Irakaskuntza pribatura bideratutako gastua %15,1 handitu da
Eustaten arabera, 2023an 1.407 milioi euro erabili ziren Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza pribatuko sarean
Eustaten arabera, 2023an EAEko irakaskuntza pribatuko sarea osatzen duten ikastetxeen guztiko gastua 1.407 eurokoa izan zen, 2021ean baino %15,1 gehiago. Sektorearen gastu osoaren zatirik handiena (%85) unibertsitatearen aurreko mailetako ikastetxeetan bildu zen. Unibertsitateetara gastu osoaren %13 bideratu zen, eta %2 arte ikasketetara.
Ikasle bakoitzeko irakaskuntza-kostua 5.585 eurokoa izan zen, 2021ean baino %7,3 gehiago. Hezkuntza mailak kontuan hartuta, ikasle bakoitzeko irakaskuntzaren kostua 5.221 eurokoa izan zen Haur Hezkuntzan, 5.060 eurokoa Lehen Hezkuntzan, 6.129 eurokoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 6.042 eurokoa Batxilergoan, 6.169 eurokoa Lanbide Heziketan eta 1.916 eurokoa helduen hezkuntzan.
Bestalde, unibertsitatean, ikasle bakoitzeko gastua 7.950 eurokoa izan zen, eta arte arloko irakaskuntzan 1.916 eurokoa.
Diru-sarrerei dagokienez, zentro pribatuen guztizko sarrera 1.410 milioi eurokoa izan zen; horietatik % 99,3 sarrera arruntei zegozkien eta gainerako % 0,7 kapital-sarrerei. Dirulaguntza publikoak dira sarrera arruntaren iturri nagusia (%62,9), eta partaidetza hori ehuneko 1,1 puntu jaitsi da 2021aren aldean; ondoren kuotak datoz, sarrera arrunten %34,1.