Joxerra Bengoetxea: "EHUk euskal gizarteari egin diezaiokeen ekarpena bistaratzen hasi nahi dugu"
EHUko errektoretza hauteskundeak irabazi zituen pasa den azaroan Joxerramon Bengoetxeak (Irun, Gipuzkoa, 1963), Euskal Herriko unibertsitate publikoan norabide aldaketa emanez. Errektore izango da datozen sei urteetan, eta 2025ean norabide berriaren "premiazko" lehen aldaketak egiteari ekingo dio bere lantaldeak. Uste du egoera ekonomikoa egokia izan daitekeela unibertsitate publikoarentzat.
Zein da 2024ko albiste ekonomiko garrantzitsuena, unibertsitate-hezkuntza ikuspegitik? Zergatik?
Galdera zaila. Beharbada, kontutan hartuta Alemaniarekiko mendekotasuna eta gure egituran industriak oraindik duen zentralitatea, portaera makroekonomikoa (hazkundea, enplegua, defizit murriztea, zerga-bilketa, zorpetzearen jaitsiera) esango nuke. Horri gehitzen badiogu Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (USLO) aurreikusten duen Barne Produktu Gordinaren gutxienez %1 gastatzearen helburua, eta Jaurlaritzak finantzazioa hobetzeko hartu duen konpromisoa, koiuntura egokia diseinatzen da unibertsitate publikoarentzat.
2025era begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenu, zein nahiko zenuke titularra edo albistea izatea?
Datu horiek, makroekonomian joera baikorra erakusten dutenak, pertsonen eguneroko bizitzan isla dutela, denontzako bizitza baldintza duinak ziurtatzea, eta jendartean ikusten diren desberdintasun sozioekonomikoak gutxitzen joatea.
Nola ikusten duzu 2025a, unibertsitateari dagokionez?
Erronkaz eta ilusioz beterik. Finantzazioa hobetu beharra, lan baldintza eta soldata duinak bermatzea, instalazioetan dauden beharrak konpontzea, punta-puntako ikerketa egin ahal izateko baliabide tekniko eta pertsonalak hobetzea; helburu horiek pixkanaka betetzen joan nahi dugu. EHUk euskal gizarteari egin diezaiokeen ekarpena bistaratzen hasi eta kanpusetan unibertsitate bizitza kulturala berpiztu.
"2025an abiapuntuko urtea besterik ez da, bizpahiru urteren buruan lehenbiziko emaitza estrategikoak ikusi ahal izatea espero dugu"
Hauteskundeak irabazita, erronka du orain zure lidergopeko lantaldeak unibertsitatean. Zuen programak bost ardatz ditu, eta ardatz horietako batzuetan zeuden ekintzak ziren, besteak beste, egutegia eta matrikula tasak berraztertzeko konpromisoa, ikerketaren finantzazioa egonkortzeko eta ikerketaren kudeaketan diharduten administrazioko langileen kopurua handitzeko asmoa... 2025 ekintza horiei heltzeko urtea izango da ala denbora beharko du oraindik lantaldeak ekintza horietara iristeko? Nola planteatzen ari zarete ibilbidea?
Oso ondo laburbildu duzu. Helburu horiek guztiak lortze aldera, 2025an, kargua hartzen dugunean, gure ekintzak eta plangintza zehatzak diseinatzen eta, ondoren, egikaritzen hasi behar dugu. Horretarako ondo neurtu behar dugu nolako diru-kutxa izango dugun, ogasunaren azterketa sakona eginez. Faltan dugun finantzazioa identifikatu behar da ondoren, eta hori eskatu dagokion erakunde edo organoetan. Euskal Unibertsitate Sistemaren legea berraztertzen denean, gure ikuspegia modu argian azaldu behar dugu eta gizarteratu. Unibertsitate publikoak bere helburuak betetzeko beharko duen lantaldea adostu eta horretarako behar dituen tresnak zehaztu behar ditugu. 2025an abiapuntuko urtea besterik ez da, bizpahiru urteren buruan lehenbiziko emaitza estrategikoak ikusi ahal izatea espero dugu. Premiazko neurriak, aldiz, lehen urtetan bideratuta uztea aurreikusten dugu. Denon artean lor dezakegu.