Araban industria jarduera igo egin da; Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, jaitsi
EAEn, oro har, industria jarduera %0,1 hazi da abuztuan
EAEn %0,1 handitu da industria produkzioa abuztuan, aurreko urteko hil beraren aldean. Uztailaren aldean ere %0,5 gehitu da.
Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, lau indize bereizi daitezke: kontsumo ondasunak (iraunkorrak eta ez iraunkorrak), ekipo ondasunak, bitarteko ondasunak eta energia.
Kontsumo ondasunen sektore osoan %1,6 jaitsi da produkzioa, urte artean. Izan ere, kontsumo ondasun iraunkorren (altzarien eta etxeko tresnen ekoizpena) eta kontsumo ondasun ez iraunkorren (elikagaien prozesatze eta kontserbatze jarduerak, garbiketa eta higiene produktuen fabrikazioa, farmazia produktuak eta jantziak egitea) produkzioa %9,6 eta %0,3 gutxitu da, hurrenez hurren.
Ekipo ondasunei dagokienez, %0,2 egin du gora produkzioak. Ekipo ondasunek barne hartzen dute ibilgailu motordunen ekoizpena, tren makinen eta trenbideen materialaren eraikuntza, aeronautika eta ontzigintza.
Bitarteko ondasunen produkzioa ere hazi da urte artean, %1,9. Bitarteko ondasunak dira metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen ekoizpena.
Energiaren produkzioak, aldiz, %3,1 egin du behera abuztuan, aurreko urteko hil beraren aldean. Energia produkzioaren sektorean sartzen da energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura, baita petrolioaren fintzea ere.
Bestalde, lurraldeka, industria produkzioak gorakada izan du Araban (%3,8), baina beherakada Bizkaian (%1,3) eta Gipuzkoan (%0,3) 2024ko abuztuan, aurreko urteko abuztuarekin alderatuta.