Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatua hil da, auto batek harrapatuta
Istripua Espainiako Peleas de Abajo herrian gertatu da, Zamoran, semearekin bizikletaz zihoala
Jokin Perona Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua zendu da da bart gauean, Zamorako Peleas de Abajo herrian bizikletan zebilela bere semearekin, auto batek harrapatuta. 21:15 jazo da ezbeharra, eta autoak 10 urteko semea ere jo badu, onik dago mutikoa. Guardia Zibilak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.
Orion jaioa, 46 urte zituen Peronak. Enpresen zuzendaritzan lizentziatua zen eta 2015ean sartu zen Gipuzkoako Foru Aldundian, Ogasuneko zuzendari nagusi izateko. 2020an, Ogasun eta Finantza diputatu izendatu zuten.
Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak doluminak eman dizkio Peronaren familiari. "Egunero bere onena ematen zuen zerbitzari publiko handi bat zen, beti ere energiaz, positibotasunez eta indarrez", adierazi du. Peronak egindako ekarpenen artean, Ticket Bai sistemaren ezarpena, mutualistei berriki egindako itzulketak eta datozen hilabeteetan jorratuko den erreforma fiskala prestatzeko lanak aipatu ditu Mendozak. "Ezin gara eskertuago egon profesional bikain eta pertsona ezin hobe honekin elkar hartuta lan egiteko aukera izan dugulako", gehitu du.