Kaixo Goierri! egitasmoa aurkeztu du Bidari taldeak
Eskualdeko negozio txikiak babestea du helburu kanpainak. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia Goiekiren egoitzan
Goierriko tokiko merkataritza sustatzeko asmoz sortu zen Bidari taldea 2023ko martxoan, eta Kaixo Goierri! izeneko lehen kanpaina aurkeztu zuten atzo Goieki Goierriko Garapen Agentziaren egoitzan. Eskualdeko komertzioei ikusgarritasuna ematea du helburu egitasmoak, eta bertan kontsumitzeko deia egin nahi izan diote herritarrei. Hala, Goierriko dendarien, ostalarien eta zerbitzuetako gainerako langileen “gertutasuna, konfiantza eta alaitasuna” islatu nahi du lehen kanpainak.
“Eskualdeko bizitasunaren erantzule dira Goierriko merkatariak. Gure eskualdean 5.200 familia bizi dira Goierriko negozio txikietatik”, azaldu dute Bidari taldeko ordezkariek. Era berean, Goierriko negozioak babestea herritarren ardura dela azpimarratu dute, “tokiko saltoki horiek galtzeak gure udalerrietako paisaia eta jarduerak pobretzea ekarri baitezake”.
Eskualdeko udal, merkataritza talde eta merkatariekin elkarlanean ondu du kanpaina Bidarik. Gainera, honen inguruko informazio guzti jasotzeko web orria ere sortu dute: kaixogoierri.eus. Bertan ikus daiteke kanpainaren aurkezpen bideoa non Goierriko hainbat negozio azaltzen diren, hala nola, Idiazabalgo Alkizal Inmobiliaria, Lazkaoko SM Sport Nutrition, Beasaingo Gertu Aholkularitza edota Ordiziako Arantxa Lentzeria Mertzeria.