Ioritz Madariaga Goiri

Kultura

Ioritz Madariaga Goiri: "Musikak ekonomiaz asko du"

Behotsik orkestrako zuzendari teknikoaren ustez, musika proiektu bat kolektibo bilakatzen den une beretik ekonomia ezinbestekoa da, besteak beste hura jasangarria izateko

Bilboko Behotsik orkestrak hamar urteko ibilbidea ospatuko du larunbatean, Euskaldunako auditorioan egingo duen kontzertu berezi batean, Behotsik: 10 urte, hamaika lagun izenburupean. 15 eta 30 urte bitarteko gazteek osatzen dute, musikan profesionalki aritzen ez direnak, baina kontserbatorioko ikasketak egin dituztenak edo egiten ari direnak. Orkestrako zuzendari teknikoa da Ioritz Madariaga Goiri, eta arlo artistikoaz harago dagoenaz arduratzen da. Behotsiki, baina, bere denbora librea eskaintzen dio. Izan ere, bere ogibidea ekonomiari eta finantzei dago lotuta, energia berriztagarrien sektorean diharduelako atzerriko dibisen arriskua kudeatzeko aholkulari lanetan. Hamargarren urteurrenaren aitzakian, ekonomia eta musikaren arteko loturaz, egungo testuinguruaz eta halako orkestra batek kudeatzeak dakarrenaz aritu da EnpresaBIDEArekin.

Zenbat du musikak ekonomiatik?

Musikak ekonomiaz asko du, eta batez ere Behotsik bezalako elkarte baten testuinguruan. Horrelako proiektu batek bizirauteko dirua ezinbestekoa da, eta dirua jarduera ekonomikotik dator. Ez da zerutik eroriko. Proiektuak egin behar dira, horren bidez bizirauteko.

Era berean, musika barnean daramagun zerbait da. Proiektu indibidual bezala, ez dauka hainbeste ekonomiatik. Azken batean, gustatzen zaizulako egin dezakezulako, eta kito. Baina proiektu kolektibo bilakatzen denean, jasangarria behar du izan, proiektuak biziraun dezan. Eta nik uste dut hor ekonomiak baduela bere papera. Ez du balio musu-truk egitea.

Eta zenbat ekonomiak musikatik?

Askotan ekonomia orkestra bat bezalakoa dela. Uste dugu denok independenteak garela, eta ondokoek egiten dutena ez duela eraginik gugan. Baina ondokoak egiten duena gure jardunean eragiten du. Orkestra bat aurrera ateratzeko denon arteko elkarlana behar den bezala, ekonomian ere denon arteko elkarlana behar da hazkunde ekonomikorako, edo helburu ekonomikoak lortzeko.

"Orkestra bat aurrera ateratzeko denon arteko elkarlana behar den bezala, ekonomian ere denon arteko elkarlana behar da hazkunde ekonomikorako"

Egungo testuingurua islatzen duen musika piezarik datorkizu burura?

Ni oso Beethoven zalea naiz, beraz, Beethovenen eremura eramango nuke. Bere hirugarren sinfonian, Eroican, badu tronpen solo bat, asko gustatzen zaidana. Beharbada, gaurko egungo egoera, eta Behotsiken papera testuinguru horretan Eroicarekin lotu dezakegu. Izan ere, egiten duguna pixka bat heroikoa ere bada, gure baliabide xumeekin egiten duguna oso handia delako.

Ulertzeko: hamargarren urteurreneko kontzertua emateko finantzazioa lortu dugu, besteak beste Bilboko Udaleko Kultura sailetik eta Laboral Kutxatik. Gure urteroko aurrekontuak baino sei aldiz gehiago lortu dugu, hau da, gure sei urteko aurrekontuen adinako kopurua bildu dugu. Enpresa munduan, askotan, hedabide ekonomikoetan-eta jaso ohi da start-up batek edo kotizatzen duen enpresa batek lortu duela ixtea hainbat milioi euroko finantzazio erronda bat. Demagun Ibex35eko enpresa batek finantzazio erronda bat ixten duela bere sei urteko gastuen adinakoa proiektu bat egiteko. Eskala horretara aplikatuta, milaka milioi eurori buruz arituko ginateke. Horregatik uste dut balioan jarri behar dela egiten duguna, noski, eskala txiki baten. Baina sei aldiz gehiago lortzea, eromena da. Eta Beethovenen Eroicarekin lotuta, uste dut pixka bat heroikoa ere badela.

Argazkia: Behotsik orkestra

Nola definituko zenuke Behotsik?

Nik definitzen dut enpresaren eta militantzia politikoaren arteko nahasketa bezala. Batetik, badu enpresaz, azken batean kudeaketa zorrotza egin behar dugulako gauzak ondo ateratzeko eta hazkundea bermatzeko, diru sarrera oso mugatuak direnez eta kostuak etengabe hasten direnez gero. Bestetik, badu militantzia politikoaz, dena egiten baita musu-truk. Kide bakoitzak bere denbora librea eskaintzen dio proiektuari, eta konpromiso horri esker ateratzen da aurrera.

"Nik definitzen dut enpresaren eta militantzia politikoaren arteko nahasketa bezala. Badu enpresaz, azken batean kudeaketa zorrotza egin behar dugulako gauzak ondo ateratzeko eta hazkundea bermatzeko"

Zuzendari teknikoa zara. Nolakoa da halako orkestra kudeatzea?

Orkestrak badu berezitasun bat: egitura asanblearioa du. Erabaki guztiak asanbladan hartzen dira. Hau ez da orkestra bat non zuzendaria datorren eta bere errepertorioa inposatzen duen; errepertorioa denon artean proposatzen da, eta musikariek beraiek bozkatzen dute. Kudeaketa aldetik, horrek baditu abantaila batzuk, baina baditu bere erronkak ere. Proiektuak aurrera atera daitezen, gauzak ondo planteatu behar dira eta ondo 'saldu' barnean, kontuan izan behar delako asanbladak onartu behar dituela. Beraz, kudeaketa nahiko kuriosoa da.

Nire kasuan, zuzendari teknikoa naizenez gero, nire lan edo jarduera da entsegu eta kontzertuetatik harago dagoen guztia, artistikoa ez den guztia. Bestela esanda, harreman publikoak eta prentsa, finantzazioa bilatzea, eta alde teknikoa kudeatu eta antolatzea. Baina talde bat gara, eta oso indartsua gainera: sare sozialetako arduraduna, diruzaina... Ni oso pozik nago ondoan dudan taldearekin.

Erronka izaten da halako orkestra batentzat finantzazioa lortzea?

Bai. Hori da urteroko erronka, eta zailtasun handiena, nire ustez. Gure diru sarrera finkoak gure bazkideen kuotak dira. Ez dugu urtero jasotzen dugun dirulaguntza finkorik. Beraz, egonkortasun ekonomikoa da erronkarik handiena, bai. Azkenean, elkarteari gihar finantzarioa eman behar diogu horren bidez hazkundea ahalbidetu edo errazteko. Eta gaur egun, esan bezala, ez dugu dirulaguntza finko ez publiko, ez pribaturik. Hamar zenbaki borobila izanik, horrek ahalbidetzen du begirada atzera botatzea eta balantzea egitea. Niretzat, etorkizunera begira, egonkortasun ekonomikoa lortzea da helburu garrantzitsu bat, gure diru sarrera finkoak handitzea, alor publiko zein pribatutik etorritakoak, eta horri lotuta, kudeaketaren profesionalizazioa. Azken batean, hamar urte hauetan gure denbora librean gure onena ematen saiatu gara, baina, nire ustez, proiektuak aurrera egin dezan, aldaketak beharrezkoak dira. Litekeena da ona izatea pertsona talde txiki bat edukitzea bere denbora librea baino gehiago eskaintzen diona proiektuari, salto kualitatiboa emateko, eta diru sarrera horiek egonkortzeko.

"Niretzat, etorkizunera begira, egonkortasun ekonomikoa lortzea da helburu garrantzitsu bat, gure diru sarrera finkoak handitzea, eta horri lotuta, kudeaketaren profesionalizazioa"

Hamargarren urteurrena ospatuko duzue larunbatean, kontzertu berezia eskainiz. Nola bizi duzue?

Ilusio handiz. Izatez, hamar urteak 2021ean izan ziren, abuztuan. Baina COVID-19aren kontuarekin, eta pandemiaren ondorioengatik atzeratu behar izan dugu ospakizuna. Ofizialki aurtengo denboraldia hamargarrena izan denez, erabaki genuen denboraldi honen bukaeran egitea ospakizuna. Gogotsu, eta ilusio handiz gaude, duela bi urte hasi ginelako hamargarren urteurreneko emanaldia prestatzen. Era berean, bertigo apur bat ere sentitzen dugu. Gu orkestra xumea gara, gazteok osatutakoa, eta Euskaldunako auditorioan jotzea erronka handia da. Lehen aldia da auditorioan joko dugula. Beraz, erantzukizunez, baina urduritasun puntu batekin ere bagaude. Sanoa dela ere uste dut.