De Guindos, Lagarde eta Vasle, prentsaurrekoan sartzen | Argazkia: EBZ

EKONOMIA

Interes tasak beste 25 jaitsi ditu EBZk

Jaitsierarekin %3,25 puntutan kokatu dira

Aurreikusitakoari eutsi dio Europako Banku Zentralak. Cristine Lagardek zuzentzen duen erakundeak 25 puntuko beherakada iragarri du interes tasetan. Hala, %3,25en kokatu da erreferentziazko tasa, alegia, gordailuetarako erabili ohi dena. Aipatzekoa da irailaren 18tik dela erreferentziazko tasa gordailuena, entitate finantzarioek jasoko duten interesa finkatuz. Lehen pisu handiagoa zuen MROak, berfinantzaziorako operazio nagusirako erabili ohi zenak. Azken hori %3,4an utzi du banku zentralak, eta mailegurako erraztasuna %3,65ean.

Iraileko bide beretik jo du, beraz, EBZk, eta euroguneko inflazioa %2ko langatik behera —%1,7an— kokatu izanak zerikusi handia izan du erabakian. 2021eko martxotik ez zen hain zifra baxuetan egon. Hala ere, entitateak aurreikusten du urte amaieran apur bat gora egin dezakeela, berriro ere %2ko helburura jaisteko 2025ean zehar. Hori hala izanik ere, inflazioaren bilakaerak bete-betean eragingo du politika monetarioan hartzen diren erabakietan.

Interes tasen beherakadarekin, euriborrak ere beheranzko bideari eutsiko dio. Urrikoan, batez beste, %2,756n dago, eta gaurkoa zehazki %2,717an kokatu da. Urtebete igaro da harrezkero goia jo zuenetik. 2023ko urrian %4,16an kokatzen zen.