Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

EKONOMIA

Itziar Agirre izango da Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu berria

Zuzenbidean lizentziatua da Agirre, eta orain arte Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuorde izan da

Itziar Agirre Berriotxoa (Urretxu, 1975) izango da Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu berria. Bihar sartuko da indarrean izendapena, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero, eta Jokin Peronaren lekukoa hartuko du, honen ezusteko heriotzaren ostean.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren arabera, Agirre foru gobernuan sartzeak erakundeari aukera ematen dio zergen eta finantzen arloan irmotasun osoz lan egiten jarraitzeko, eta azpimarratu du fitxaketa “ezin hobea” dela, “ahalik eta talde onena osatzen duena”.

Agirre Zuzenbidean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean. Zuzenbide juridiko-ekonomikoan espezializatua, UNEDeko Giza Baliabideen Zuzendaritzan Unibertsitateko aditu titulua du, baita Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren eta Mondragon Unibertsitatearen masterra (MBA Executive) ere.

2017tik 2024ko uztailera bitartean Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko sailburuordea izan da, eta 2013 eta 2017 artean Ogasun eta Finantza Saileko Zerga Administrazioko zuzendaria. Era berean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide izan da 2007 eta 2013 artean, eta Urretxuko udaleko zinegotzi ere bai 2003tik.