozietate Publikoko lehendakariordea, eta Energiaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza Kontseiluko kidea izan zen.

2009ko ekainean, Klima Aldaketa Ikergai (BC3) ikertzaile-taldean sartu zen, eta 2013-2015 aldian zuzendaritza-ondoko lanak egin zituen. 2017.urteaz geroztik bertako ikertzailea, bazkidea eta zuzendaria da.

2008tik 2021era, berriz, Energia Ekonomiarako Espainiako Elkarteko presidentea izan zen, eta egun, Ekonomiaz Ekonomiako Euskal Aldizkariaren kontseilu editorialeko kide ere bada.

Ekonomistak Saria

Enpresa, gizarte edo giza balioak sustatuz, ekonomia, enpresa ereduak edo gizartea garatzen laguntzen duten pertsona edo erakunde publiko zein pribatuak saritzea eta publikoki aintzatestea du helburu Ekonomista Sariak.

Ekonomia arloko ia 4.000 euskal profesional ordezkatzen dituen Ekonomisten Euskal Elkargoak ematen du saria. Aurten, azaroaren 24ean banatuko zaio Ibon Galarraga Gallasteguiri Bilbon, Euskal Herriko ekonomialarientzako topagunean.

2014an sortu zen Ekonomistak Saria eta, orduz geroztik, Jesús Mari Gonzaalez Villambrosa, Carmen Gallastegui Zulaica, Josee Ignacio Martínez Churiaque, Pedro Luis Uriarte Santamarina, Sara de la Rica Goiricelaya, Koldo Unceta Satrustegui, Jose Luis Larrea Jiménez de Vicuña eta Joseba Madariaga Ibarraren lan profesionala aitortu ditu. Urtero, epaimahaiak, aurreko urtean saritutako pertsonak, Ekonomisten Euskal Elkargoko lehendakariak, ekonomiarekin eta enpresarekin zerikusia duten erakundeen bi ordezkarik, elkargokide emeritu batek eta Elkargoko Gobernu Batzordeko pertsonarik gazteenak, saria merezi duen hautagaitza hautatzen dute elkargokideek egiten dituzten proposamenen artean.