Robusta eta Arabica dira kafea kontsumitzeko gehien ekoizten diren espeziak | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Inoizko gosaririk garestienak

Robusta espeziaren prezioak % 50 egin du gora 2024ean larrialdi klimatikoagatik. Azukrea eta kakaoa ere nabarmen garestitu dira azken urte honetan

Gure bizitzen errutinan etena egiteko baliatzen ditugu oporrak, geroz eta abiada biziagoan murgilduta dagoen egunerokotasunetik ihes egiteko. Goiz esnatu beharrik gabeko egunak dira oporrak, ohetik goxo-goxo altxatu eta gosari on batekin hasteko egunak. Kafea izaten da, kasu gehienetan, gosariaren osagai nagusietakoa. Kafearen bueltan egiten ditugu zenbaitetan hitzordu nagusiak: lagun artekoak, lanekoak edo, zergatik ez, egunari hasiera emateko unekoak. Dela lehen orduan, dela modan jarri den brunch moduan, kafea ezinbesteko osagaia dugu gosarietan.

Bada eguneroko kafe kikaratxoa garestitu berri zaigu, berriro ere. Robusta espeziaren alea, Afrikaren erdialdetik eta Asiako beste zenbait eremutan biltzen dena, % 167 garestitu da azken 15 urteetan. Gorakadarik nagusiena, baina, 2024an izaten ari da, bere prezioak % 50 gora egin duelarik. Espezierik mingotsena eta kontzentratuena da robusta, goi mailakoa toki askotan. Robusta eta Arabica dira kafea kontsumitzeko gehien ekoizten diren espeziak. Horrez gain, badira munduan beste kafe landare batzuk, ehundik gora. Arabicaren prezioak ere goranzko joera nabaria izan du azken hilabeteotan, % 60, 2023ko urritik eta % 15 2024an.

Nazioarteko merkatuetan negoziatzen da, beste lehengai askorekin batera, kafearen prezioa, futuroen merkatuetan. Lehengai batek etorkizunean izango duen prezioa negoziatzen dira finantza merkatu horietan, kotizazioetan egon litekeen hegazkortasuna saihesteko. Chicago, Londres edo New York dira horrelako lehengaien gaineko futuruak negoziatzeko merkaturik ezagunenak, eta sortzen duten negozio bolumena inoizko handiena da, egunean 2.250 milioi kikara kontsumitzen direlarik. Hala, kafearen merkatuak 100.000 milioi dolar baino gehiago mugitzen du urtero.

Kafearen merkatuak 100.000 milioi dolar baino gehiago mugitzen du urtero

Ez da beharrezkoa, hala ere, nazioarteko merkatuetara joatea kafearen prezioaren igoeraz jabetzeko. Gero eta zailagoa da Euskal Herriko kaleetan, hiriburuetan batez ere, kafesnea 1,60 € behera topatzea eta 1,80€ gero eta prezio normalagoa da.

Garestitze honen arrazoi nagusia larrialdi klimatikoa da. Berotze globalak eta euri faltak nekazaritzari bortizki eragin dio eta kafearena adibide bat baino ez da. Brasilgo Minas Gerais Arabica espezieko mundu osoko ekoizpen enpresarik nagusiena da, eta euri faltak bere plantazioak kolpatu ditu. Euriteak eta lehorteak muturrekoagoak bihurtu ditu aldaketa klimatikoak, tenperatura, hezetasuna eta argi baldintza oso bereziak dituen kafearen landaketa zailduz. Vietnam Robusta espezieko munduko beste produktore nagusietako bat da, batez ere kalitate baxuagoko ekoizleak hornitzen dituena. Uzta txarrek Vietnamgo esportazioak asko murriztu ditu, % 20 inguru, prezioan eraginez. Euri falta luzatzen bada litekeena da 2024rako ekoizpena beste % 10 murriztea.

Berotze globalak eta euri faltak nekazaritzari bortizki eragin dio eta kafearena adibide bat baino ez da. Brasilgo Minas Gerais Arabica espezieko mundu osoko ekoizpen enpresarik nagusiena da, eta euri faltak bere plantazioak kolpatu ditu

Hainbat analisi enpresek prezioak lausotzea aurreikusten badute ere, ICO Kafearen Munduko Erakundeak ez du horrela ikusten eta Robusta espeziaren prezioak altu jarraitzea espero du. Klima ez da prezioen gorakadan eragin duen aldagai bakarra. Asiatik garraiatutako kafearen garraioaren kostuak gora egin du Itsaso Gorriaren gatazkagatik, bidaia luzeagoak egitera behartuz.

Brasilgo kafe plantazio bat | Argazkia: iStock

Kakaoa eta azukrea ere gora

Kafea ez da gosaria garestitu digun produktu bakarra. Prezioaren zapore mingotsa lausotzeko, baina, ezin azukrerik erabili. 2023an azukrearen prezioak % 64 egin zuen gora Europako Batasunean. Kafearen kasuan bezala, aldaketa klimatikoak herrialde ekoizleak kolpatu ditu uztak murriztuz. Gorakada, baina, handiagoa izan liteke. Errusiako gerraren ondorioz, Europako Batasunak Ukrainako azukre inportazioen gaineko arantzelak merkatu ditu, bertako azukrearen prezioan beherantz eraginez. EBko Azukrearen Merkatuaren Behatokiak emandako datuen arabera, azken urtean Ukrainako azukrea inportazio guztien % 32 da. 2024ko prezioen bilakaerari dagokionez, azukrearen prezioaren jaitsiera azaldu du Behatokiak.

Prezioaren zapore mingotsa lausotzeko, baina, ezin azukrerik erabili. 2023an azukrearen prezioak % 64 egin zuen gora Europako Batasunean

Gosaltzeko kaferik beharrean, txokolatea aukeratzen badugu, fakturak ere gora egingo digu, kakaoa 1977tik preziorik altuenean dagoelako. Mendebaldeko Afrikako uzta txarrek futuruen merkatuetako kotizazioak kolpatu ditu, urte eta erdian prezioa hirukoiztuz. Duela 47 urteko errekorrak hautsi ditu kakaoaren prezioak, eta ekoizle nagusiak txokolatea garestitzen hasi dira. Gure herrietako gozotegi eta supermerkatuak bisitatzea baino ez dago prezioaren gorakadaz ohartzeko.

Aste Santuko opor hauetan, hortaz, garesti aterako zaigu oparo eta gozo gosaltzea. Badira bestelako alternatibak, ogi txigortua, esaterako. Alternatiba merkeagoa ere bada, zerealen prezioak % 1,1 baino ez duelako gora egin azken urtean. Ogiari oliba olioa botatzea, baina, beste kontu bat, %46,2 garestitu delako bere prezioa azken urtean Espainiar estatuan.

Gosariaz gain, aste santuko oporretako beste kutixi batez gozatu nahi badugu, txokolatezko pazko arrautzak, poltsikoa zaindu beharko dugu, kakoaren prezioak urrearen pare jarriko dituelako.