Argazkia: iStock

EKONOMIA

Izozkien merkatua bero-bero

Azken urtean kontsumoak apur bat behera egin badu ere, sektoreko diru-sarrerak %12 handitu dira. Apirila eta iraila artean saltzen dira izozki guztien %80 baino gehiago

Izozkien sektorea bero-bero dagoela dirudi. Euskal Herriko hiri eta herrietan izozki denda berriak zabaltzea ohikoa bilakatu da, eta zapore berriak sortu eta sortu dabil merkatua. Horren erakusle, sektoreko diru-sarrerak %12,2 igo dira azken urtean Espainiako estatuan. Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Ministerioaren arabera, 140 milioi litro izozki kontsumitu dira 2023ko ekaina eta 2024ko maiatzaren artean, urtebete lehenago baino %0,6 gutxiago. Kontsumoa apur bat jaitsi da, eta salmentek gora egin dute, izan ere, izozkiaren prezioak %12 egin du gora azken hilabeteetan.

2023ko ekainetik 2024ko maiatzera bitartean, pertsona bakoitzak hiru litro izozki kontsumitu ditu batez beste, urtebete lehenago baino %1,6 gutxiago. 13,94 euroko litzateke per capita gastua, hots, %11ko igoera, eta modu honetara, izozkiaren batez besteko prezio litroko 4,63an kokatu da, hau da, arestian aipatutako %12ko igoera izan du prezioak urtebetean.

Munduko bazter guztietan

Merkatu sendoa da izozkiarena. Mundu mailan, 2024an, 100 mila milioi euro baino gehiago mugituko dituela diote adituek, eta 2016an, 50 mila milioitan zegoen baloratuta merkatua. Era berean, Fortune Business Insights etxearen arabera, 2021ean 71 mila milioi dolarreko diru-sarrerak izan zituen sektoreak mundu osoan. Izokiaren sektorean liderra den SIGEP azoka italiarrak eskainitako azken datuen arabera, 2023an, 2.200 milioi izozki saldu ziren soilik Italian, Espainian, Frantzian, Alemanian eta Erresuma Batuan.

Fortune Business Insights etxearen arabera, 2021ean 71 mila milioi dolarreko diru-sarrerak izan zituen sektoreak mundu osoan

Halaber, Alemania, Frantzia eta Italia dira Europan izozkiaren merkatu nagusienak. Eurostaten arabera, 2021ean, 3.100 milioi litro ekoiztu ziren Europako Batasunean, eta aipatutako hiru herrialdeak izan ziren ekoizle handienak. Zehazki, Alemaniak 614 milioi litro ekoiztu zituen, Frantziak 459 eta Italiak 381. Laugarren postuan aurkitzen zen Espainia, 320 litro izozki ekoiztuta.

Estatu Batuetan ere inpaktu handiko sektorea da. Zehazki, 13,1 milioi euroko eragina du herrialdeko ekonomian, IDFA International Diary Foods Association elkartearen arabera.

Edozein zapore bilakatu da izozki

Kontsumo “estazionala” du izozkiak, saldutako guztikoaren %80 baino gehiago apirila eta iraila artean ematen baita. Izozki denda txiki eta hondartzako postu ugari badira ere, kontsumitzaileek supermerkatuetan erosten dute gehienbat. Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Ministerioak azaldu duenez, izozki litroen %65 erosten da saltoki handietan. Gainera, produktuaren prezio altuena betiko denda tradizionaletan aurkitzen da, 7,7 euro litroko, hain zuzen. Bestelako saltokietan prezioa litroko 4,30 euroan dago gutxi gorabehera.

Gazteak eta seme-alabarik ez duten bikoteak dira izozki gehien kontsumitzen dutenak. Hauek 5 litro kontsumitzen dituzte batez beste urtean

Kontsumitzaileei dagokienez, gazteak eta seme-alabarik ez duten bikoteak dira izozki gehien kontsumitzen dutenak. Hauek 5 litro kontsumitzen dituzte batez beste, seme-alabak dituzten familiek, aldiz, 1,87 litro kontsumitzen dute, 3ko batez bestekotik oso urrun.

Zapore gozoko izozkiak (txokolatea edota bainila) gogokoenak izaten jarraitzen badute ere, azukre gutxiagoko zaporeen aldeko joera handitu da merkatuan azken urteotan. Orain gutxi imajina ezin zitezkeen zaporeak aurki ditzakegu egun gure hiriko dendetan, besteak beste, pizza, urdaiazpikoa edota garagardo zaporekoak dira azken nobedadeak. Betiko zaporeekiko leialtasunak zein zapore berriak dastatzeko kuriositateak izozkien merkatua bero mantenduko seguru.