Industria prezioak %5,5 jaitsi dira urtebetean
2024ko uztailaren aldean, jaitsiera %0,3koa izan da
EAEn industria prezioek %0,3 egin dute behera 2024ko abuztuan, aurreko hilaren aldean. Urte artean ere %5,5eko jaitsiera eman da.
Aurreko hilaren aldean jaitsiera nabarmenenak, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak eskainitako datuen arabera, Koke lantegiak eta petrolio fintzea sektorean baita metalurgia eta produktu metalikoak sektorean izan dira, %6,5 eta %1,4, hurrenez hurren. Aitzitik, denbora tarte berean prezioen igoera nabarmenena eman da energia elektrikoa, gasa eta lurruna sektorean, %8,5, eta industria kimikoaren sektorean, %0,8.
2023ko abuztuaren aldean, igoera eta jaitsiera nabarmenenak azpimarratu ditu Eustatek: prezio jaitsiera agerikoenak energia elektrikoa, gasa eta lurrunak (%24,0) eta koke-lantegiak eta petrolio fintzeak (%17,3) izan dituzte; kontrara, igoerarik handiena izan dute erauzketa-industriak (%9,8) eta ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta oinetakogintzak (%5,8).
Bestalde, industria sektore handien arabera eta 2024ko uztailaren aldean, prezioak jaitsi egin dira bitarteko ondasunetan (%1,0), kontsumo ondasunetan (%0,6) eta energian (%0,1). Ekipo ondasunen prezioak, aldiz, %0,3 igo dira.
Urte arteko datuei dagokienez, aldakuntza positiboa izan da kontsumo ondasunetan (%1,3) eta ekipo ondasunetan (%2,0). Aldiz, prezioak nabarmen jaitsi dira energian (%24,2), baita bitarteko ondasunetan (%1,9) ere.