Igor Villarreal: "Erronka handiena da mugikortasun sektoreari balio erantsi bat ematea"
Auto elektrikoaren salmenta sustatzeko finantzazioari garrantzia eman behar zaiola uste du Mubileko arduradunak. Aldaketa ugari izaten ari da sektorea, eta lehiakorrago izateko teknologia, elkarlana eta dibertsifikazioa jo ditu gakotzat
Iazko azarotik Mubil mugikortasun zentroko zuzendaria da Igor Villarreal (Donostia, 1972). Zientzia kimikoetako lizentziaduna, Ikerlan zentro teknologikoko ikertzailea izan da Villarreal. Mugikortasun adimendun eta jasangarria bultzatzeko polo teknologiko bat bihurtzea du helburu Mubilek, eta Tolosako behin-behineko espaziotik Zubietako eraikin berrira lekualdatzear dira. Villarrealen ustez, etengabeko aldaketan dago sektorea, eta erronka ugari ditu aurretik. Oso pozik da bere kargu berrian, eta orain arte egindako bideari eutsi nahi dio.
Mubileko zuzendari gisa, nola ikusten duzu mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren sektorea?
Hitz batean definituko banu, aldaketa esango nuke. Mugikortasunaz ari naiz oro har. Izan ere, askotan zentratzen gara autogintzan soilik, baina badaude beste mugikortasun mota asko ere gure inguruan oso garrantzitsuak direnak, autobusak eta bestelako garraioak, adibidez.
Garraioan orain arte %100 petrolioa izan da, erregaia eta bere deribatuak. Gutxi gorabehera ehun bat urte edukiko dituen industria da, eta oso ondo definitua zegoen. Orain aldaketa dator hainbat ikuspuntutatik. Bata da jasangarritasuna. Azkenean ikusten ari gara hilabetero errekorren bat puskatzen dugula tenperaturetan edo dena delakoetan. Beste aldetik, teknologia garapenak ditugu: bateriak, teknologia digitalak, adimen artifiziala, konektibitatea,… edota bestelakoak, hidrogenoa, esaterako. Teknologikoki aldaketa handiak datoz, baina mugikortasun aldaketak ere baditugu. Nola mugitzen diren gazteak, zer nolako dinamikak dauden hirietan, eta gero, aldi berean, lehia handi bat teknologia hauetan guztietan Asiatik edo Estatu Batuetatik datorrena.
Gipuzkoako enpresetan egin dugu analisietan %60 dibertsifikazio prozesuan dagoela ikusi dugu, eta erdia baino gehiago aukera berriak topatzen ari da datorren mugikortasun teknologiko horretan.
Sektorea lehiakorrago egiteko zer egin behar dugu?
Hiru ardatz esango nituzke. Bata da teknologia eta ezagutza. Zuk beti lehiatu dezakezu prezioa merkeagoa egiten, baina norbaitek nonbaiten beti egingo zuk baino merkeago. Teknologia eta garapena ardatz nagusi bat izan behar dira. Elkarlana ere oso garrantzitsua da, indarrak batu ahal izateko eta sinergiak bilatzeko, konpetentzia nahiko handia baita. Hirugarrenik, dibertsifikazioa, ibilgailuan egon daitezkeen osagai batzuetan edota sektorera iritsiko diren berritasunetan.
"Gipuzkoako enpresetan egin dugu analisietan %60 dibertsifikazio prozesuan dagoela ikusi dugu, eta erdia baino gehiago aukera berriak topatzen ari da datorren mugikortasun teknologiko horretan"
Iazko urte amaieratik zara Mubileko zuzendari berria. Zer moduz joan dira lehenengo hilabete hauek?
Ilusioz harturiko erronka bat da, eta hor gabiltza lanean. Oso pozik nago aldaketa honekin. Mubil lehenagotik egiten ari zen bidea jarraitzen ari naiz. Orain arte Ane Insaustik egindako lana bikaina izan da, eta bide horretan aurrera jarraitu nahi dut.
Apirilean Mubil Mobility Expo azoka izan zen zure lehen ekitaldi garrantzitsuenetako bat. Nola joan zen azoka?
Expoa serie industrial bat da. Profesionalei zuzendutako azoka bat. Oso garrantzitsua da kontuan hartzea ez soilik zenbat pertsona edo enpresa egon ziren baizik, eta zer nolako harreman komertzialak sortu diren egun horietan. Alde horretatik, oso positiboa izan da. 105 bat enpresa gerturatu ziren, eta azkenean 2.000 profesionalek parte hartu zuten. Erakusketari eta bisitariekin egin dugun inkestan, balorazio nahiko positiboa izan dugu. Harreman profesionalak eta proiektuetarako aukerak sortu dira. Aldi berean, ez da bakarrik feria, baizik eta Gipuzkoako Aldundiarekin eta Merkataritza Ganberarekin egiten dugun erosleen Hosted Buyer programa. Erosleak eta enpresak ekartzen ditugu, harreman profesionalak sortu ahal izateko.
Orain, bi urte barru egingo den Mubil Mobility Exporen edizio berriarekin jarri gara. Lehen pausoak planteatzen hasi gara.
Zubietako eraikin berrian al zaudete jada?
Oraindik ez gaude eraikin berrian, ez. Bertan sartu ahal izateko azken txanpan gaude. Ez naiz ausartzen esatera noiz, baina aste batzuetan bertan izango garela uste dut.
Nolakoa izango da gune berri hori, eta zer aukera emango dizkio Mubili?
Gipuzkoako Foru Aldunditik bultzatutako eremu bat da. 40.000 metro karratukoa izango da. Mubil zentroa egongo da bertan, baina aldi berean hiru zentro teknologiko eta hainbat enpresa ere. Beraz, leku fisiko batean elkarrekin izango gara mugikortasun adimendun eta jasangarriaren inguruan lan egiten dugun eragile asko. Hori jada balio erantsi bat da. Ideia propioak eta garapenak sorraraztea da ideia.
Mugikortasun polo honen ardatza izango da. Azpiegitura teknologikoak edukiko ditugu, bai baterietan, bai hidrogenoan, bai trakzio elektrikoan. Azkenean, enpresei, zentro teknologikoei edo unibertsitateei beraien garapena egin ahal izateko azpiegitura nahiko berezi bat izango da. Ideia da zerbitzu bat ematea enpresak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak euren garapena izan dezaten. Askotariko eragileekin lana egiteko elkargune bat izango da.
"Leku fisiko baten elkarrekin izango gara mugikortasun adimendun eta jasangarriaren inguruan lan egiten dugun eragile asko. Hori jada balio erantsi bat da"
Zeintzuk dira Mubilen hurrengo erronka nagusiak?
Lehenengoa da, argi eta garbi, espazio fisiko hori guztia egonkortzea. Dinamika guztia martxan jartzea, baina beste alde batetik, oso garrantzitsua da poloa erabiltzea erlazio sendoak sortzeko, EAEn eta Gipuzkoan dauden beste agenteekin. Hori izango da bigarren erronka handia: hor dauden beste eragileekin harremanak eta dinamikak sortzea, azkenean, sinbiosi bat lortu ahal izateko hor dauden enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateekin. Erronka handiena, baina, sektoreari balio erantsi bat ematea da, aldaketa gertatzen ari den testuinguru horretan guztian laguntzea, lehiakorragoa bilakatzea gure ingurunea. Hurrengo urteetan mugikortasuna EAEn eta Gipuzkoan erreferentzia izatea.
Auto elektrikoak Euskal Herrien oraindik gutxien saltzen diren autoak dira. Nola sustatu horien salmenta?
Niretzat gauzarik inportanteena finantzazioa da, lehen erosketa hori. Gaur egun saltzen diren auto elektrikoak konbustio autoak baino garestiagoak dira. Gero, autoaren bizitza osoa hartzen badugu kontuan, elektrikoak merkeago ateratzen dira, behar duen mantenua oso txikia baita. Eta karga puntuak ere bai. Elektrizitatea gasolina baino merkeagoa izan arren, lehen erosketa atzeratzen ari da zertxobait. Aldi berean, laguntzak ez dira momentuan eskuratzen. Paperak egin behar dituzu eta hilabeteak itxaron behar dira, bere prozesu administratiboa dutelako. Horiek dira desabantaila handienak gaur egun.
Nahiz eta prezioa jaitsi, auto elektrikoak ekoizpen kostuak garestiagoak izaten jarraitzen dute. Europa atzean geratzen bada, Asiako autoak etortzeko arrisku handiagoa dago. 2023an Europan autorik salduena Tesla izan da. Lehen aldiz Europa mailan auto elektriko bat izan da salduena, eta ez da izan europarra.
"Erronka handiena da sektoreari balio erantsi bat ematea, aldaketa gertatzen ari den testuinguru horretan guztian laguntzea, lehiakorragoa bilakatzea gure ingurunea"
Karga puntu kopuru nahikoa izatea ez duzu arazo bezala ikusten, beraz?
Nik uste dut beti egon daitezkeela gehiago, potentzia gehiagoko kargagailuak, batez ere. Baina egia da, gaur egun, estatistikek esaten dute kargadoreak euren denboraren %90 libre daudela. Azkenean, %6, %7 edo %8 erabiltzen ari da soilik, beraz. 2024ko hilabete hauetan, iaz baino %40 puntu gehiago jarri dira. Bestelako gauzak falta direla esango nuke nik. Alemanian, adibidez, derrigortuta daude gasolindegi guztietan kargagailua jartzera. Horrelako neurriak ezartzea beharrezkoa ikusten dut, batez ere, potentzia handiagoko kargagailuak. Baina ez dut uste gaur egun dauden autoentzako mugarik handiena izan denik.
Nola ikusten duzu zuk mugikortasuna hemendik hamar edo hogei urtetara?
Zaila da aurreikustea, baina tendentzia batzuk agerikoak dira. Jasangarritasunak geroz eta garrantzia gehiago izango du. Agian errealitateari entzungor egin diezaiokezu, baina ez errealitatearen ondorioei. Jasangarritasunaren inguruan mix teknologiko bat datorrela uste dut. Mugikortasuna osotasunean hartzen badugu, bateriek rol oso garrantzitsua jokatuko dute. Baina kasu batzuetan bateriek ezin dituzte eginkizun batzuk bete. Gero eta handiagoa izan ibilgailua, itsasontzia bat edo hegazkin bat, adibidez, geroz eta zailagoa izango da. Hidrogenoa, bateria… mix teknologiko bat dator mugikortasunean.
Aldi berean, etorkizun adimentsua ikusten dut. Hor dauden garapen digital guztiek geroz eta indar gehiago izango dute konektibitaterekin eta adimen artifizialarekin, horrek dakartzan aukerekin. Horrek ekarriko ditu aldaketak ibilgailuan, eta baita negozio modeloetan ere. Garraio intermodala ere kontuan hartu behar da, hirietan mugikortasun mota ugari nahastuko baitira. Bizikletak gaur egun geroz eta erabilgarriagoak dira, baita patineteak ere. Autoa eta motorra beti hor daude. Hiri handietan eskaintza bat egongo da, eta zuk erabiliko duzu zuretzat egokiena den ibilgailua. Hemendik hamar urtetara ikusi behar dugu gazteok zer nolako kontsumo patroiak dituzten, nola mugitzen diren, eta nola erabiltzen duten mugikortasuna.