Itxaso Berrojalbiz eta Leixuri Arrizabalaga gaurko agerraldian | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

EKONOMIA

Inoizko diru kopuru handiena itzuli du Bizkaiko ogasunak 2023ko errenta kanpainan

Zergadunek PFEZaren 670.086 aitorpen aurkeztu dituzte, eta 557,6 milioi euro itzuli ditu lurraldeko ogasunak

Bizkaiko Foru Aldundiak 2023ko errenta kanpainaren inguruko datuen berri eman du gaur. Apirilaren 10etik ekainaren 28ra egindako kanpainan, PFEZaren 670.086 aitorpen aurkeztu dira, eta horietatik %75etan emaitza dirua itzultzea izan da. Hala, guztira, 557,6 milioi euro itzuli ditu Bizkaiko ogasunak.

Bestelako 166.445 aitorpen ere aurkeztu dira, eta 427,5 milioi euroko ekarpen ekonomikoa ekarri diote lurraldeko ogasunari. Kanpainaren saldo orokorra denera 130 milioi eurokoa izan da, 2022an baino 53,8 milioi euro gehiago.

Inoizko aitorpen kopuru handiena jaso du aurten Bizkaiko ogasunak, baita inoizko diru kopuru handiena itzuli ere. Itxaso Berrojalbiz ogasun diputatuaren esanetan, ogasunak datu ekonomikoak dituen pertsona guztiei aitorpen zirriborro bat bidaltzea, 2023an enplegu mailari eustea, aldundiak inflazioaren ondorioak arintzeko hartutako neurriak eta aitorpenaren zirriborroetan 1979a baino lehen lan mutualitateetan kotizatzen zuten pertsonek Gizarte Segurantzatik kobratzen zituzten erretiro edo ezintasun pentsioari buruzko murrizketak sartzea izan dira kopuru altuaren arrazoi nagusiak.

Zergadunek hiru aukera izan dituzte aitorpena aurkezteko: digitala, telefono bidezkoa eta aurrez aurrekoa. Hamar aurkezpenetatik zortzitan (%78) bide digitala aukeratu dute. Telefono bidezkoa %15,6k hartu du, eta bulegoetara, berriz, %6,4 gerturatu da.