Industria ekoizpena %1 gutxitu da otsailean EAEn
Produkzioak %0,3ko jaitsiera izan du urtarriletik otsailera
Euskal Autonomia Erkidegoko industria produkzioak %0,3ko jaitsiera izan du otsailean urtarrilaren aldean. Gainera, %1 gutxitu da otsailean iazko epe berarekin alderatuz gero, eta urteko lehen bi hiletan metatutako produkzioa aurreko urteko aldi berekoa baino %0,4 txikiagoa izan da, Eustat euskal estatistika erakundeak jakinarazitako datuen arabera.
Energiaren produkzioa %8,6 igo da otsailean iazko epe berarekin alderatuta. Era berean, ekipo ondasunen eta kontsumo ondasunen produkzioa ere hazi egin da, %2,9 eta %1,4, hurrenez hurren. Bitarteko ondasunek, aldiz, bilakaera negatiboa izan dute, %0,3ko jaitsiera.
Lurraldeka, 2024ko lehen bi hilabeetako metatua balantze negatiboarekin itxi da Araban eta Gipuzkoan, %3,3 eta %0,7. Bizkaian, aldiz, produkzioak %1,7ko gorakada izan du, aurreko urteko aldi beraren aldean. Bestalde, urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiru lurraldeetan: Araban, %3,4ko jaitsiera, eta Bizkaian eta Gipuzkoan, %0,2koa.
Urtarriletik otsailera metatutako energiaren produkzioak %8,8 egin du gora urte artean. Sektore horretan, energia elektrikoaren eta petrolio fintzearen produkzioa eta hornikuntza sartzen dira. Ekipo ondasunen produkzioak ere bilakaera positiboa izan du, izan ere, %2,4 egin du gora. Tartean daude motordun ibilgailuen fabrikazioa, lokomotorren eta trenbide materialaren eraikuntza, eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzigintza. Halaber, kontsumo ondasunen produkzioak %0,9 egin du gora, epe metatu berean.
Bestalde, EAEko industrian pisu gehien duten sektoreen artean, otsailean produkzioaren urte arteko hazkundea izan dutenak honako hauek izan dira: Makineria eta ekipoa (%2,0), Elikagaien, edarien eta tabakoaren industriak (%1,2), eta Metalurgia eta metalezko produktuak (%0,2). Jaitsierarik handienak, aldiz, Material eta ekipo elektrikoetan (%8,7) eta Zurgintza, papera eta arte grafikoetan (%3,7).