Etekin solasaldi zikloaren bigarren topaketa egin zen atzo Gasteizen | Argazkia: Irekia

EKONOMIA

Inbertsio funtsak: enpresen hazkunderako tresna. Eta errotzeko?

Enpresak lehiakorrago egin eta negozioa handitzeko "tresna baliagarriak" dira inbertsio funtsak. Aldiz, askotan atzerritik datoz, lurraldeko enpresen erabaki ahalmena murriztuz

EAEko enpresa guztien %93 ehun langiletik beherakoak dira. Hortik gorakoak gutxiengoa badira ere (%7), biztanleria aktiboaren %40 ingururi ematen diete lana. Enpresa handi horiek hazi egin dira azken urteotan (%20, 2015etik hona), eta, aldi berean, errotzea apaldu egin da. Azken 15 urteetan enpresen %3k egoitza lekualdatu dute Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora. Ehunekoa txikia badirudi ere, lekualdatzeak bikoiztu egin dira aipatutako epean eta atzerriko inbertsioak nabarmen egin du gora enpresetan.

Globalizazioak enpresak eraldatu egin ditu, nazioartera irekiz. Horren adierazle da euskal enpresen esportazioetan izan den gorakada, besteak beste. Enpresen lehiakortasuna areagotzea ekarri du, konpententzia handitu egin da, eta enpresek, lurraldean ez ezik, kanpoan lehiatzeko ere hazi beharra dute. Hazkunde horretarako tresna bilakatu dira inbertsio funtsak, eta horien gainean mintzatu ziren atzo Etekin solasaldi zikloaren bigarren topaketan, Gasteizko Europa Jauregian eginikoa, eta aurrekoa bezala Esti Cosano EITBko albistegietako ekonomia saileko arduradunak moderatua.

Bada, inbertsio funtsa enpresa batean sartzen dela jakitean, notizia kezka handiz hartzen dute askok. Konpainiaren erabakigunea kanpora joango da? Egoitza nazioarteko beste herrialde batean izango da? Bazkide atzerritarrak? Halako kasu ugari ezagutu ditugu gurean azken urteotan. Javier Zarraonandia Albia Capital funtseko Garapen Korporatiboko zuzendariaren arabera, ordea, enpresa errotzeko gakoa ez da inbertsio funtsa bera, baizik eta enpresa lurraldera lotzen duen ekosistema sendo bat garatzea. “I+G azpiegiturak, fiskalitate egokia, unibertsitate onak, logistikoki ondo prestatuta egoteak (portu, errepide, aireportuak…) edota sektore askotan hornidura kate osoa izateak egiten du enpresa lehiakorragoa izatea eta lurraldean gustura egotea”, adierazi du.

Javier Zarraonandia: “Kanpotik fokua jarri da hemen; ez dut esango EAE salmentan dagoenik, baina kanpotko inbertsore asko hona begira daude gure enpresak oso lehiakorrak direlako eta erosteko aukerak ikusten dituztelako”

Dena den, arazo bat dagoela aitortu du Albia Capitalekoak: enpresen tamaina. “Gure enpresak txikiak dira eta arrain handiak txikia jaten du. Apal-apal lan egiten duten enpresa txiki asko ditugu, oso onak direnak, teknologia eta produktu izugarriak dituztenak, eta kanpotik fokua jarri da hemen; ez dut esango EAE salmentan dagoenik, baina kanpoko inbertsore asko hona begira daude gure enpresak oso lehiakorrak direlako eta erosteko aukerak ikusten dituztelako”.

“Gu sortzearen arrazoia horixe izan da”, adierazi du Amaia Jugo Artizarra Fundazioko zuzendariak. Enpresa txiki eta ertainei lagundu nahi die hazkunde-planak diseinatzen eta gauzatzen eta zenbait inbertsio funts kudeatzen ditu. Patronatua 13 enpresaburuk osatzen dute, denak hemengoak Jugoren hitzetan. "Denek ezagutu dituzte kanpoko inbertsio funtsen eragiketak. Hemengo funtsak eskaini nahi dizkiegu enpresa txiki eta ertainei, baina gehiago behar dira”.

Hein horretan, EAEko funtsen ekosistema indartzen ari dela azaldu dute bi hizlariek. "Izugarrizko bilakaera" izan dela dio Zarraonandiak. “Orain dela hamar urte oso funts gutxi zegoen hemen; eskaintza eskasa zen”. Jaurlaritzak zein aldundiek horiek sortzeko egindako “esfortzua” azpimarratu du, baita fiskalitatean egindako aldaketak ere, “kanpoko funtsak eta talentua erakartzeko”. Orain, “oso ekosistema aberatsa” dagoela dio.

Bazkide egokia topatzea

Beste ezeren gainetik, baita diruarenetik ere, bazkide egokia topatzearen garrantzia nabarmendu dute bi hizlariek. “Jakin behar duzu zein ari zaren sartzen zure etxe propioan. Bazkide egokia ez baduzu aukeratu, hanka sartu duzu”, argitu du Zarraonandiak.

Enpresaren estrategiarekin bat datorren inbertsio funtsak profesionalizazioa eskainiko du Jugoren ustetan. “Administrazio kontseilu batean sartzean, garatuko den plan estrategikoak profesionalizatua izan behar du”. Kalitatezko enplegua ere bermatzen duela iritzi dio, eta kapitala izateak inbertsio aukera handiagoak ematen dituela hainbat esparrutan, hala nola, digitalizazioan edota jasangarritasunean.

Zarraonandia: “Oso komenigarria da hasieratik bi aldeak adostuta edukitzea funtsaren irteera nola izango den, gerora arazoak ekiditeko”

“Zure enpresan funts bat sartzen baduzu, hazkunde proiektu bat duzulako da”, aipatu du Zarraonandiak. Jugok, profesionalizazioaz gain, funtsek “muskulu finantzarioa eta esperientzia" eskaintzen dutela uste du. “Funtsa enpresa txikietan sartzen denean, sekulako aldaketa ematen da, barne prozesuak hobetu egiten dira”. Hala, bere hitzetan, enpresak prest egon behar du aldaketa horiek onartzeko. “Askotan exekutiboak dira, eta negozio plan bat garatzeko sartzen dira. Gauzak ondo ez badoaz, neurriak hartzen dira”.

Dena den, kontua ez da inbertsio funtsa enpresan sartzea soilik. Hortik urte batzuetara (5-7 urte normalean) funts horrek enpresatik atera behar du. “Oso komenigarria da hasieratik bi aldeak adostuta edukitzea irteera nola izango den, arazoak ekiditeko”, gehitu du Albia Capitalen Garapen Korporatiboko zuzendariak.

Zarraonandia eta Jugo, Esti Cosano moderatzailearekin batera aritu ziren | Aragazkia; Iametza

Bi aldeen interesek bat egitean

Funtsen lehiakide al dira banketxeak? Zarraonandiak ez du hala uste, baizik eta osagarriak direla. “Inbertsio funtsak enpresa batean sartzen direnean, sarritan banketxeetatik eskuratzen dute kreditua. Beste kasu batzuetan, enpresa batek zor gehiegi duenean eta bankuari dirurik eskatu ezin dionean, finantzazio alternatiboa eskatzeko aukera dauka”. Gainera, azaldu du inbertsio mota jakin batzuetan bankuak ez direla sartzen eta orduan finantzazio alternatiboa behar dela. Horren harira, zera azpimarratu du Artizarrako zuzendariak: “Funtsek kapitala jartzen dute, baina bankuek eguneroko produktuak eskaintzen dituzte”.

Finean, funtsa enpresa batean sartu ahal izateko, bi aldeen interesek bat egin behar dute. Enpresak kapitala bilatzen duenean, hainbat funtsen alde egin dezake. “Funtsa enpresaren kapitalean sartzen bada, negozio planari begiratuko dio, enpresaren produktu eta teknologiari. Gainera, aztertuko du hasiera-hasieratik nola atera. Funtsa kapitalean ez bada sartzen, baina finantzaketa eskaintzen badu, bere dirua zertarako den eta zer berme emango dizkioten erreparatuko du. Family office bat baldin bada ikuspegia desberdina izango da, segurtasuna bilatuko du", kontatu du Albia Capitaleko kideak.

Nola hazi kontrola galdu gabe

Enpresa baten ibilbidean egoera asko eman daitezke, eta bi hizlarien ahotan, inbertsio funtsak "oso erabilgarriak" izan daitezke egoera horietan askotan. Enpresa handitzeko edo dagokion belaunaldiak negozioarekin jarraitu nahi ez duenean erreleboa hartzeko, esaterako. Zer egin behar du hemengo enpresaburu batek inbertsio funts bat bere enpresa sartzen denean kontrola ez galtzeko?

Artizarrak kudeatzen dituen inbertsio funtsek enpresen gutxiengoa hartzen dute, enpresaren jabeek kontrol hori izateko. Salbuespen bakarra erreleborik ez zuen enpresa bat izan dela argitu du Jugok, zeinetan jabetzaren %98 hartu duten. “Bazkide akordio bat sinatu dugu, eta enpresako lantaldeak etorkizunean enpresa erosiko duela adostu dugu”. Beste kasu bat ere aipatu du. Enpresa batean kapitala sartu ostean, horrek beste enpresa bat erosteko parada izan du, merkatua zabaldu eta produktua areagotzea lortuta.

Amaia Jugo: "Ekosistema handitzen doa, eta handitu beharra du"

Albia Capitalek 20 urte daramatza merkatuan eta 200 bat eragiketa egin ditu orotara. Saltoren adibidea jarri du Zarraonandiak. “Enpresa lider bat da, izugarrizko hazkundea eduki duena, mundu mailan produkturik onena du eta enpresak kontrola mantentzen du. Hazkundea aurrera eraman du kontrola galdu gabe”. Arteche ere aipatu du: "enpresako familiaren lehentasuna beti izan da kontrola mantentzea. Inbertsore berriak sartu dira, baina familiak kontrolari eutsi dio".

Beraz, inbertsio funtsak enpresaren lehiakortasunerako oso tresna baliagarriak direla iritzi diote biek. "Ez enpresa handitzeko soilik, baita bestelako arazoak konpontzeko ere", dio Zarraonandiak. Enpresek ere geroz eta aukera interesgarriagoa bezala ikusten dutela uste dute. "Ekosistema handitzen doa, eta handitu beharra du", bukatu du Jugok. Horrekin batera, inbertsio funtsen arteko konpetentzia handitzen ari dela diote, eta horiek erakargarriago bilakatzeko erronka dute.