Juan Mari Aburto, Anton Arriola eta Arantxa Tapia | Argazkia: Kutxabank

EKONOMIA

Jasangarritasuna indartzeko arloa zabaldu du Kutxabankek

Kutxabank Eragin izena izango du eta dagoeneko 25 proiektu martxan jarri dituztela jakinarazi du finantza erakundeak

Jasangarritasunari buruzko egitasmoak gauzatzeko, Kutxabank Eragin izeneko sail berria eratu du Kutxabankek. Egoitza propioa izango du arloak, eta finantza erakundeak jakinarazi duenez, jada 25 egitasmo baino gehiago martxan jarri dituzte.

Fernando Lopez de Eguiluzek zuzenduko du jasangarritasun arloa. Egoitza gaur ireki dute ofizialki, Bilboko Poza Lizentziatuaren kaleko 3. zenbakian, eta bertan izan dira Anton Arriola Kutxabankeko presidentea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua.

Kutxabanken arlo honek bost esparru bilduko ditu bere jardueran: ingurunearen gizarte-garapena, ingurumenaren zaintza, finantzaketa jasangarria, finantza-prestakuntza eta hustutako lurraldeak.

“Gure prozesu guztietan jasangarritasuna sustatzeko lan egin behar dugu, gure gizarte-ingurunean ahalik eta eraginik handiena izan dezan. Ekintza jasangarriak ezarri dizkiogu helburu geure buruari, eta, horretarako, sustatu, finantzatu eta, zergatik ez, lehenetsi egin behar ditugu. Iraunkortasun edo jasangarritasunaren bidean elkarrekin hobetzen lagundu behar diegu gure hornitzaile, bezero partikular eta enpresei”, nabarmendu du Lopez de Eguilazek.