Inés Zalbide: "Aurtengo udan 7 milioi bidaiari baino gehiago lortzea espero dugu"
Turismoak Bilboko aireportuaren %45 suposatzen du, eta negozio-bidaiek %34, Bilbao Airreko zuzendari korporatiboak kontatutakoaren arabera
Uda sasoia iritsita, Loiuko aireportua iazko bisitari errekorra handitzeko prest dago: 7 milioitik gora bidaiari espero ditu. Emaitza hori, baina, ez da zoriaren emaitza. Izan ere, Bilbao Air Bilboko Merkataritza Ganberaren unitate estrategikoak hainbat urte daramatza lanean aireportuaren "jarduera sustatu" eta "haren eragin-eremuaren konektibitatea optimizatzeko". Bide horri jarraiki, helburua garbia da Inés Zalbide Bilbao Airren zuzendari korporatiboaren hitzetan: "Bilboko aireportua lehen mailako eskualde-aireportu gisa kokatzea" eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldeen hazkunde ekonomiko eta sozialean laguntzea".
Iazko udan inoizko bisitari kopuru handiena izan zuen Loiuk (679.997 bidaiari). Zeintzuk dira aurtengo aurreikuspenak?
Aurten 7 milioi bisitari baino gehiago lortzea espero dugu.
Aurten 59 puntu operatuko ditu aireportuak, iaz baino 5 gutxiago. Zer dela eta aldaketa hori?
Ibilbide-kopurua murrizteak hainbat aldagairi erantzuten die: konpainia batzuen hegazkin-kopurua murriztea, jarduten duten ibilbideak sendotu beharra beste batzuei ekin aurretik... Baina horrek ez du esan nahi irakurketa negatiboa egin behar denik. Aurten, ibilbide irekien ibilbide berriak finkatzeko lan egin dugu, maiztasunak handituz eta urtarokotasuna murriztuz.
Egun Loiuk dituen bidaiari kopurua lortzeko estrategia garatzen daramazue hainbat urtez. Zer nolakoa da, zehazki, estrategia hori?
Bilbao Airren plan estrategikoan zehazten diren jarduerak beste hainbat erakundek egiten dituenei gehitzen zaizkie, eta erabat bat datoz. Alde horretatik, erakunde arteko batasun handia dago, eta estrategia hausnarketa bateratu baten emaitza da, Bizkaian lan egiten duten eta helburu hori lortzeko lan egiten duten eragileen artekoa, alegia. Zehazki, konektibitate-estrategiari dagokionez, elkarrekin hausnartzeko bi foro daude: Ibilbideen Batzordea eta BBAG (Bilbao Bizkaia Action Group), non eragile guztiak biltzen baitira.
"Ibilbide-kopurua murrizteak hainbat aldagairi erantzuten die: konpainia batzuen hegazkin-kopurua murriztea, jarduten duten ibilbideak sendotu beharra beste batzuei ekin aurretik... Baina horrek ez du esan nahi irakurketa negatiboa egin behar denik"
Nola negoziatzen dira aire-bideak?
Urtero negoziatu beharreko ibilbideak hausnarketa estrategiko bateratutik sortzen dira, eta sektoreko azoka espezializatuetan negoziatzen dira batez ere. Azoka horietara joaten gara urtero, baina, oro har, lan motela izaten da, eta lanordu askoren emaitza.
Zergatik hautatzen da aire-bide batzuk negoziatzea eta ez beste batzuk?
Ezarritako helburu-ibilbideak betetzen dituzten konpainia guztiekin negoziatzen dugu.
Lehia handia dago. Nola uztartzen da lehia hori inguruko aireportuekin harreman “onak” mantentzearekin?
Inguruko aireportuekn harremanak bikainak dira, baita probintzia bakoitzeko sustapen sozietateekin ere. Sektoreko azoka eta ekitaldietara joaten gara elkarrekin, eta bat egiten dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan helburuak lortzeko.
"Hainbatetan saritu gaituzte ACI bezalako erakunde garrantzitsuek, gure kategoriako Europako aireporturik onena izateagatik"
“Europa mailan, ardatz atlantikoan, Bilbo buruan dago” esan zenuen iaz eginiko elkarrizketa baten. Zer esan nahi duzu, zehazki, horrekin?
Hainbatetan saritu gaituzte ACI (Airports Council International) bezalako erakunde garrantzitsuek, gure kategoriako Europako aireporturik onena izateagatik (5-10 milioi bidaiari bitartekoa).
Eta, zeuek erabilitako estrategiaz harago, zerk egin du Bilbo erakargarri negoziazio horietan irabazterako garaian?
Bizkaia oso lurralde erakargarria da, bai aisialdi-turismorako, bai negozio-turismorako. Eta, profesional askoren lanari esker, gero eta arrazoi gehiago dago guregana etortzeko.
Zein rol jokatzen dute turismoari loturiko bidaiek finantzazioari, trantsitoari eta abarri dagokionez?
Oporretako turismoa La Palomako bidaien %45 da, eta negozio-bidaiak, berriz, %34. Gainerakoek beste arrazoi batzuk dituzte.
Zergatik da zuentzat garrantzitsua negozio bidaien aldeko apustua egitea?
Bilboko Merkataritza Ganberak Bizkaiko enpresen interesak ordezkatzen ditu, eta lurraldearen garapen ekonomikoaren alde lan egiten dugu. Horretarako, ezinbestekoa da konektibitate ona izatea, gure enpresak atzerriarekin harremanak eduki ahal izateko.
Negozio bidaietan aldaketa sumatu duzue?
Pandemiak eragin zien, baina aurreko mailak berreskuratu eta hobetu ditugu.
"Europako hiriburu eta hiri adierazgarrienekin lotzen gaituzten ibilbideen maiztasunak konektatu, finkatu eta handitzea interesatzen zaigu"
Zein dira une honetan bereziki interesatu ahal zaizkizuen merkatuak?
Europako hiriburu eta hiri adierazgarrienekin lotzen gaituzten ibilbideen maiztasunak konektatu, finkatu eta handitzea interesatzen zaigu, baita HUB gisa funtzionatzen duten eta gainerako kontinenteekin konektatzeko aukera ematen diguten aireportuekin ere.
Etorkizunean, nora joango ahal gara Bilbotik zuzenean?
Dena aireportuaren hedapenaren araberakoa izango da, baina espero dut lurraldearen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko gure estrategian aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak diren puntu guztietara hegan egitea.